Musika

Araitz Muguruza

2014.07.16

Araitz Muguruza

Kerobiak agur esan du

Hamahiru urteren ondoren, taldea desegingo dutela jakinarazi du Kerobiak, webgunean jarri duten ohar baten bidez. Bertan azaldu dutenez, azkenengo lana kaleratu zutenetik “hainbat ideia eta ekimen” izan dituzte, baina beren burua ez dute ikusi “horiek aurrera eramateko moduan”. Musikagintzan egin duten ibilibidea, berriz, “oso esperientzia ona, osoa” izan dela adierazi dute: “Hamaika gorabehera eta erabakirekin bada ere, egin dugu ibilbidea”.

Kerobia

Kerobia, 2010eko Nafarroa Oinezen aldeko kontzertu batean. (Iñigo Uriz / Argazki Press)

Orotara, sei disko kaleratu ditu Kerobiak: Kerobia (2004, GOR), Rose Escargot (2006, GOR), Materia organikoa eta gainerakoak (2008), Papera eta kartoia (2009), Ontziak (2010) eta Supernova (2012). 2008an, SGAEtik ateratzeko erabakia hartu zuen taldeak, eta, ordutik, autoekoizpen bidez kaleratu zituzten diskoak. Azkenengo diskoa kaleratzeko, berriz, zaleei eskatu zieten sostengua. Bakoitzak jarritako 29 euroekin atera zuten Supernovadiskoa, musika eta literatura batzen dituen lana.

2001etik taldean jarraitzen dute Xabi Bandini abeslari eta gitarristak eta Mikel Zorrilla bateria jotzaileak. Gaur egun, Alberto eta Mikel Isaba dira Kerobiako gainerako taldekideak. Baxua, kontrabaxua eta teklak jotzen dituzte.

#AgurKerobia

Twitterren ere zabaldu da berria, eta zale ugari taldearen ekarpena eskertzeko mezuak idazten ari dira #AgurKerobia traolarekin.

ETIKETAK:Kerobia