Musika

Kennedytarrekiko begirada aldatua

“Beltz espiritual bat”. Joxe Anjel Legorburuk hartua eta hitzez jantzia. 1968an. Robert F. Kennedy politikari estatubatuarra tiroz hil berri zutelako; eta haren anaia John ere tiroz hila zutelako 1963an, AEBetako presidente zela. Horixe da Lourdes Agirregomezkortak (gitarra eta ahotsa) eta Benantxi Eizagirrek (ahotsa) duela 52 urte ezagun egin zuten “Kennedy” kantaren abiaburua. Uztail erdialdean kantatu zuten lehen aldiz jendaurrean, Eizagirrek gogorarazi duenez: «Alegiako [Gipuzkoa] festak ziren, eta kantu txapelketa bat zegoen han. Hara joateko hartu genuen Erlak izena. Kuadrillan joan ginen, egun-pasa, eta irabazi! Beste abesti batekin irabazi genuen, baina garaikurra ematean “Kennedy” kantatu genuen. Jendea berehala hasi zen deika, eta herriz herri ibili ginen kantuan».

ERLAK BIKOTEA. MUSIKA

Benantxi Eizagirre eta Lourdes Agirregomezkorta —gitarrarekin—, 1968an Alegian irabazi zuten kanta sariketan.

Bikotea elkartu eta berehala izan zen hura. Denbora oso gutxi zen Pasai Donibaneko (Gipuzkoa) parrokiaren lokalean elkartzen ziren gazteetako batzuek festa bat antolatzea erabaki, eta Lourdes Agirregomezkortak bere burua kanturako eskaini zuela. «Lourdes gitarrarekin-eta ibiltzen zen. Nire ahizpa haren laguna zen, eta nik ere ondo kantatzen nuela esan zuen. Hala sartu ninduten kontu horretan, neuk jakin gabe», aipatu du Eizagirrek. Eibarko lehiaketa batera aurkeztu zirenekoaz akordatzen da Agirregomezkorta: «Estitxu Robles Arangiz ere han zen, eta hark irabazi zuen. Alegiara joan ginen gero». Hastapen haietan, asko entzuten ziren doinu modernoak hartu, hitza jarri, eta kantatu egiten zituzten. Doinuak ere eurek sortzea erabaki zuten arte. «Joxe Anjel Legorburuk egiten zituen hitzak, eta denen artean asmatzen genituen doinuak, gero. Emanaldi pila egiten genuen. Udan, batez ere. Abuztuan, igandero bagenuen bat; bi ere bai, zenbaitetan». 100 edo 110 emanaldi bai lehen urtebetean, guztira.

«Protesta kantak egiten genituen», Agirregomezkortaren esanetan. Hainbeste ospe eman zien “Kennedy” ez du oso gogoko, nabarmendu duenez: «Kanta hori da gutxien gustatzen zaidana. Ez dakit ba ote genekien zer ari ginen kantatzen». Eizagirre ados da bikotekide ohiarekin: «Oso protestanteak ginen, baina gero kennedytarrei kantatzen ibili ginen». Kubako Cochinos badia inbaditu zutenean Etxe Zurian zegoenari kantatzen, noiz eta kapitalismoaren eta komunismoaren arteko talka agerikoen zen garaian; euskal herritarrak mundu osoko dekolonizazio prozesuei, Vietnamgo gerrari, AEBetako eskubide zibilen aldeko mugimenduari, 68ko Maiatzari eta beste hamaika borrokari so zeudenean. Negu Gorriak taldeak, 1993an, kantaren testuingurua ekarri zuen gogora, begirada kritikoz, Borreroak baditu milaka aurpegi diskoko “JFK” kantan: «Erlak ahizpekin kantatzen genuen/ baina Kennedy hilak hobeto zeuden./ Salbatzailerik gabe gelditu gara,/ agur dezagun lagun amerikarra:/ Ernesto Guevara ‘Che’/ gure laguna da!/ Malcolm X/ gure laguna da! Angela Davis/ gure laguna da!/ Emiliano Zapata/ gure laguna da!/ Augusto Sandino/ gure laguna da!…». Begirada bera ageri dute Erlak-ekoek ere. Eizagirrek hala azaldu du egungo irakurketa: «Orain ez nuke kantatuko, baina hortxe dago. Ez zen herri bat egon hori kantatu gabe atera ginenik. Izugarri gustatzen zitzaion jendeari. Irratian asko entzuten zen. Baita “Amonatxo” ere».

Disko bakarra
“Amonatxo”, Erlak-en beste kanta arrakastatsua. Kennedy bera bezainbeste, ia-ia. Biak eman zituzten disko laburrean, 1969an, Bilboko Cinsa etxearekin. “Hoietakoak” eta “Bakardadea” abestiekin osatu zuten diskoa. Azken hori, Mary Hopkinsen “Those were the days” arrakastatsuaren doinuarekin. Manolo Urbietak egin zizkien diskorako harmonizazio guztiak. Harekin eta haren Naya orkestrarekin joan ziren Madrilera diskoa grabatzera Erlak bikotea eta Joxe Anjel Legorburu. Bigarren disko bat ere prestatu zuten, baina ez ziren grabatzera iritsi. Irratian haien kantarik ez zen falta izan sekula, hala ere. Diskoko aleak entzunarazteaz gain, Joxemari Iriondok behin baino gehiagotan gonbidatu baitzituen Loiola Irratian eta Donostiako Herri Irratian zuen irratsaiora.

«1973ra arte aritu ginen elkarrekin», dio Eizagirrek; «bost bat urte bai», Agirregomezkortak. Ezkontzak apartatu zituen Erlak bikoteko kideak. Eizagirre beste herri batera ezkondu zelako, eta, ez zeukatenez autorik, entseguak egiteko «oso gaizki» ibiltzen zirelako. «Garai eder bat izan zen», bien hitzetan. Garai hartan, herri kontzientzia hazten ari zen Euskal Herrian, eta kulturak izugarrizko eragina izan zuen horretan. Ez Dok Amairuren urteak ziren; baita euskal letren eta arteen modernizazioarenak ere; eta euskara batuaren eta ikastolen sorrerarenak. Francoren diktadurak indarrean segitzen zuen; ETA indarra hartzen ari zen. Testuinguru horretan, hamaika emanaldi eman zituzten musu truk, herri egitasmo desberdinen alde. Ez Dok Amairuko hainbat kiderekin ere aritu ziren kantaldietan. Baita Imanol Lartzabalekin ere, 1969tik 1971ra bitartean, Agirregomezkortak gogoratu duenez: «Taldetxo bat osatu nahian aritu ginen. Entsegu eta emanaldi batzuk ere egin genituen, baina bertan behera gelditu zen».

Aljeriara ere joan ziren, Zizurkilgo (Gipuzkoa) fraide baten bitartez, 1970ean. Hiruzpalau tokitan kantatu zuten han, baita telebista plato batean ere, hamar eguneko egonaldian. Eizagirrek gogoan ditu Durangoko Azokaren hastapen urteetako emanaldiak, elizako arkupeetan, Maite Idirinekin-eta. Bat datoz biak: “Kennedy”-z haratagoko arrastoa utzi zuen bost urteko ibilbideak.

ETIKETAK:Benantxi EizagirreErlakEstitxuEz Dok AmairuImanolJoxe Anjel LegorburuLourdes AgirregomezkortaNegu Gorriak