Musika

Urko Ansa

2020.02.17

Urko Ansa

Kronika: Joseba Irazoki (Markina-Xemein, 2020.02.08)

Estralurtarra behar du izan. Lurretik kanpokoa edo mozorrotua behar du izan eszenatokian grabitate indarrak eragiten ez dion artistak. Ehunzangoak dirudite bere hatzek, gitarra jotzen dutenean. Sugearena bere gorputzak, zoro aurpegia jarri eta konzentrazioa galtzen ez duen morroia fantasiazko mundu bat irudikatzen ari den bitartean. Bere hiru laguntzaileek konpartsa hutsak izan beharko luteke, edo horretan bihurtzeko arriskuan egon sikeran. Baina ez. Elkar hartzen dute zoroetxeko konpasetan, koruetan eta pentagraman. Metaforak baino gehiago hiperboleak marrazten ditu nire teklatuak; hitzak nota bihurtzen dira, eta Joseba Irazokiren kontzertua, soinu banda. Zororik ez dago, zoroetxeak hutsik daude. Zu al zara? (Bidehuts, 2018) da Joseba Irazokiren diskorik onena, eta Irazoki da bere diskorik onena. Bertaratutako guztiek txalo egin dute; Irazokik ia osorik jo du diskoa.

irazoki markina 1

Joseba Irazoki eta Lagunak, Uhagon aretoko emanaldian. (Urko Ansa)

Uhagon Kulturgunearen kanpoan ikusi ditugu musikariak. Zer egiten dute artistek oholtzara igo baino lehen? Lasai dirudite. Aretora sartu eta gure ondotik pasatu dira, lasai asko. Animoak eman dizkiegu eta egurra emateko eskatu, horretarako beharrik ez dagoela badakigun arren. Zer-nolako sentsazioak ditu musikari batek, hain konplikatuak diren kantak jo aurretik? Ideiarik ere ez.

“Lucio eta Durruti”-rekin hasi dira, diskoan bezala. Espero genuen, nahiz eta Berakoarekin inoiz ezin den jakin. Beraien tranpan harrapatu gaituzte atmosfera lisergikoek, ahots oraindik psikodelikoagoak eta Felix Buffen erritmo biziak. Joseba hasieratik sorginduta dago, izotzaren gainean patinatzen ari dela dirudi gitarrari txispak ateratzen dizkion bitartean. Luzeak dira kantu berriak eta motzak egiten zaizkigu denak.

Planetaz aldatu du eta Jupiter Jon taldearen “Gangsterrak operara doaz”-ekin sorpresa eman digu. Kasik bere kanta bihurtu du. Harrituta gaude. “Gezurrezko bizia” zapasaltoan datorren Felixen erritmo mozkorgarri horietako batek gidatzen du. Felixena da musika; beste kantu luze, erakargarri eta nabarmenki erritmiko bat da. Jaime Nietok baxua utzi eta teklatuekin magia sortu du, nahiz eta solorik ez egin. Hurrengo kantuan estralurtarrak mikrofonoa ia irentsi du, lizunkeriak esan ditu lizunkeriarik esan gabe, performance bikainaz jantzi du “Ahotik ahora”. Barre-algarak publikoan eta ohi bezala, hazten doan kantua, bere zortzi minutuetan harrapatzen zaituen horietakoa. Joseba Irazoki eta lagunak (Bidehuts, 2014) diskotik jo zuen bakarra izan da.

Hemendik aurrera, kantu denak “Zu al zara?” diskokoak izango dira. Arrapaladan dator Felixen bateria “Lehiakortasuna”-n. Deabru guztiak askatu dira ostatu psi honetan, Xabaltxek esango lukeen moduan. Kantu honen erraldoitasuna hurakan baten parekoa da. Erritmo eroa, tinbalak eta kaxak sua hartuko dutela dirudi, tribuaren erritmoak dira edo akaso eztanda nuklearrarenak. Ibai Gogortza, Joseba Irazoki, Jaime Nieto eta batez ere Felix Buffen konzentrazio mailak hitzik gabe uzten gaitu. Zerua erori da, eta Joseba Irazokik bere kantarik onenaren deskarga egin berri du.

“Enpate batekin aski” omen, baina hemen ez dago enpaterik, talde garaile bat baizik. Felixen lezio berri bat, automatikoki talde osoaren erakustaldia bihurtzen den horietakoa. Ibai Gogortzak jartzen du zentzutasuna gitarra erritmikoarekin, orgia honetan erritmoa esistituko balitz bezala. Erritmoa badago, ez ordea mundu honetakoa eta are gutxiago 4×4 formulapekoa. “Zu al zara?” ere azidoz bustita dator. Arkanjeluak baino gehiago Mefistofelesek hitz egiten digu, ez da hau bidaia txarra ordea. Nori begiratu? Riff zapaltzaileak askatzen dituen estralurtarrari, ala baxuarekin hauspo sakona ematen digun musikariari? Ibai Gogortzaren baretasun/gordintasun pasarte aldakorrei ala Felixen zortzi-besoko abanikoari? “Salbatzaileak” eta “Zigorra”-k planteamendu aurreikusgarria al daukate ala guztiz kontrakoa? Progresiboak dira, garatzen doaz eztanda egin arte. Komandantea gurekin jolasten ari da, edonoiz gupidarik gabeko gitarra riff basatiekin erasotzeko. Rock gogorra egiten duenean galaxiako talderik heavyena da.

Badoaz. Goi goian utzi dute showa. Oraindik belarrietan soinuak alde egin ez digula itzuli dira, pieza bakarrarekin agur esateko: “Zaldi dantza”, aproposa bai izenez baita edukiz ere. Apokalipsiaren lau zaldunen moduan esan digute agur, erritmo zital, bero eta animalekoaz. Zaldi zuri, gorri, beltz eta zurbilen gainean doazen pizti hauek aske daude, eta ordubete ozta-ozta gainditu duten arren, berebizikoa eta intentsua izan da. Urteko onena.

Motza egin zaigu, baina ez du beratarrak zigorrik merezi, berau “arauak onartzea baita/ez isuna, ez kartzela, ez heriotza/arauak onartzea da zigorra, burua makurtzea, arrazoia ematea. Normaltasuna da zigorra”.

ETIKETAK:Felix BuffIbai GogortzaJaime NietoJoseba IrazokiJoseba Irazoki eta lagunakJupiter JonXabaltx