Musika

Urko Ansa

2019.04.03

Urko Ansa

Kronika: Urtz (Bilborock, 2019/03/22)

Esan eta egin: Urtz taldeak disko berria kaleratu eta zuzenekoetara jauzi egin du, bost urte lozorroan egon ondoren. Orduan, jatorrizko partaideekin itzulera bira eta diskoa egin zuten. Hau da, beraz, taldearen bigarren itzulera, baina oraingoan Xabi Camarero da jatorrizko partaide bakarra. Itzulera berri honen aurretik Zabaldu ateak diskoa argitaratu izana oso garrantzitsua da. Xabierrek ez du beste hainbatek bezala egin, eta benetakoa, gaurkoa den eskaintza luzatu digu. Lan berriaren aurkezpen prentsaurrekoa egin ondoren, lehen kontzertua Bilborocken izateak badu zentzua. Nork ez du gogoratzen bertan Urtzen garai onenaren agurra grabatu zutenekoa, DVD eta guzti? Oraingoan musikari berriak dauzka, denak bizkaitarrak, eta disko berriari emandako errepaso zabala kontuan hartuz gero, apustuak bazeuzkan bere arriskuak, eta ez nolanahikoak. Bestalde, gonbidaturik egongo ote zen ere pentsatu genuen hainbatek. Badakizue, Alex Sarduik kolaborazioa egin duen kanta horretan oholtzara salto egin zezakeenaren susmoa edo esperantza bagenuen, baina ez zen taldeko ez zen beste inor igo, eta “Aurpegi hori” kanta ez zuten jo ere egin.

Urtz Bilborock 1

Urtzek disko eta formazio berriak estreinatu zituen Bilborock aretoan (www.musikota.com)

Aretoa ez zen bete, eta horrek triste jarri ninduen talde honek hori eta askoz ere gehiago merezi baitu. Baina ez dut uste kontzertuaren amaieran inortxo ere etortzeaz damutu zenik. Lan berriari ekin zioten hasiera-hasieratik, “Ulertu nuen”, “Agur esan baino lehen” eta “No te vayas todavía” abestiekin. Hasiera ez zen erraza izan, jendeak kanta berriak ezagutzen ez zituela zirudien, baina Xabi oso forma onean eta gogotsu nabaritu genuen, eta hirugarren kanta horretan ikuslegoa kantaren erritmora txalo zartak jotzen jarri zuen bederen.

Haatik, “Iragana hil baino lehen” sekulako lehertzea izan zen. Sarrera mitiko luze hori, “tren geltoki zaharrean zai nago…”, amaitzean, Ander Hurtado de Saratxoren bateria kanoi baten moduan sartu zen eta katarsia berehalakoa izan zen. Atabalak, diskoan bezala, oso indartsu eta altu entzuten ziren, batez ere kaxa, eta aparteko indarra eman zion emanaldi osoari. Bera da musikari berrien artean “ezagun” bakarra, Korrontzi taldeko atabal jotzailea ere baita, eta aparteko segurtasuna eta boterea eman dio talde osoari. Kanta honetxek berak daukan baxu solo motz horretan Jorge Sanchezek zer-nolako estiloa eta atrebentzia daukan ohartu ginen denok. Pauso bat aurrera ematen duen horietakoa da, lehen lerroan beldurrik gabe poseak egiten jarduten dakien horietakoa, baina nahi duenean bi pauso atzera eman eta bere tokian egoten ere badakiena. Bost sokako baxuarekin aritu zen, gure harridurarako.

“Hautsa astinduz”, aurrekoa bezala izen bereko diskokoa, bizigarria izan zen dudarik gabe. Gitarra soloan berriz ere argi geratu zen Dani Vicenteren instrumentua ez zela %100ean ondo entzuten. Kontzertu osoan hala jarraituko zuen, baina Danik bere abilezia eta pose dotorea taula gainean adierazi zituen. Soinu apur bat hobearekin perfektua izango zen. “Marinero”, duela bost urteko itzulera haren ordezkari bakarra, izan zen hurrengoa. Emanaldiak gora eta behera egin zuen hainbatetan, kanta eder baina batzuentzat ezezagun honekin bezala, baina hori aldez aurretik jakina zela esango nuke, are gehiago abesti berriei hainbeste presentzia emango bazaie.

