2024.07.26
Eguerdian beroak sargorirantz egin du. Euliak batu dira Oiartzungo Kanterrira, nola modu fisiko-errealean hala metaforikoan ere. Kantu zein literatur usainera datoz nonbait, Hasier Etxebarriaren Eulien bazka, Uxue Alberdiren Euli-giro, William Goldingen Lord of the Flies, Iñigo Astizek Monogamoak azken liburua sortzeko ingumarian izandako hiru euliak edota Unai Elorriagak hitzaldiaren hasieran aipatutako Augusto Monterrosoren esan hura gogora ekarriz. “Literaturan hiru gai baino ez zeudela zioen Monterrosok. Maitasuna, heriotza eta euliak. Berak euliei buruz hitz egin nahi zuen, jakina. Txantxa horren bitartez ideia argi bat utzi zuen; bi gai daude, maitasuna eta heriotza”.
Galdera batekin ekin du olgeta Elorriagak, eulia bertaratuen belarri alboan jarriz: “Inkesta bat eginez gero zeri buruz idatzi eta kantatu den gehiago, maitasunari edo heriotzari buruz… jendeak zalantzarik ez, “maitasunari buruz”, esango luke. Baina egia al da? Egia al da maitasuna dela gairik nagusiena?”. Eulia berehalakoan uxatu du: “Ezetz esan behar dizuegu eta horretara etorri gara gu. Hori ez dela guztiz egia azaltzera. Literatura eta euskal kantagintza hildakoz beteta daude, indarrez eta odolez beteta. Euskal kantagintzaren errepasoa egingo dugu: bertsoak, baladak, koplak, Erdi Aroan hasi eta gaur goizera arte”.
Eta odolez tindatuta.
Aulki banatan eserita. Publikoaren begiradatik, Josu Aurrekoetxea musikaria ezkerrean, Unai Elorriaga idazlea eskuinean. Alkandora gorria biek, ezin bestela izan, eta txaleko iluna. Aurrekoetxea gitarraz hasi da, bi nota utzi ditu sanpleatuta eta hitzik gabe kantuan hasi da. Zenbat instrumentu ondoren: zehar-flauta, txintaxarriak… Mantra hindu-euskaldun baten gisan girotu du emanaldiaren hasiera. Hura da Odola kantari. Euskal kantagintzaren tragipedia emanaldiari soinu-banda jarriko diona, euliaren hegaldiaren soinua dakarrena. Elorriaga da, aldiz, kontaketaren ehulea, narratzailea. Trobadorea nahi bada, bertsolaritzatik datorren idazleak kantatu ere egingo baitu, kontatzeaz bat.
Odolari, heriotzari, ondo itsasten zaio eulia, eta, zer hoberik hasieratik galdera moldeko euli bat uztea baino, Oiartzungo udal-aretoan hegan. “Gerra garaiko bake kantua” da Muñagorriren Bertsoak, Elorriagaren hitzetan. Gitarra aurrena eta txirula ondorena, hala hasi du melodia Aurrekoetxeak, eta kantuan hasi da Elorriaga, leun. Eta ikus-entzuleek jarraitu. Pozik amaitu du idazleak: “Nabari da hemen kantariak zaudetela, aurreko saioetan ez dugu izan hau”. Izan ere, aurrean, ikus-entzuleen artean dira Donostiako Kantujirako kideak, eta nabaritu da, nabaritu denez.
Muñagorrik diona
bere proklamian,
gerrak ondatzen gaitu
bostgarren urtian;
igaz jarrikan Carlos
Madrilko bidian,
bultza zuten atzera,
gerra bere oñian
…
Kordoiz inguratuik
kostatik Ebrora,
trabaz gaude josirik
bera eta gora.
Atzetikan frantsesak
itxi du frontera.
Gerrak ez dakar onik
iñundik iñora.
