Musika

badok

2021.06.16

badok

Kerobiak azaroan emango ditu 20. urtemugako kontzertuak

Kerobia taldeak 20 urte egin ditu eta, egun deseginda badago ere, ez du urtemuga ospatzeko aukera galdu nahi. Duela hilabete batzuk kaleratu zuen Konstelazioa diskoa, taldearen kantu “enblematikoenak” eta diskoetatik kanpo geratutako abesti argitaragabeak biltzen dituen binilo bikoitza, eta horren ondoren zenbait kontzertu emateko asmoa azaldu zuen Iruñeko boskoteak. Hiru kontzertu baino ez dira izango, hirurak azaroko bi asteburutan. Datak eta lekuak honako hauek dira: azaroaren 20an, Galdakaoko Torrezabal kultur etxean; 26an, Iruñeko Baluarten; eta 27an, Azpeitiko Soreasu antzokian. Sarrerak taldearen webgunean eros daitezke (www.kerobia.com), baina Galdakao eta Azpeitiko emanaldietarako guztiak saldu dira jada.

Kerobia 1

Zortzi urte baino gehiago igaro dira Kerobiak azken kontzertua eman zuenetik.

“Ez dago zalantzarik guretzat bereziak izango direla, Kerobiarekiko gogo handia ikusi dugu eta hiru kontzertu hauek, eta bereziki Iruñekoa, gure musika jarraitzen dutenekin topaketa izatea nahi dugu”, azaldu du taldeak.

Zortzi urte baino gehiago dira Kerobiak kontzerturik ematen ez duela —2014an banandu zen taldea, eta 2017an kontzertu sorpresa bat eman zuen Hatortxu Rock jaialdian—, baina hiru emanaldi hauetarako gogoz beterik itzuliko dela adierazi du Xabi Bandini abeslariak. “Energia faltagatik utzi genuela esan genuen, eta orain berriz gatozela diogu, badaukagulako”. Bandinirekin batera, Mikel Zorrillak (bateria), Alberto Isabak (baxua), Ruben Matillak (gitarra) eta Mikel Isabak (teklatua) osatuko dute Kerobia hiru kontzertu hauetan. Alegia, taldea desegin zeneko formazioa itzuliko da eszenatokietara.

ETIKETAK:Alberto IsabaKerobiaMikel IsabaMikel ZorrillaRuben MatillaXabi Bandini