“Kanta honen hitzak Iñaki Lazkanok egin zizkigun, eta Federico García Lorcak pasa zigun errepika”, esanez aurkeztu zuen Xabik “Boulevardeko erlojua (la noche no quiere venir)”, bere garaian nahiko arrakasta izan zuen alea. Honez gero, komentarioren bat edo beste entzuna nuen “No te vayas todavía” kantari buruz, zenbaitzuk harriduraz hartu baitute zati batzuek —are gehiago, izenburua bera— gazteleraz izatea, baina hori jada “Boulevardeko erlojua” eta “Marinero”-rekin ere egina zeukaten lehenago. Kontzertuaren lehen zazpi kantetan jada hiru horiek entzun genituen, eta hainbati —ni neu barne— arraro egiten zaien arren, ohitzen joan beharko dugulakoan nago. Badago, zentzu horretan, datu itxuraz esanguratsu bat: Urtzen estudioko azken hiru diskoek badaukate, bakoitzak, gaztelerazko (edo gaztelera eta euskara nahasten diren) kantu bat.

Urtz Bilborock 3

Jorge Sanchez eta Dani Vicente teknikoki perfektuak eta karismatikoak dira. (www.musikota.com)

Lan berriko “Zabaldu ateak” beste kalitatezko kanta bat den arren, ez zen oso arrakastatsua suertatu, nahiz eta dagoeneko Bilborockeko giroa dezente animatzen hasia zen. “Oh, lur!” eztanda izugarria izan zen: sarrera akustikoaren ondoren, Xabik “Oh lur! Irents nazazu” oihukatu eta gero sartzen dira gitarra heavyak, distortsioa eta martxa geldiezina. Ikuskizuna apartekoa da: gitarra bikiak –Iron Maidenen estilora bikoiztuak—, Xabi eta Dani bata bestearen aurrean punteatzen… Heavy metal erakustaldi horiek bertaratu ginen metalero apurren momenturik gozoenetakoak izan ziren. Kanta hau eta beste lauzpabostetan noski. Amaierako Xabiren oihuak esku-zarta polita jaso zuen, eta dena emateko prest zegoen publikoa  —bertaratutakoen zati bat, alegia— gudarako prest eta jada gori-gorian zegoela nabaritu zen. “Haur sentitzen zareten guztiontzat” bota zuen Xabik “Negua datorrenean” aurkezteko. Sarrera osoa egin zuten, umearen imitazioa barne, eta gitarrak topera eta ahotsa tonu altu inposible haien bilaketan apur bat baxuago baina aski airoso nabaritu genuen. Berriro ere Anderren bateria itzelezko potentziarekin entzun zitekeen, eta ikuslegoa gozatzen.

Aurrez grabatutako piano batek nota zoragarri haiek markatu zituen, Urtzen balada heavy mitiko hura aurkezteko: “Maite dut”, gure rock-and-rollean egin den onenetariko bat, zalantzarik gabe. Kantak berak sorpresa sortzen duen egitura dauka: hasiera pausatu horrek teklak ez ezik akordeoia ere baitauka, eta sarrera aski luzea baita. Gitarren distortsioa eta atabalek errukirik gabe zigortzen dute ondoren, eta garapena, geldialdia, crescendoa eta katarsia ezin hobeki markatzen da gero, power ballad klasikoen gisara. Berriz ere heavyentzako paradisua izan zen, baina era berean (eta hori da Urtz, Su Ta Gar, Idi Bihotz eta beste hainbaten merituetako bat) publiko guztientzako erakargarriak diren beste hainbat elementuz hornitutakoa. Bilborockeko kupula zoragarria ikus genezakeen gure gainean, hain ederra, hain ondo argiztatuta, oholtza bera bezala. Eta soinua, batez ere hasieran hain altu eta boteretsua… Apur bat indartsuegia, akaso.

Zaila izango zen, bai horixe, aurreko hiru kantek sortutako giroa mantentzea, bai behintzat “Aingeru” bezalako kanta batekin, ez bere kalitate faltagatik baina. Beste kanta berri bat, “Eguzkitan bero” (harrera nahiko ona eduki zuena), eta “Xoxoak beleari ipurbeltz” lehergarri eta boteretsuarekin agurtu gintuzten. Hura bai egurra sartzea: koru bikainak, gitarra soloa, Xabiren nota altuak… Gorenean utzi zuten.

