Musika

Urko Ansa

2020.01.31

Urko Ansa

Kronika: Mikel Markez (Lugaritz, 2020/01/24)

Baziren jada urte batzuk Oreretako kantaria zuzenean ikusten ez nuela, hain zuzen ere Indar bat dabil hor diskoaren aurkezpen kontzertu hartatik. Geroztik, Noka taldearekin atera zuen diskoaz aparte, ez dugu material berririk izan, eta orain Biribilean lana aurkezten ari da buru-belarri. Diskoa 2019ko amaiera aldera argitaratu zen, estudioan zuzenean grabatutakoa. Urte honetarako, aldiz, estudioko lan berri bat iragarri du Mikel Markezek. Topera dabil, beraz, eta konposaketa lanak oso aurreratuta dauzkala dirudi. Biribilean uztailaren 15ean grabatu zen Oiartzungo Mecca Recording estudioan, honako musikari hauekin: Mikel, bere alaba Esti, Julen Alonso (eskusoinua eta trikitixa), berarekin hainbeste alditan aritutako Arkaitz Miner (Tapia eta Leturia, Ruper Ordorika eta beste hainbat artistaren ondoan aritu edo aritzen dena) biolina eta mandolinan, besteak beste, eta Andrea Bidart (Noka) ahotsean. Kontzertu honetan denak egon ziren, Andrea izan ezik.

9656221

Esti Markez eta Mikel Markez, Donostiako Lugaritzen emandako kontzertuan. (Jon Urbe / Foku)

Ia-ia puntuan irten ziren musikariak, sorpresa polit batekin: “Oianone”. Kantu erotikoak (IZ, 1997) disko mitiko hartako pieza, zuzenean inoiz entzun gabe nion eta aski hunkigarria izan zen. Segidan, bere alaba Esti Markez taularatu zen eta “Hiri hartan izan zen” bi ahotsetan kantatu zuten, Arkaitz eta Julenen sostenguarekin noski. Mikel jada hasia zen bere txantxak eta komentarioak egiten, eta hainbat apunte dibertigarriren artean, beti dauka mezu sakonago bat emateko abilezia. Lehen bi kantu erotiko haiek aipatzearekin batera, hurrengoa aurkeztu zigun: Maialen Lujanbio eta Jexux Mari Irazuk idatzitako bertsoekin eraikitako “Zertarako mugak jarri”, 1995eko disko hari izena ematen zion berbera. Kantu erotikoak baino lehen bazen polemika nonbait, izan ere hainbat jendek gaizki hartua izan baitzen, tratatzen duen gaia homosexualitatea dela eta. Dena den, gaur egun gauzak askoz ere hobeto daudela onartu zuen Mikelek. Amaierako txalo zartada oso beroa izan zen, ziur duela 25 urte jaso zituenak baino askoz ere beroagoak.

“Urrutimiñez” melodia herrikoi batez jantzitako Pedro Mari Otañoren bertso bat da. Pedro Marik Argentinan zela herriminez idatzitakoa, Donostiari eskainia noski. “Alai bide bat bakarra daukat/ametsetan sinistia/zu ikusteko non nahi aski det/nire begiak ixtia”… Bertsoen edertasuna zirraragarria da, eta Mikelek hausnarketa interesgarri bat egin zigun: “Bertso hauek Shakespearek idatzi izan balitu, agian literaturaren historia unibertsaleko onenetan sartuak egongo lirateke, baina euskaraz idatzita daude”. San Sebastian egunaren astean geundela kontuan hartuta, “oportunista” izan zela esan zuen txantxetan, baina Donostiaren ordez Euskal Herria jarriz gero ere asmatuko genuela. Kuriositate modura, kanta honekin lortu zuen, 2011n, Jean Phocasek, diskoaren ekoizleak, hainbeste urteren ondoren baxua berriz jotzea.

Argentinatik Mexikora. “Herrimina” kantuan ikusi genuen Estiren ahotsaren indarra eta boterea. Mikelen ahotsarekin kontrastea eginez, benetan natural eta armonizatua geratzen zaizkie haren eskala altuak eta Mikelen baxuak. Etxeko sukaldean irudika ditzaket aita-alabak, txiki-txikitatik gaur egunera arte, kantatzen. Kantu mexikar hau gaueko arrakastatsuenetakoa izan zen, dudarik gabe. Mikelek txapa gutxi sartuko zuela agindu zion bere buruari, eta Estik “ea egia den” erantzun ikuslegoaren barre-algaren artean. “Xahoren twet”, motza baina guztiz eraginkorra, horixe da: Xahok gaur egun idatziko lukeen txio bat asmatzen du Mikelek, eta bide batez Kanpion, Xalbador, Matalaz, Agirre, Monzon… sartzen ditu. Kanta honek bukaeran daukan crescendoa (motza, hori bai) eta Arkaitz Minerrek biolinari eman zion gatza hunkigarriak izan ziren.

