Musika

Kronika: Liher eta Cobra (Azpeitia, 2020.10.17)

Sarrera guztiak agortuta zeuden Liher eta Cobra taldeen kontzerturako. Aurrez, Sanagustin Kulturgunean zen ospatzekoa, baina sarrera guztiak egun gutxitan saldu ziren eta espazio handiago batera aldatu zuten, Soreasu antzokira hain zuzen. Irrika handia zegoen bi taldeak ikusteko, musikazale askoren urteko kuttunenen artean egongo diren disko bana aurkeztu baitzuten biek ala biek urte hasieran: Liherrek Hemen herensugeak daude eta Cobrak Fyre. Kontzertua hasi aurreko minutuetan ikusmina nabaria zen antzokiaren kanpoaldean ilara egiten geundenon artean, eta ilusioa ere. Ilusioa bai, bizi dugun osasun eta egoera sozial honetan horrelako kontzertu bat bizitzeko eta gozatzeko ilusioa.

Captura de pantalla 2020-10-20 a las 14.15.05

Liher laukoteak ‘Hemen herensugeak daude’ aurkeztu zuten Azpeitian. (Alberto Beloki / Kulturaz)

Taularatzen lehena Liher izan zen. Lide Hernando (ahotsa eta gitarra), Iñigo Etxarri (gitarra), Joshka Natke (baxua) eta Ander Berzosa (bateria) banan-banan igo ziren oholtzara guztien artean “Beltz gara” abestia osatzen joateko. Jendea hasieratik kontzertuan sartzeko modu ederra izan zen, eta argi geratu zen emozio asko aireratuko zuen emanaldia izango zela. Jarraian, azken laneko abestiak aletzeari ekin zioten, eta horrela etorri ziren, besteak beste, “Gorri Ilun”, “Estoldak gainezka”, “Oskarbi” edota “Larrua eta iraina” . Ordurako, Liherren musika horren berezi egiten duen goxotasunaren eta gogortasunaren arteko orekak eraginda ileak puntan genituen askok eta askok, eta “Sismografoa eta lurrikara” abestiak aipaturiko dualtasun hori beste maila batera igo zuen, bertaratutakoen txalo zaparradak barruan generaman poza agerian utzi zuelarik. Kontzertuaren beste muinetako bat, Lidek eta Etxarrik eskainitako “Zure azal” izan zen; ordurako denok aho bete hortz utzia gintuen Lideren abesteko ahalmen eta pasioak, baina ezinezkoa zirudien arren, abesti honek are gehiago txunditu gintuen.

Ondoren “Arrain hilak” eta “Thelma & Louise” etorri ziren; azken honen erdian Blondieren “Call Me” kantuaren bertsio bat sartu zuten eta berriz ere beraien abestira itzuli ziren guztion gozamenerako. Tartean beste kanta batzuk eskaini ostean, “Teloia” azken diskoaren single dibertigarria eta “Hemen herensugeak daude” aukeratu zituzten emanaldiari amaiera emateko. Azken kanta honetan ere izugarria izan zen Lidek eta Etxarrik, Joshka eta Anderren oinarri musikalaren gainean, ahotsaz eta gitarraz egindako jolasa: Etxarrik melodia bat jo eta Lidek ahotsaz melodia bera errepikatu. Kontzertuan segurtasun neurriak jarraituz ez zen inor zutitu, baina ziur askoren barruak saltoka eta zoratzen zebiltzala horrelako kontzertu puskaren aurrean.

Captura de pantalla 2020-10-20 a las 14.28.59

Lide Hernando eta Iñigo Etxarrik gaueko une gorenetako bat eskaini zuten ‘Zure azal’ abestian. (Alberto Beloki / Kultura)

Liherren emanaldiaren ostean ez zuen lan erraza Cobrak. Taldearen lehen kontzertua zen denbora askoan, Fyre kaleratu zutenetik lehena. Hala ere, hasieratik utzi zituzten argi gauzak Haritz Letek (ahotsa), David Gonzalezek (baxua), Josu Luengok (gitarra) eta Sergio Garciak (bateria) —azken honek Ekain Elorzaren lekua hartu du zuzenekoetan— eta Liherrenaren pareko kontzertua eskaini ziguten. Azken diskoa irekitzen duen “Firebird” abestiarekin hasi zuten emanaldia eta atsedenik hartu gabe etorri ziren hurrengo biak ere: “Emerald City eta “Cimmeria”. Disko horretako abesti guztiak jo zituzten (“Here Lies”, “Parasites”, “We Are Next”…), baina, nola ez, aurreko lan guztietako abestiren bat entzuteko parada ere izan genuen, horien artean “Randolph Aviator”, “70’ Challenger”, “Ground Zero”, “Rosebund”, taldearen ereserki den “Life Is Too Short To Drive Slowly” edota Josuk gitarra joko ederrarekin amaitutako “Come On Now”. Tarteka geldialditxoren bat hartu bazuten ere, atsedenik gabeko stoner eta rock ukituko metal kontzertua eskaini zuten. Gauzak horrela, ikusle batek txantxa moduan balada bat eskatu zuen eta Haritzek baietz esan zion, hurrengo abestia izango zela, eta “Night Call” abestiarekin erantzun zioten, abesti honi balada deitu ahal bazaio behintzat…

Captura de pantalla 2020-10-20 a las 14.34.37

David Gonzalez eta Haritz Lete Azpeitiko kontzertuan. (Alberto Beloki / Kulturaz)

Bertaratutakoek irrikaz hartu zituzten beste bi abesti Fyre diskoko euskarazko bi abestiak izan ziren: “Oroiminduak” eta “Legarreko kanpaiak”. Bai diskoan eta baita zuzenekoan ere ederki funtzionatzen duten abestiak dira eta pozgarria litzake aurrerago ere taldeak euskararen bide honi jarraipena ematea. Ikusten eta entzuten genbiltzana barneratu nahian geundela, taula gainetik joan eta atseden bat hartu zuten eta jendearen “beste bat!” oihuen artean itzuli ziren azken bi abestiak eskaintzera. Lehena, Cobraren emanaldiko momenturik melodikoena izan zen, taldearen klasiko den “Miyagi”, eta amaitzeko, “No Miracles”.

Bi taldeek eskerrak emanez erantzun zioten bertaratutakoen berotasun eta babesari. Gogoratzen kronikaren hasieran aipaturiko ilusioa? Ba bai, kontzertua hasi zen momentutik Liher eta Cobrako kideen aurpegietan ilusioa nabari zen, eta ikustera joan ginenon ilusio berdinarekin erantzun ziguten, guztion artean sekulako gaua osatuz. Kontzertua amaitzean, elkarrekin joandako lagun batek esan zidan ez zekiela nola iraun zuen kontzertu guztia eserita. Hala da, agian ez gaude ohituta horrelako kontzertuak eserita ikustera, baina gure jarreraren zergatia erraza da; batzuek esan dezaketenaren kontra, kultura segurua da eta jendeak badaki kultura modu egokian partekatzen eta gozatzen. Toki askotan izan da horrela eta Azpeitian ere izan genuen horren adibide. Hala jarrai dezala gainontzeko herri, areto, plaza edo gaztetxe guztietan. Azken batean, behin eta berriz Liherrek, Cobrak zein bertaratutako ikusleek aldarrikatu zuten moduan, gauzak arduraz eginez gero, kultura segurua baita.

ETIKETAK:AzpeitiaCobraKontzertuakKronikaKulturazLiherSanagustin kulturgunea