2024.07.15
Eguzki gozoa da Oiartzunen (Gipuzkoa). Goizeko bederatziak eta erdi. Ordu ona da kanturako bezala konturako ere. Ia beste edozein ordu bezainbeste. Udaletxeko areto nagusira jende taldetxo bat hurbildu da. 30 bat lagun. Udaletxe bat ere izan liteke herritarrak biltzeko gune bat, konturako eta kanturakoa. Zergatik ez?
Donostiako Kantujira hileko hirugarren larunbatean izaten da; egiten dute. Parte Zaharreko Fermin Calbetonen hasi eta bi orduko ibilbidea osatzen dute. “Normalean ibilbide bera izaten da; kasu batzuetan aldatzen dugu. Kale artean ibiltzen gara. Bertako jendea pasatzen da gure albotik, batzuk errekaduak egitera. Batzuk geratzen dira, besteak kexatzen dira. Hainbat geldialdi egiten ditugu, 15-18 kantu izaten dira. Koaderno bat dugu. A capela kantatzen dugu. Geldialditik geldialdira batzuetan batzen zaizkigu txistulariak, dultzaineroak, trikitia… Errepertorioa denetarikoa da. Beti bukatzen dugu Boga-Boga eta Xalbadorren heriotzean kantuekin”.
Horra ekimen baten erretratua. Erritual biziberritu baten gidalerro nagusiak. Badira beste batzuk ere: “Gizonak eta emakumeak aritzen gara. Itziar Zamora da gidaria. Emakumezkoa, eta hori garrantzitsua da”.
Mari Luz Esteban Galarza (Burgos, Espainia, 1959) idazlea da; eta EHUko Antropologia irakaslea; eta Donostiako Kantujiran taldeko kidea ere bai, 2017ko urtarrilaz geroztik. Kantuzalea. Eta kalean kantatzeko ohitura aztertua du, bai kide bezala, baina baita antropologia sozialaren ikuspegitik ere. La Kantujira de Donostia. El placer de cantar en grupo en la calle como identidad cultural y forma lúdica de resistencia artikulu akademikoa plazaratu zuen iaz, eta Donostiako kantujira. Plazera, identitatea eta erresistentzia izeneko hitzaldia dakar Oiartzungo Udalak, Bizardia kultur-elkarteak eta Ahotseneak elkarrekin antolaturiko Kanterri. Euskaraz kantzen duen herria jardunaldietara.
Aspaldiko ohitura du euskaldunak kalean kantatzea. “Ziur aski Ipar Euskal Herritik datorren ohitura da. Neuk Bilboko txikiteroak, otxoteak eta abarrak begiratzen nituen gustu handiz gaztea nintzenean, Santa Agedan eta abar…”. Ohitura zabaldua da egun, deitu kantujira, kale-kantari, kantagune, kantuz edo beste. “Aldian behin kalean elkartu eta kantatu. Berdin du elurra, euria edo eguzkia. Topaketa bat da”.
Topaketa bat da, eta aski irekia Estebanen hitzetan. “Ez duzu ondo kantatu behar. Euskal Herrian abesbatza asko dugu eta hor primeran abesten dute denek. Hemen ez da beharrezkoa. Hori iruditzen zait interesgarria; herri mugimendua da. Edonola ere, askok oso ondo kantatzen dute, eta zu ere ikasten zoaz”.
Estebanek egindako sarreratik suma daitezke kalean kantatzeari eta Kantujirari berari atxikitzen dizkion zenbait ezaugarri eta balore. Baina azterketa xeheagoa eginda dauka, eta hitzaldiaren izenburuak berak azaltzen duenez, hiru ezaugarri nabarmentzen ditu.
Baga, plazera
Kantatzea bada plazera. Nekez uka liteke baieztapena. Gizarte zientzietan “nahiko gai berria da plazera”, Estebanen hitzetan, “femisnismoak plazaratua”, neurri handi batean. “Plazera da bizipen fisikoa, sentsazio anizkoitzak, atseginak izatea, betetasun sentimendua izatea. Berriro nahi ditugu errepikatu. Plazeraren bizipena badugu, ematen dizkigu datu asko kontestu bati buruz. Plazererako sentsorialitatea erabiltzen dugu eta zentzumenak oso inportanteak dira gure identitatea sortzeko. Indibiduala eta kolektiboa”.
Elkarrekin kantatzea estuki loturik dago plazeraren bizipenarekin, hortaz, “gorputzak harremanean jartzen ditugu, esperientzia konektiboa eta kolektiboa da”. Eta errituaren izaerak ere ematen dio gehigarri bat plazeraren zerari. “Itziar Zamorak ematen dio hasiera. Koaderno bat dauka, erabat zahartua daukana. Beste eskuan diapasoia dauka eta performantze hori, nola gidatzen gaituen, oso polita da. Nahiz eta abesti bera kantatu, aldi bakoitzean historia bat jartzen diogu. Asko da berak nola gidatzen gaituen, eskuarekin. Abesti bakoitzari istorio bat ematen diogu, gizartean zer gertatu den, adibidez. Musika, soinua, afektuak, emozioak mugituko dira”.