Kantuen arteko hainbat apunte dibertigarriren artean, beti dauka Mikel Markezek mezu sakonago bat emateko abilezia

“No time for love” Hertzainaken bidez ezagutu genuela gogorarazi zigun. Sacco eta Vanzetti anarkistei jarritako heriotza zigorrari buruzko letra da, oso gordina eta latza. Hertzainakek euskaraz egin zuena aparteko bertsioa izan zen, eta Mikelek letra berritu zion duela sei urteko disko hartan, eta beste erreferentzia batzuk sartu zizkion. Lugaritzen, Altsasuko gazteak ere sartu zituen zati batean. Sare sozial batean eskatu zioten Silvio Rodriguezen abesti bat ere jo zuen. Azaldu zuen nola aholkatu zioten halakoetan aritzea, bere ibilbideari buruzko berriak jendeak jarrai zitzan ona zela. Eta beti hirugarren pertsonan idazteko, “horrela gauza horietarako pertsona bat kontratatu duzula ematen du eta”. Ikuslegoa karkarka eduki zuen kontzertuko zati askotan. Kantautore intelektualaren aura hori gainetik kentzea zaila dela pentsa liteke, baina bere erreferentzia kulturalen maila eta egin dituen kolaborazioen prestigioa ez dira nahiko bere ibilbidea eta emanaldiak laburbiltzeko. Umorea egiteko gaitasunak, ironiak, autokritikak, hiperboleak, metaforak, autoparodiak eta inteligentziak ezohiko bihurtzen dute. Tabuak apurtzeko garaian lehen lerroan dagoela esango nuke, euskal musika, literatura, bertsolaritza eta poesia zinez maite dituen arren.

Silvio Rodriguezen kantu hura euskaraz egin zuen, dena den, eta bere ibilbideko ereserki itxurako kantua, “Indar bat dabil hor”, izan zen hurrena. Xabier Amurizaren hitz epikoek, kantaren indarrak berak eta halako euskaldunekiko gorespen edo autoestima bultzada geldiezinak, bere piezarik onenetakoa egiten dute. Betikotasun sentsazio bat sortzen duen kantu hau pasa den hamarkadako euskal kanturik onenetako bat da niretzat, bere garaian esan nuen bezala. Estik eta Mikelek bertsoak tartekatu zituzten, eta biek batera kantatzen zuten momentuetan jatorrizko bertsioa zetorkigun burura, kantari edo idazle guzti haiek grabatu zutena: Alaitz Telletxea, Xabier Amuriza, Aire Ahizpak, Andrea Bidart, Gotzon Barandiaran…

9656259

Arkaitz Miner biolin eta mandolina joleak laguntzen dio Markezi bira honetan. (Jon Urbe /Foku)

Sorpresa gehiago: Esti eta Mikel erretiratu eta Arkaitz Miner eta Julen Alonsok trikitixa pieza pare bat eskaini zizkiguten, harrera bikaina izan zutenak eta grazia bereziaz eginikoak: Julen soinuarekin, eta Arkaitz, biolinarekin! Inpresio handia egin zigun bertaratutako zale guztiei. Segidan, Uxue Alberdik egindako bertsoekin osatutako kanta nahiko ezaguna, “Konplize ditut eta”. Ikusleak sakelako telefonoa ateratzen hasi ziren kanta grabatzeko, eta Estiren ahotsak oilo ipurdia jarri zigun denori. Bere garai klasikoari egindako kontzesio apurrak amaieran etorri ziren: “Baina berdin dio”, “Marinelaren bakardadea” eta “Zure begiek” (“kalabaza baten historia”). Kantu hauen eta beste batzuen jatorria edo tematikari buruz ere aritu zen, baina ez naiz hemen horretaz arituko gehiegi ez luzatzeko. Bai esango dizuet istorio kontalari bikaina dela eta “Marinelaren bakardadea” benetako marinel batean inspiratuta dagoela, bere bizilaguna hain zuzen. Hauxe izango zen azkena, “erremediorik jartzen ez baduzue”.

“Zure begiek” lehen bisa izan zen. “Eskerrik asko, ez genuen ezer prestatuta…” bota zigun Mikelek, txantxetan, eta gustua hartu dion “John zaharra” kanta hautatu zuen azken agurra emateko. Publikoa, pozez zoratzen, hainbat zatitan kantatzen edo txistu egiten, eta seguru aski gehiagoren gogoz gelditu zen. 16 kanta eta ordu t’erdi baino gutxiago ez baitira aski benetako zaleentzako. Dena den, ikuslegoa bere oinetan zuela erretiratu zen. Orain, lan berriaren zain geratzea besterik ez zaigu geratzen. Bitartean, eta momentuz, otsailaren 1ean Bilboko Euskal Museoan joko du.

ETIKETAK:Mikel Markez