XIX. mendeko bertso sorta da eta Lehen Gerra Karlistaren garaiko hainbat pertsonaia aipatzen ditu: Jose Antonio Muñagorri, Karlos Maria Isidro Borboikoa, Rafael Maroto eta Tejeiro. Benito Lertxundi-k ezagun egindako kantua da, jaso baitzuen 1981eko Altabizkar / Itzaltzuko bardoari diskoan aurrenekoz.
“Gerrak ez dakar onik iñundik iñora”, errepikatu du Elorriagak kantua amaitzean, eta azalpenak ondoren. “Muñagorrik ez zituen idatzi, hark agindu egin zituen. Bere proklama izan zen Bakea eta Foruak. Foruak errespetatzea nahi zuen baina era berean bakea ereitea Euskal Herrian”. Agindu egin zituen, beraz, baina nori? Karlistadetako eta beste hainbat gerratako bertso asko bezala anonimoak dira, edo tira… izan dira oraintsu arte”. Idazleak jakin ohi du narrazioan tentsioa nola mantendu amaiera arte, eta halatsu hitzaldian ere, eulia airean. “Oraintsu arte anonimoa izan da bertsoon egilea: batzuek esaten dute Juan Ignazio Iztuetak idatzi zituela; beste batzuek Agustin Paskual izan zela. Inork ez daki argi norenak diren; ez dugu jakin orain arte, izan ere 2016an elkartu ginen zenbait lagun, pandemia baino lehen, nori eskatu ote zizkion jakin nahian, batzuk artxiboetan, elizbarrutietan bilaketan, noren estiloa ote zuen, eta oraintsu, otsailean jakin genuen nor den egilea. Historiaren kiribueltak zer diren, pertsona oso famatu baten birraitonak idatzi zituen… “.
Eta argitzeke utzi auzia. “Saioaren amaieran jakinaraziko dizuegu nork idatzi zituen Muñagorriren bertsoak“.
Odolaren errepasoa
Letrak aztertuaren aztertuz, ondorio argi batera iritsi da Elorriaga. “Baladak dira euskal literaturan erabateko indarkeriaren gailurra”. Zer dira baladak, ordea? “Batzuek erromantzea esaten diote Europan barrena, guk balada. Poema narratibo bat da. Istorio bat kontatzen duena, eta herrian kantatzeko eta konpartitzeko sortu dena. Transmisio hori beti ez da ideala izan, asko eta asko galdu egin dira. Zeintzuek iraun dute? Odolez gainezka daudenek iraun dute. Hilketak, bortxaketak, bahiketak; baladetan kontatzen dira izugarrikeriak. Arrazoia: erakartzen gaitu odolak: exekuzioetan herri guztia mugitzen zen. Sortzen digu zerbait, pizten digu zerbait”.
Hiru balada hautatu ditu Elorriagak, bortxaren eta odolaren adibide gisa. “Baladak ez dira oso argiak batzuetan, erdi-galdu, nahastu, ilundu egin dira. Baladarekin askotan maitasun kontuak datozkigu gogora, baina gauza oso gogorrak kontatzen dituzte maiz: letretan geratzeak eta haiei erreparatzeak merezi du. Hori egingo dugu”. Kantatu eta kontatu.
1) ‘Frantziako anderea’.
“Mutila Frantziara joan da eta hango neska batekin ezkondu da. Amak ez du etxean frantsesik nahi, ez du arrotzik nahi. Ez ziren alde onekoak frantsesak, errain moduan ikusteko ez. Emaztea hiltzeko eskatzen dio semerari. Semeak ezetz, eta aitzakia merkeagorik ez da egongo; “Hain da polite…”. Semeak ez du emaztea hil nahi, anaia gazteak ere ez du nahi. Azkenean, ez dago argi amak hiltzen duen edo beste norbaiti agintzen dion”.
