2015.10.23
Azaroan 6an aurkeztuko du Jabier Muguruzak Tonetti anaiak disko berria, bere bakarkako ibilbidearen 14. lana. Kantari irundarraren azken diskoak bezala, Madrilgo Resistencia diskoetxeak argitaratuko du hau ere. Diskoari hasiera ematen dion kantua aurreratzen du BADOK atariak: “Kathrine Switzer”. 1967. urtean Bostongo maratoia dortsal batekin korritzea lortu zuen lehen emakumea da Kathrine Switzer. Kantaren letra eta doinua Muguruzarenak dira.
Mikel Azpiroz pianistarekin bikote formatuan aritu da azken urteotan Muguruza, eta harekin grabatu ditu azken diskoak: Bikote bat (2011) eta Beste hogei (2013). Tonetti anaiak egiteko ordea, Euskal Herriko eta Kataluniako musikarien laukote batez inguratu da Muguruza. Azpiroz bera arduratu da berriz ere pianoa eta hammond organoa jotzeaz, eta beste hiru musikariak David Gomez (bateria), Ignasi Gonzalez (kontrabaxua) eta Gorka Benitez (saxofoia) izan dira. Tarragonako (Herrialde Katalanak) El Vendrell auditorioan egin du grabazioa, eta lortutako emaitzarekin bereziki pozik da Muguruza, “aspaldi bilatzen nuen soinua eta kontzeptua” lortu duelakoan. Diskoan kolaboratu dute, halaber, Gari, Pablo Guerrero eta Sonia Yaben kantariek —azken honek gaur estreinatzen dugun kantuan abesten du, hain zuzen—.
Azaroaren 6an Donostiako Garoa liburu dendan egingo du diskoaren aurkezpena komunikabideen aurrean, eta lehen zuzenekoa azaroaren 13an eskainiko du, Donostiako Lugaritz kultur etxean. Sarrerak hemen eros daitezke. Hurrengo egunean, azaroaren 14an, Barakaldo antzokian abestuko du Muguruzak, Gari & Maldanbera-rekin batera. Sarrerak hemen dira salgai.
Muguruzak aurten kaleratzen duen bigarren diskoa da Tonetti anaiak, uda aurretik Barnasants 2015 (Picap) zuzeneko lana publikatu baitzuen. Bartzelonako Barnasants jaialdiak Muguruzari egindako omenaldia jasotzen du disko horrek, eta bertan Kataluniako zenbait abeslarik hartu zuten parte: Meritxell Gene, Feliu Ventura eta Mariona Castillo.