Laster itzuli zen laukotea. Xabi, Dani eta Ander eserita, baina Jorge zutik zela ekin zioten, erdian lanpara bat jarrita, eta Xabik eta Danik gitarra akustikoak eskuetan zituztela. “Bizitzarekin dantzan” kantua aurkeztean, hain zuzen ere duela 16 urte hementxe bertan kantu honekin amaitu zutela gogorarazi zigun Camarerok. Segidan, disko berriko “Argia” balada jotzen ari zirela berriz ere oholtza atzeko pantaila argitu zen, eta lehenago bezala, disko berriaren azala ikusi genuen bertan. Bi kanta hauek jota berriz erretiratu ziren.

Eta disko berriko beste kanta batekin (beste bat, zazpigarrena!) jauzi egin zuten, jendearen eskakizunari erantzunez. “Ez gaitu inork geldituko” indartsuak asmo-deklarazioa izaten jarraitzen du 18 urte beranduago, baina kuriosoa da hain justu 2001ean kanta hori argitaratu eta handik gutxira (2003an) taldea banandu izana. Dena den, gaurkotasuna guztiz berreskuratu zuen 2013-2014an eta, berriro ere, 2019 honetan. “Kaixo” aukeratu zuten azken agurra emateko. Ikuslegoa aztoratuta (lehen lerroetan behintzat, nahiz eta leku asko libre egon), Xabi harekin eta oihartzunekin jolasten (berak “Kaixo”, “Zelan?”, guk “ondo” e.a.), gu denok makurrarazi eta berriro zutik jarri, eta frontman karismatikoaren paperean gozatzen… Xabik Bittor Argüelles eta Asier Arozena taldekide ohiak aretoan zeudela gogorarazi zigun eta oholtzatik agurtu zituen. Amaiera benetan hunkigarria beraz, eta errepertorio hautaketa, gutxien-gutxienez ausarta.

Urtz Bilborock 2

Kontzertu hunkigarria eta goitik behera mimoz prestatutakoa izan zen. (www.musikota.com)

Izan ere, disko berritik zazpi kanta jotzea, eta lehenengotik bakarra, aski arriskatua baita. Duela bost urteko kontzertuan disko berri hartako (Astiro, Baga Biga, 2013) bost kanta bakarrik jo zituzten. Bigarren diskotik (Hautsa astinduz, 1994, Gor) bost jo zituzten, Aingeru-tik (2001, Oihuka) hiru, eta beste denen presentzia ia anekdotikoa izan zen. Atentzioa eman didana zera da: Hain urrun (1996, Gor) lanetik bakarra ere jo ez izana. Gainera, diskoa deskatalogatuta dago eta lan fantasma bihurtzeko arriskuan.

Finean, kontzertu hunkigarria, ordu eta hiru laurdenekoa eta liderrak goitik behera mimoz prestatutakoa, profesionala eta gogotsua. Musikari berriak onak izango zirela zalantzarik ez geneukan, baina ikusitakoak aurrikuspen guztiak hautsi ditu: gogotsuak, teknikoki perfektuak eta karismatikoak baitira. Orain bira nola garatzen den ikusi behar, eta apustu berri honek zenbaterainoko jarraikortasuna izango duen. Esperientziak (Zarama, Lin Ton Taun, Kashbad, La Polla Records?) kontrakoa dioen arren, estatistikak apurtzeko daude, eta komunikabideen paperak zerikusi handia eduki lezake honen guztiaren garapenean. Bestea, dena ematea eta irauteko borondatea, bermaturik baitago.

ABESTI-ZERRENDA

  1. Ulertu nuen
  2. Agur esan baino lehen
  3. No te vayas todavía
  4. Iragana hil baino lehen
  5. Hautsa astinduz
  6. Marinero
  7. Boulevardeko erlojua (La noche no quiere venir)
  8. Zabaldu ateak
  9. Oh lur!
  10. Negua datorrenean
  11. Maite dut
  12. Aingeru
  13. Eguzkitan bero
  14. Xoxoak beleari ipurbeltz
  15. Bizitzarekin dantzan
  16. Argia
  17. Kaleak gureak izango dira
  18. Ez gaitu inork geldituko
  19. Kaixo
ETIKETAK:Ander Hurtado de SaratxoDani VicenteFederico Garcia LorcaIdi BihotzIñaki LazkanoJorge SanchezKashbadKorrontziLin Ton TaunSu Ta GarUrtzXabi CamareroZarama