Beste balada asko bezala Antonio Zavalak jaso zituen ahozko transmisiotik, eta hamaika aldaera ditu. “Haietako batean amagiñarrebak berak hiltzen du. Beste kultura eta lengoaia batzuetan ere badago balada honen aldaerarik. Gaztelaniaz Romance de la mala suegra (Amagiñarreba gaiztoaren erromantzea) badago. Eta hor gogorragoa da kontua: Emakumea haurdun dago, eta haurdun botatzen du etxetik eta jartzen du zaldi zuri baten gainean. Umea galdu du eta zaldi zuriaren hankak odolez tindaturik daude. Euskal Herrian konformatu ginen labana bihotzean sartuta. Erraina hiltzen duenean, hark madarikazio bat botatzen dio; zoragarria da madarikazioa. “Ai ene amaginerraba muskerrez betia, Subeak ahal deutsu arratserako ohia”.
Bertsioak nahi adina, esan bezala, baina gurean Hiru Truku-rena egin da bereziki ezaguna.
2) ‘Neska ontziratua’
Itsas-balada bat da, Isabelatxu bezala ere ezagun egin dena, eta hau ere Ruper Ordorikaren ahotsean entzuna Hiru Trukuk jaso baitzuen 1994an, Mendebaldeko euskal baladak diskoan. Elorriagaren azalpena: “Ruperren ahotsean ezagun egin dena neuk abesteak lotsa ere ematen dit baina… Doinu oso ederra duen balada da, Ruperren ahotsean goxo sartzen zaiguna, batzuetan tonu alaiean kantatzen da, gainera. Baina, letra oso da gogorra, are, aurreko balada baino gogorragoa”. Eta baladaren istorioa ondotik:
“Heldu da portura barku bat. Marinela kantu eder bat ari da kantatzen. Isabelatxuk esan die gurasoei kanta hori ikastera doala, gero familian kantatzeko. Badoa portura eta marinelei eskatu die irakasteko. Marinelek baietz, baina barkura igotzen bada, sartzen bada. Isabelatxuk susmo txarra du, ez zuten fama ona orduko marinelek: ‘ez, nik prortutik ikasiko dut’, esaten die. Marinelek zerbait nahi dute. Amarrua egin dute. Elipsia dago kantuan. Lo-belarra jarri diote. Lokartu egin dute, bahitu, 500 legua joan dira itsasorantza. Zerbait gertatu da, ekaitzen bat… balada eta moldaketa desberdinak daude. Esnatu egin da Isabelatxu. Irudikatu zertarako lokartu duten. Ez zen hain arrotza sasoi hartan, asko kontatzen da gisakorik. Sablea eskatu dio kapitainari eta bere buruaz beste egin du Isabelatxuk. Oso gogorra da. Baina hor bukatuko balitz… Zoritxarrez balada ez da hor amaitu. Marinelek ez diote beren grinari eutsi, eta gorputza erabiltzen jarraitzen dute hil eta gero ere. Horrela dio baladak: “Linde damia, zazpi astian, gurekin erabil daigun’. Intsentsua eta ereinotza aipatzen dira. Horrela joan zen Isabelatxu eta beste hainbat Isabelatxu”.
3) ‘Ene mutilik ttipiena’.
“Hemen ere barkua. Bidaiak luzatu egiten ziren, eta galdu egiten ziren ontziak. Iparra galdu. Ez zuten ikusten beste ontzirik. Jatekoa ere amaitu egiten zen. Itsasoaren erdian… jan beharra zen, bizirik iraungo bazuten. Eta zer zegoen barkuan jateko? Ene mutilik ttipiena deitzen da balada… Bizkaian txo esaten zitzaion itsas-mutiko horri. Mutiko gazte bat ofizioa ikastera joaten zena, txikitxoa, indar askorik gabekoa. 11-12 urtekoa. Barku-mutil horrek bazekien hori gerta zitekeela. Berak bazekien jango zutela okasioa ematen bazen. Azken aukera emango diote marinelek. ‘Lurra edo beste ontzi bat ikusten baduzu, libra zaitezke… Itsas-mutila, txo hori, igo da mastilera…’ “. Honetan ere, bertsioak ugari, eta Mikel Urdangarin-ena nabarmendu du Elorriagak.
