2019.09.11
Datorren astelehenean, hilak 16, argitaratuko du Kaskezur taldeak bere disko berria, Ihesi doaz animaliak (Mukuru). Lan horretan soinu ilun eta sakonagoetan murgildu da Baztango laukotea, The Cure edota Sonic Youth bezalako erreferentzien ildotik. Gaurtik aurrera diskoa osorik entzun dezakezu BADOK atarian.
Kaskezurren bosgarren diskoa da Ihesi doaz animaliak, eta taldearen arabera, orain arte egin duen diskorik “landu eta garbiena” da. “Aniztasuna, konplexutasuna eta esperimentazioa” dira berau definitzen duten ezaugarriak, diskoaren lehen entzunaldietan berehala nabarmentzen direnak. Azpisugeak (Mukuru, 2017) disko goraipatuan bezala, Atala estudioan grabatu dituzte hamar kantu berriak, Iñigo Irazoki teknikariarekin, eta Ibai Gogortza (Borrokan) arduratu da ekoizpenaz. Izan ere, aurreko diskoan bide berri bat zabaldu zuen taldeak soinuari dagokionez, eta oraingoan are gehiago barneratu da norabide horretan.
Diskoak Joseba Irazokiren “Euria ari du” abestiaren moldaketa bat dakar, “Euria”. Dani Irazokirekin jatorrizko hitzak egokitu ditu taldeak, eta doinuaren “bertsio libre bat” ondu du, Irazokiren beraren kolaborazioarekin. Horrez gain, Miren Narbaizak (Napoka Iria, MICE) ahotsa jarri du bi abestitan.
Aste honetan bertan hasiko da Kaskezur Ihesi doaz animaliak zuzenean aurkezten, ostiralean Donostia Festibalean hain zuzen ere. Bere ibilbideko “unerik egonkorrenetako batean” dago taldea eta dagoeneko 10 kontzertu lotu ditu urtarrila bitartean. Hauek dira datak eta lekuak: