2023.11.14
Lau kontzertu izango dira, azaroko eta abenduko lau asteazkenetan banatuta, Urretxuko eta Zumarragako hainbat lekutan, “leku berezietan”, antolatzaileen hitzetan: “Espazio hurbileko, txikiak erabili nahi ditugu, beste harreman batzuk sortzeko musikariekin, ikus-entzuleekin, tokiekin; KEXP Live edo Tiny Desk emanaldien moldea, gutxi-asko”.
EGITARAUA
Azaroak 15: Benizze. Juan de Lizarazu Aretoan (Urretxu)
Azaroak 22: Muare. Antioko Interpretazio Zentroan (Zumarraga)
Abenduak 20: Ekhi Lambert, Udaletxeko Sarrerako Aretoan (Urretxu)
Abenduak 27: Kadira, Antioko Interpretazio Zentroan (Zumarraga)
Kontzertu bereziak izango dira: Irrati bidezko kontzertu-elkarrizketa baten modukoak izango dira, audioa grabatu egingo da, eta ondoren podcast gisa argitaratuko dira KKinzona irratiaren eta Badok.eus atariaren bitartez.
Lehenengoa asteazken honetan izango da: Benizze musikaria arituko da 19:30ean Juan de Lizarazu Aretoan.
Beñat Goitiaren (Gasteiz, 1991) bakarkako proiektua da Benizze. Montauk taldearekin bi disko argitaratu ondoren mundua aldatu egin dela esan zuen bere lehen diskoa aurkezterakoan: “Ezin gara ezer gertatu izan ez balitz bezala 2019ko moldeetara itzuli. Belaunaldi oso bat ate joka dago, dantzarako gogoz”. Bere ohiko kantakera dotorea elektronika kutsuekin nahastu du oraingoan: dance, trap, eta abar. Montauk-ekin hainbat alditan aritu da Urretxu-Zumarragan, Benizzerekin lehen aldia izango du.
Kontzertu honek Juan de Lizarazu Aretoan Amaia Aranzabalen Itsasoa, mendia, hiria erakusketarekin egingo du bat. Ikus-entzuleek bi proposamen artistiko izango dituzte aurrean, eta ia hirugarrena ere bai, Benizzek kontzertuarekin batera irudiak proiektatzen baititu.