“Itsas-mutilak eskatzen die: ‘Hil nazazue lehenik’. Zer gertatzen da, ordea? Zer gertatzen da hilez gero, usteldu egiten dela, eta ezin dela jan. Besoa erantsi eta jan, beste besoa, hanka eta beste hanka. Eta mutil hori bizirik mantendu, horrek dakarren sufrimenduarekin. Nire gorputza eskaintzen dizuet, baina hil nazazue aurretik. Ez da euskal baladetan bakarrik ageri, Portugalen, Ingalaterran, Italian, Frantzian… Ez zen hain gauza arraroa”.
Ez zen hain gauza arraroa, baina egungo ikusmoldetik gordina bezain gogorra egiten da kontaketa, kanibala, goretik gertukoa, eta publikoari ere kosta egin zaio gogobetetasunez txalo egitea: herabeago egin dute txalo, deserotasunaren eulia belarri gainean dutela. Nork esan zuen baina kantu emanaldiek plazererako soilik izan behar dutela?
Gerra kantuak
Bortxarekin eta odolarekin ezer parekatu izan bada historikoki, gerra izan da hori. “Gerra guztietan egin izan dira kantuak, baita gure gerretan ere”. Baina lehen-lehenik “gerrara arraro bati” erreparatu nahi izan dio Elorriagak.
“Zer da gerra arraro bat? Bada, Solferinoko Gerra, kasurako. Frantziarrek Piamontektik bota zituzten austriarrak, Napoleon II.ak gidatuta. Baina izan zuen berezitasun bat. Bertan sortu zen Gurutze Gorria Henry Dunant bankari suitzarrak. Ikusi zuen bataila hori bertatik bertara, hildakoak eta zaurituak dozenaka, eta inor ez zela ausartzen haiek artatzera. Hark pentsatu zuen hura ez zela posible, eta esan zuen erakunde neutro bat sartu beharra zegoela zaurituak artatzeko, eta italierazko “Tutti fratelli” (guztiok anai-arreba) lemapean, edonor dela ere, guk hartu eta artatuko dugu”. Euskaldunontzat bazuen beste berezitasunik gerra hark. Bertan zebilen Jean Baptiste Elizanburu Irazabal poeta eta militarra (Sara, Lapurdi, 1828-1891). Solferinoko batailara joan zen, eta Solferinoko Itsua bertsoak idatzi zituen: han ikusitako mutil itsu batek ukitu zuen, eta idatzi zuen kantua”.
Hona hemen lehen bi bertsoak:
1.Harmen hartzera deitu ninduen
gazterik zorte etsaiak
Urrundu nintzen, herrialderat
Itzuliz usu begiak
Iotzuliz usu begiak
2.Zorigaitzean baitut ikusi
Solferino-ko hegia!
Alferrikan dut geroztik deitzen
Iguzkiaren argia,
Iguzkiaren argia.
Kantu herrikoi bihurtu zen, eta musikari askok egin izan dute bere. Agian ezezagunena lehena da gainera, Enarak taldeak grabaturikoa. Badira beste lau bertsio gutxienez:
Gerra asko izan dira gure artean, Karlistaldiak, 36ko gerra… “Gerra guztietan egin dira kantuak, koplak, bertsoak, poesia…”. Baina “gerra partikular” batzuk ere bai. Eta horien aipamena doa aurretik. Hamalau heriotzena bertso-sorta ezaguna, adibidez. Jose Larrañaga Mendaroko (Gipuzkoa) semeak 1825eko urriaren 31n Etxebarriako (Bizkaia) Altzibar baserrian egin zituen hilketak kontatzen dira bertan. Eta badira bi aldaera gure kantutegian:
Trabukoren kantua da beste istorio-gerra partikular bat, zeina den ezaguna Berdabioko semea edo Goizuetan edo Berdabioren bertsoak edo Goizuetan bada gizon bat bezala ere. Euskarazko wikipediaren arabera, “kontatzen dituen gertakizunak Goizueta, Lesaka, eta Arantzako herrietan kokatuak daude, Nafarroa iparraldean. Goizuetako Artikutzatik gertu, Elama auzoan, Berdabioko bordan bizi zen gizon baten ahotik mintzo da narratzailea. Ahozko tradizioaren arabera, bertsoak Berdabioko gizon hark berak egin omen zituen, Iruñeko kartzelan zegoela. Besteak beste, Patziku Perurena idazlearen dokumentazio-lanari esker frogatu da kanta XVIII. mende bukaerako egiazko gertakizunetan oinarritua dagoela”. Berdabio eta Trabukorenren istorioa kontatzen dute koplek, “dirukeria, biolentziua, hilketa… Trabukok norbait hiltzen du Elaman”, dio Elorriagak.
