2018.10.11
«Guztiok gara euskaldun, guztiok anaiak gara». Bittor Kanpanagak “Bagare” abestia idatzi zion euskal lurraldeari, eta Gontzal Mendibil-ek jarri zion ahotsa. Ahoz aho zabaldu da ordutik. «Aupa gizona, jeiki mutil. Atzar emazte ta neskatil! Borrokarako dei egiñaz/ Irrintzi bat dabil». Nork ez du abestu Telesforo Monzonen “Batasuna”, Pantxoa Karrere eta Peio Ospital-en eztarrietatik? Mikel Laboa-k Joxan Artzeren hitzak betikotu zituen. «Bi kate; biak ebaki beharrezkoak/ bat gorputzaren bizitzeko/ bestea gogoaren askatzeko»; eta, Oskorri taldeak, berriz, Xabier Amurizarenak. «Ez al dakizu euskara dela euskaldun egiten gaituena». Idazleek idatzitako letrekin sortutako kantuak ardatz hartuta, euskal kantagintzaren inguruko hausnarketak bildu ditu Gotzon Barandiaranek (Larrabetzu, Bizkaia, 1974) Hitzen ahairea (Susa) liburuan. Iraganeko gogoetetatik gaur egungo egoerara heldu dio idazleak, eta etorkizunera begira ere jarri da. «Eta bihar, zeri kantatuko diogu? Eta nola?». Atzo egin zuen aurkezpena, Bilboko Bira kultur gunean.
Duela hamar urte hasi zen aurkeztu berri duen liburua harilkatzen. Iñigo Aranbarri idazleak eta Anari abeslariak 2007an egindako solasaldi bat du oinarri. «Aranbarrik zioen gure herriaren historia —edo belaunaldi batena, behintzat— kantagintza bidez ezagut zitekeela». Hari horri tiraka, euskal kantugintzaren historia lantzeko tailerrak egiten hasi zen Barandiaran, Rafa Rueda musikariarekin batera. Ikastetxe zein herrietan hainbat saio egin dituzte sortzaile biek azken urteetan, eta pilatutako gogoeta guztiak liburura eraman ditu orain.
Ondorioa ere atera du orain arte egindako saioetatik: «Eten izugarria dago belaunaldien artean. Oso denbora gutxian aldaketa asko eman da, eta kulturan gabiltzanok kokatzen ari gara oraindik, zer gertatzen ari den ikasten. Uste dut gure belaunaldiek jakin behar dutela zeri kantatu diogun; gerora, beraiek aukeratu dezaten baztertu, jarraitu edo berrasmatu behar duten tradizio hori».
Mende baten erradiografia
Zalantzak izan ditu Barandiaranek abiaburu. «Zein harreman du kantatzen dugunak gure izaerarekin?». Galderak. «Zergatik irauten dute kantu batzuek gure gogoan betiko iltzaturik?». Zalantzak, gehiago. «Zergatik ez dugu kantatu emakumeek idatzitakorik?». Eta jarraitzen du zerrendak. «Eta lurraldetasunari dagokionez? Inork kantatu ote dio bere hizkuntzari euskaldunok baino gehiago?».
Ondu duen liburuaren edukiari buruzko argibidea eman du. «Liburu hau ez da kantagintzari buruzkoa, baizik eta idazle eta musikarien elkar eraginetik sortutako kantagintzari buruzkoa. Horretara mugatu naiz, jakinik gure kantagintza hori baino gehiago dela». Koldo Izagirreren XX. mendeko poesia kaierak bilduma izan du ardatz Barandiaranek. Joan den mendean poeta bakoitzaren zein testu musikatu ziren zerrendatu zuen Izagirrek Diskografiaatalean, eta, kantu horietatik abiatuta, galdera-erantzunen bila aritu da idazlea.
“Hiperpolitizaziotik, despolitizazio ageriko batera egin dugu jauzi. Zenbat idazle eta musikarik erabiltzen dugu gaur egun ‘askatasun’ hitza?
Lau zati ditu liburuak. Aurrena: Galtzaile izatearen kontzientzia kolektiboa. Bigarrena: Kantuan izateko. Hirugarrena: Erbestetik herriminez. Eta, azkenik, Euskarak biziraun dezan atala. Genero ikuspegiari ere heldu dio Barandiaranek. «XIX. mendetik XX. mendera bitarte, gizonek idatzi eta gizonek kantatzen dute. Areago: gizonentzat eta gizonkeriaz abesten da». Itxaro Bordaren testuak dira salbuespen bakarra. «Emakume agertzen denean, herriarekin parekatzen da: zain dago, negarrez, semea noiz iritsiko zain… Alegia, paisaia estatiko gisa azaltzen da, inoiz ez protagonista gisa». Gai horri helduz, hausnarketagaia utzi du: «Zer egingo dugu XIX. eta XX. mendeko kantekin genero ikuspegitik? Egokitu behar ditugu? Letra aldatu behar diegu?».
Despolitizazioaren zamak
Idazleak Marc Biosca i Llahi soziologo katalanaren tesiak bere egin ditu atzo aurkeztutako lana ontzean. Hark zioenez, 1960ko eta 1970eko hamarkadetako kantagintzak sinboloak sortu zituen. «Kantagintzak balio izan dio jendeari diskurtso bat eraikitzeko, eta oralekua ere eman dio: afektiboa eta politikoa. Asko elikatu gara idazle eta musikarien arteko kantagintzatik: borroka, aberria, justiziaeta existentzia gisako kontzeptu abstraktu eta ukiezinak kantuetatik jaso ditugu, eta gero ikasi dugu idazleek idatzitako testuak direla asko eta asko».
1970eko hamarkadara arte, kantari eta musikarien helburuak politikoak zirela iradoki du Barandiaranek: «Nahi dute entzuleak eta irakurleak jarrera aktiboa izan dezaten. Mezua oso zuzena da halakoetan, kolektiboki eragin nahi dutelako». Bestelako joera bat nabari du, ostera, gerora. «Hiperpolitizaziotik, despolitizazio ageriko batera egin dugu jauzi». Jaurti du beste galdera bat, erantzun gisa: «Zenbat idazle eta musikarik erabiltzen dugu gaur egun askatasun hitza gure letra edo poemetan?».
Andoni Tolosa Morau abeslariak egin dio hitzaurrea Barandiarani, eta hark gai hori darabil, hain zuzen ere. Zehaztapena egin du idazleak. «Gutasun kolektibo batetik nitasun kolektibo batera eta nitasun erabatekora igaro ez ote garen, eta bizipen kolektibotik norbanakoaren bizipenera pasatu ote garen. Horra gakoa».
Susa argitaletxearen webgunean jarri dute liburua, eta hor aipatzen diren 140 kanta horien 227 bertsio ere entzungai jarri dituzte sarean. «Belaunaldi askoren soinu banda dira, eta, bata bestearen atzetik entzunda, soinu bandago bihurtzen da». Hamabost orduko iraupena du zerrendak.