2021.04.29
Keu Agirretxeak abesti berria plazaratuko du bihar, ostirala. “Ahanzkinak” du izenburu eta gaur kantuaren bideoklipa estreinatu dugu esklusiban BADOK atarian. Orain dela sei hilabete kaleratutako “Geruzak” abestian irekitako bideari eutsi dio musikari bizkaitarrak (Ondarroa, 1973): elektronika ukituez eta detailez beteriko abestia da “Ahanzkinak”, baina moldaketen indarrak eta ahotsaren pisuak Agirretxearen nortasun musikalari eusten diote.
Agirretxeak gitarrak, ahotsak, baxuak eta sintetizadoreak grabatu ditu eta Jon Badiola arduratu da programazioekin, sintetizadoreekin, nahasketekin eta ekoizpenarekin, Ura eta bakea diskoan egin zuten bezala. Beste behin, Aiert Goenagak idatzi ditu abestiaren hitzak.
Airaka diskoetxearekin bat eginik argitaratuko du abestia plataforma digitaletan eta entzun/ikusgai izango duzue gaur gaueko 00:00etatik aurrera.