Bertsoen bertsiorik ezagunena Mikel Laboak kantatutakoa da, Resurreccion Maria Azkuek Errenterian jasotakotik moldatua. Besteak beste, Oskorri-k The Pub Ibiltaria bildumaren bosgarren diskoan jaso zuen. Anje Duahlde-k ere, Aita Donostiak Arantzan jasotako aldaera moldatu zuen, Pinpirin eta Florian diskorako.
Azken kantu bat, indarkeria partikularren lekuko-edo: Galerianoren kantua, 1815 ingurukoa, Lehen Gerra Karlista baino pixka bat lehenxeagokoa da. Martin Larralde Bordaxuri-ren trajedia kontatzen du eta Pantxoa eta Peio-k 1975ean argitaratutako bertsioak egin zuten ezagun. Hala azaltzen du istorioaren nondik-norakoa Elorriagak: “Martin Larralde Bordaxuri, bertsolaria, nekazaria, zapatagina ofizioz Plumagain baserriko premua; baserria hartu behar duena. Aitarekin gorabehera handiak ditu, ordea, eta aitak ez du nahi. Joanes Ospital izeneko bat hil dute sorbaldan tiroa jota. Martin Larralderi egotzi diote hilketa. Berak dio ezetz, ez zela bertan egon. Epaiketan ere 12 epaile egon ziren. Zazpik errudun jo dute, eta bostek errugabe. Zerbait berezia egon zen hor. Galeratara eraman zuten, eta bertan zegoela idatzi zituen bertso famatuok ustez. 40 urterekin hil zen han, bost urte eman zituen bertan. Injustizia honek ekarri du soka luzea. Alde batetik Hazparnen kantatzen omen dira kantu hauek. Bertso horiek ahoz aho zabaldu ziren Joxe Mendiaga bertsolariak Eskualdun kantuak izeneko bilduman, Txilen, 1900ean bildu eta plazaratu zituen arte. Pantxoak eta Peiok lehen disko luzean bildu zuten. Piarres Larzabalek teatroa egin zuen…”.
Euliak ez dira, ordea, hain aise akabatzen. Publikotik emendakin-ekarpen bana egin dituzte Mari Luz Esteban filosofo eta aurreko hitzaldiaren egileak eta Gotzon Barandiaran poetak eta jardunaldion antolatzaileetako batek. Estebanek baladen inguruko aipamen batzuei egin die ñabardura. “Entzun dut indarkeria handiko istorioak direla, heriotza, odola, basakeria eta beste, baina bortxaketa hitzik ez dut entzun hitzaldian, edo izatekotan, oso hasieran. Metaforak erabiltzen dira kantuotan, baina guk esan behar genuke bortxaketak egiten zirela, bestela jada ez dira metaforak baizik eta eufemismoak”. Elorriagak baietz, ados dagoela, baina kasuren batean bortxaketa hitza aipatu ez badu, izan dela, “argi zegoelako zertaz ari diren koplok, eta publikoa inteligentetzat” hartzea gustatzen zaiolako.
