2022.03.11
Kaskezur taldea grabazio estudiora itzuli zen iazko udazkenean, Mendiak 1976 dokumentalerako sortutako abestia grabatzera. Euskal mendizale talde batek lehenengoz 7.000 metroko gailur bat —Shakhaur mendia, 7.126 metro— zapaldu zueneko abentura jasotzen du Jesus Iriartek zuzendutako filmak, eta Baztango laukoteak jarri dio musika ikus-entzunezkoari. Gaur abestia eta bideoklipa estreinatu ditugu.
Filmaren izpiritu eta estetikari eusten dio bideoklipak. Izan ere, espedizioan parte hartu zuen Javier Garreta mendizaleak Super 8 kamerarekin hartutako irudiek osatzen dute bideokliparen ardatza, eta ildo beretik doaz abestiaren hitzak ere. “Nork bere abenturak eraikitzea ahalbidetzen zuen garai bati eskainitako hitzak dira, gogoa eta desira beharrezko gida bakarrak zirenean”, azaldu du taldeak.
Joseba Baleztenaren Gakobeltz estudioan grabatu, nahastu eta ekoitzi du Kaskezur taldeak abesti berria. Ihesi doaz animaliak (Mukuru, 2019) azken diskoaz geroztik sortu duen lehen kanta da, eta “etorkizuneko lanen ildoa” marraztuko du, taldekideen esanetan.
Bihar, martxoak 12, Ondarroako (Bizkaia) Portuko Ranpi aretoan joko du Kaskezurrek, Vulk taldearekin batera.
Mendiak 1976 Bilboko Mendi Film jaialdian estreinatu zen iaz, ikusleen eta film onenaren sariak jaso zituen, baita kritikaren oniritzia ere. Geroztik, hainbat zinema aretotan erakutsi dute dokumentala.