Barandiagaren emendakina, Galerianoren kantua-ren egiletzari dagokiona. Barandarianen hitzetan kantua ez zuen Bordaxurik idatzi, “nahikoa segurtzat jotzen baita hark idazten ez zekiela”. Wikipediak ere jasotzen du kontua: “Zenbait ikerketaren arabera Galerianoaren kantua ez zuen Larraldek idatzi, Manez Etxeto Katxo bertsolari herrikideak baino; Piarres Xarritonen arabera, epaiketan argi geratu zen Bordaxurik ez zekiela idazten”.
Nolanahi den, Bordaxuriren istorioaren sokak nahiz euliak segida eta hegaldi gehiago izan dituzte. Oihartzun handiena lortu duena, ezbairik gabe, Joseba Sarrionandiak idatzitako Martin Larralde poema izan da, Hnuy illa nyha majah yahoo liburuan (1995) argitaratu zena. Urte batzuk beranduago Ruper Ordorikak musikatu zuen, Dabilen harria diskoan.
Ruper Ordorika Martin Larralde zuzenean ematen.
Zeharkako flautaren laguntzarekin egin dute Elorriagak eta Aurrekoetxeak Martin Larralde-ren moldaketa propioa, “gurea askoz ere soilagoa da, noski”, eta idazleak azaldu du kantuaren “zera ezezagun samar bat”. “Elkartu nintzen behin Sarrionandiarekin eta kontatu nion gure xumean nola egin genuen kantuaren bertsioa. Orduan berak esan zidan: ‘Badakizu zergatik idatzi nuen? Martutenektik ihes egitean Hazparnera joan ginen eta han Bordaxuriren borda batean ezkutatuta egon ginen: etengabe ezkutatuta, eguzkia ikusi gabe, baina domeketan jendea mezetara joaren zenean herria hustu egiten zen eta kanpora irteten ginen, eta ikusten genituen larre berdeak eta abarrak’. Hor bada paralelismo bat, injustizia istorio bat. Larralde eta Sarrionandia”.
Karlistadak, 36ko Gerra, Mundu gerrak, gerraostea etab…
Gerra partikularren euliak akabatuta, gerra estandartzat hartu ohi diren horiengana mira. Bere horretan hitzaldi propio bat, azterketa berariazko bat mereziko lukete bai Gerra Karlistek, bai bi Mundu Gerrek, 36ko gerrak eta abarrek ere. “Denetarako astirik ematen ez eta ordubetera laburutu behar izan dugu emanaldia”, Elorriagak. Karlisten eta liberalen arteko gerretan idatzitako bertso asko jaso eta musikatu zituen Joseba Tapiak, adibidez, Eta tira eta tunba diskoan. Elorriaga, gerra horiek ahotan hartuta: “Zenbat bertso ez ote ziren idatziko. Gerra zen, baina umorea zutenak ere bazeuden. umoredunak eghiago ziren liberalen bandokoak. Adibidez, zera kantatzen zieten karlistei Horra hoien epistola bertso sortan”. Anonimoa da, 1872koa.
“Sazerdotiak garboso
harrotu zaizkigu oso;
santidadeko kapak jantzi ta
tiroka digute eraso:
hori eztator alkaso.
Horra hoien epistola
ebanjelio ta estola:
esku batian Santo Kristo ta
beste eskuan pistola….
Relijiyua ez da horla”
Disko horretan bildua dago Hernani dago penoso, 1875ekoa, eta anonimoa hura ere. “Kontatzen du gerrak nola suntsitu duen herria eta Ikusten duzu goizean doinuan kantatua izan da”.
Honatx lehen bi bertsoak:
“Askok dakite nola nik
luzaro egun bat onik
ez daramala Hernanik;
beti tiroka granadapian
dauka Santiagomendik;
gaitz da libratzen argandik,
kaltiak dirade haundik,
egiten diranak handik.
Bala bat lehertzen kalian,
bestia berriz aidian,
beti badira bidian;
lo ez dagonak maiz aitzen ditu
tiro soñuak aldian:
egunaz hala gabian,
beti etxietan bian
egon bihar da gordian.”
Eta gogora ekarri ditu Elorriagak Unai Agirre bertsolariak doinu berean eta molde berean Hernaniri jarritako bertsoak, 36ko gerran ondorioak aintzat hartuta:
“Hernani herri bildua,
bizi beharrk zaildua,
lanean korapildua.
Mila beatzirehun hogeita hamasei
triste hartan abaildua,
nahigabean amildua
uztail beltzak umildua
tiro hotsek isildua.”
36ko gerra ahotan hartuta ezin dira aipatu gabe utzi Joseba Tapia beraren Agur Intxorta Maite: 1936-37 Gudako Kantuak eta Tximela Kapitainaren izarrak diskoak ere.
Tolosan jaio zen Luis Rezola (1914-1993) Tximela bezala ezagunagoa zena. Bere aitona, Tolosako Izaskun auzokoa, tximel-tximela omen zen eta haren ondorengoek deitura hori hartu zuten. Bertsotan ume-umetatik hasi zen zortzi urterako.
Eusko Gudarosteko kide izan zen eta 1937tik 1940ra arte espetxean egon zen. 1940an, atera zen espetxetik. Baina ez zuen frankismoaren aurkako borroka utzi. 1946an, erregimenaren aurkako paper batzuk banatzea leporatuta, berriz atxilotu zuten. Ondarretako espetxean egon zen. Tximela kikiltzeko, ordea, espetxea baino gehiago behar zen. 1948an, jadanik kalean zela, beste bi lagunekin batera ikurriña jarri zuen Uzturre mendiko tontorrean.
Harenak dira Tapiak bere diskoan jasotako hitzak. Esaterako, adierazgarriak oso, Gudan gudari ibili nintzan-eko hitzak.
Honatx lehen hiru bertsoak:
“Gudan gudari ibili nintzan hamabi hilabete buru,
mendi batzutan arrisku haunditan, bestetan ere ez seguru.
Ezertarako gogorik gabe, gorputzetik erdi lelu
malkarran behera atzera korri, aurrera egiten ez degu
eta azkenean atxiloturik ikusi behar geren buru.
Gure gizaldi gizatxar hontan gertatu zait ezagutzia
anaia batek bestean aurka eskun iskiluk hartzia.
Etxe batean hau da erabat familia hondatzia
alde batetik seme bat galdu, bestetik hiru Frantzi’a
ez da ederra izango hoien guraso gaixon trantzia.
Gerra, gerraurre eta ondorena askozaz ez da hobia,
atera nahi det eduki detena orain artean gordia:
aberats askok lur jo dutela, errukigarri pobria,
madarikatzen lana eginda beltza eta gutxi ogia,
hoinbeste alfer biziko bada guk egin behar ordia.”
Gerra, gerraurrea eta ondorena aipatzen ditu Tximelak; ez alferrik indarkeriaren arrastoak baibaititu aurretiazko zein ondoriozko agerpenak ere. “Amaitu ziren gerra izenarekin ezagutzen ditugun horiek, baina gerra osteko gerra horiek hasi ziren, eta nabarmendu ziren egile batzuk, gerra horien berri ematen: Telesforo Monzon, Eustakio Mendizabal… Pantxoa eta Peiok kantu bihurturiko Itziarren semea, Lepoan hartu, Txikia zuen guda izena…”.
Baina hitzaldian lehenago ere aipaturiko izen bat nabarmenduko luke Elorriagak: Joseba Sarrionandia. “Asko idatzi zuen; deserriari eta erbesteari buruz idatzi zuen. Hori ere indarkeria da. Guk ez dugu hori pairatu behar izan. Badu poema zoragarri bat, besteren artean, deserriari buruzkoa, deserria kontatu eta kantatzeko: Propostas para a definiçao do exilio“. Hain zuzen ere, Eñaut Elorrietak bildi zuen Deserriko kantak diskoan (2013). Honela dio:
“Deserria zerumugaz landa lausotzen den herria da.
Deserria hosto hilotzez estalitako kaleetan paseatzea da.
Deserria lorratz lizunduzko geltokiak begiratzea da,
non mende hasierako lokomotorak igarotzen diren.
Deserria hormako erloju baten ondoan atseden hartzea da.
Deserria kaxa huts guztiak dira.
Deserria meategi ilun bat da ezer erauzi ezin zaiona.
Deserria eskaileran bizitzea da.
Deserria biluztu gabe ohean etzatea da.
Deserria da otsorik gabeko basoetan sartzea da,
eta otsoak daudenetan ere bai”
Sarrionandiak idatzitako poema da halaber Kiromantzidxa: “Sarrionandiak kokatzen du bere burua esku-irakurle baten aurrean eta hark kontatzen dio zer ikusten ari den esku horretan. Igarle horren ahotsean… eta gauza ilunak ikusten ditu. Poema ederra da, bizkaieraz idatzia”. 1999ko Gernika-Zuzenean 2 diskoan bildu zuen kantua Laboak, Kiromantzidxa Lekeitio 10 izenburupean.
Bi euli berantiar
Emanaldiaren amaierara iristerako, norbaitek izango du euli-galdera hau ere: “Euskaldunoi bakarrik gertatu ote zaigu kantuetan biolentzia agertzea, gu ote gara odolzale bakarrak kantuan?”. Eta Elorriagak dakar erantzuna: “Ezta inondik ere; kantu odolzale asko da munduan barrena ere: adibide bakar bat ekarri dugu hona. Anna Ajmátova poeta errusiarraren Uztailaren 14a poema”. Zeharkako flauta jotzen hasi da berriro Aurrekoetxea, eta Elorriagak deklamatau ditu hitzok:
“Erre sunda dago. Lau astez dagoeneko
sutan aritu da ortuko putzu sikua.
Txoriek kantatu ere ez dute egin gaur,
makalak kraska eta txistu egiteari utzu dio.
Eguzkia ezinegon jainkozko bihurtu da.
Euriak ez ditu soroak busti Aste Santutik hona…”
Hastear zen Lehenengo Mundu Gerra, eta Ajmatovak poema horren bidez islatu zuen bere ezinegona. Gerraren eulia beste behin itzulinguruka.
Emanaldia euli bat airera jaurtiz hasi du Elorriagak, eta iritsi da ordua Muñagorrien Bertsoak nork idatzi zituen jakiteko. “Batzar batzuk egin genituen, baina ez genuen lortzen pista egokirik, harik eta Amerikako Estatu Batuetako unibertsitate batean irakasle dabilen batek jarri gintuen arrasto egokiaren atzetik”. Eta Aurrekoetxeak beste pista bat gitarrarekin, Maurice Ravelen Boleroa jotzen hasi baita. “Ravel Lapurdiko Ziburun jaio zen. Aita suitzarra zuen, baina ama, Marie Deluart, euskalduna zuen. Haren gurasoak, Ravelen aiton-amonak, gipuzkoarrak ziren. Aita, Domingo Deluarte, ama, Maria Etxeberria. Lezokoak. Manuel Etxeberria, Lezokoa, Ravelen birraitona izan zen Muñagorriren Bertsoak idatzi zituena”.
“Eta guztia borobiltzeko, kontatu behar dugu Ravelek ere egin ziola gerrari pieza musikal bat. Badu konposizio zoragarri bat: Le Tombeau de Couperin, Lehen Mundu Gerran hil zitzaizkion lagunei eskainia”. Pianorako suite bat, hain zuzen ere, 1914 eta 1917 artean konposatua, sei partetan banatua, sei lagunei eskainia.
Argitu du dilema Elorriagak, akabo gaurko azken euliaren hegaldia ere.
Euli batzuk uxatu dituzte Aurrekoetxeak eta Elorriagak Oiartzungo Udaletxeko aretotik; beste batzuri bidea eman ere bai.
Halaxe joaten da osatzen kantuen historia, euli eta odol artean.