«Hunkitzen zara askotan. Pertsona bakoitzak une bereziak ditu. Esperientzia emozionala ere interesgarria da. Musikak edo kantatzeak gorputza itzultzen digu»
Mari Luz Esteban (Kantujirako kidea)
Kale artean kantatzen dute, eta erresonantzia efektu berezia sortzen da. “Kaleak oso estuak dira eta ematen du etxeek ere kantatzen dutela. Zentzumenen ariketa bat da kantatzea. Elkarrekin entrenatzen gara. 14:00etan bukatzen dugu ibilbidea. Gero jarraitzen dugu batzuk, poteoaren bueltan kantatzen. Hunkitzen zara askotan. Pertsona bakoitzak une bereziak ditu. Esperientzia emozionala ere interesgarria da. Musikak edo kantatzeak gorputza itzultzen digu”.
Biga, erresistentzia
Kantua bada protesta, bada erresistentzia ere. Kantujira bera da adibidea, edo zehatzago esateko, haren sorrera. “Egunkaria-ren itxieraren aurka protesta egiteko sortu zen Kantujira, 2003an. Hasiera hartan bost minutuko isilunea egiten genuen Bulebarreko kioskoan, eta gero kantatzen genuen Ez ez dut nahi… Ondoren Parte Zahar aldera joaten hasi ginen, eta sortu zen Kantujira”.
Kantujira, Donsotiako Aste Nagusian, 2023an.
Kantujiraren ibilbideak baditu geldialdi bereziak. Mikel Laboa jaio zen etxearen parean, esaterako. “Hor plaka bat dago, eta inori baimenik eskatu gabe jarri zuten plaka, gainera. Horrek politikoki ere balio handia dauka. Inori ez zaio ez baimenik ez diru-laguntzarik eskatzen Kantujiran. Jarduera autogestionatua da”. Horra erresistentziaren beste aldaera bat: autogestioa. Baina ez ezinbestean lidergorik gabea. “Badaude liderrak, Kantujira zaintzen dutenak. Nahiko jarduera horizontala da, bere mugekin. Gizarte mugimendu baten ezaugarriak ditu, herri mugimendu bat ere bada, zentzu klasikoan. Hannah Arendetek zioen politika elkarrekin jardutea ziurtatzen duen komunikazio eremua dela. Kultura egiten dugu, genero politika egiten dugu, euskaratik eta euskaraz. Nahiko jarrera politika integratzailea da, ondo etorriak dira asko, penstamendu politiko desberdinekoak. Ez da neutroa, baina bai integratzailea”.
Higa, identitatea
Euskaraz abesten dute Kantujiran, eta euskaraz mintzo dira euren artean. “Euskal nortasuna, identitatea sortzeko eta sendotzeko balio du. Euskaraz abesteak balio du talde kohesioa sortzeko, tradizioa onartzeko, proiektatzeko, berrasmatatzeko”. Edonola ere, kontu horretan hizkuntzari, euskarari ez ezik, gorputzari ere garrantzia ematen dio Estebanek. “Ematen du euskara dela euskaldun egiten gaituena, baina gorputzarekin egiten duguna ere bada; euskal identitatean badago gorputza ere. Horren adibide da Korrika: hor euskal identitatea sortzen dugu, bai leloekin baina baita gorputzarekin ere. Ez dugu asko lantzen hori, nola sortzen dugun euskal kultura. Gorputz osoarekin egiten dugun zerbait fisikoa da, sentsoriala. Gorputzekin, elkarrekin egiten dugunak beste dimentsio bat hartzen du”.
“Ematen du euskara dela euskaldun egiten gaituena, baina gorputzarekin egiten duguna ere bada; euskal identitatean badago gorputza ere. Horren adibide da Korrika: hor euskal identitatea sortzen dugu, bai leloekin baina baita gorputzarekin ere”
Mari Luz Esteban (Kantujirako kidea)
Estebanen iritzian, kultura batzuk “epistemologikoki linguistikoak dira”, baina ez luke sail horretan sartuko euskal kultura . “Mistoak gara. Hizkuntzaren bidez sortzen dugu ezagutza, kultura, baina baita gorputzaren eta kantuaren bidez ere”. Eta kale-kantuaren esperientziak ez dio muzin egiten ez garaikidetasunari, ezta haren zenbait auziri ere. Are gehiago Donostian. Topo egiten dute aldiro, esaterako, turismoaren aferarekin. “Argentinako iparraldean ere kantu kolektiboak egiten dituzte kalean, baina askotan turisten aurrean egiten den zerbait izaten da. Guri ere gertatzen zaigu. Batzuetan galdetzen dute zertan ari garen, hizkuntza arraro horretan kantuan. Ez dago horretara bideratua, baina nahi gabe ere turistez inguraturik gaude. Batzuetan galdetzen dute zertan ari garen eta azaltzen diegu, ia-ia gida turistiko bihurtuz. Turismoa kritikatzen dugu, baina irudipena dut batzuetan bihurtzen garela objektu exotiko ere; badut sentsazio hori. Badakigu hori, eta saiatzen gara probesten, zer garen azaltzen”.
Hipotesi bat, eta transmisioaren ‘meloia’
Protestatik sortua, plazeretik egina, ludikoa, eta noratsuna sortu zein berrasmatzen duena, beraz. Eta gehitzen du Estebanek: “Eta espazioa zeharkatzen dugu. Kaleak zeharkatzen ditugu, eta gorputzak. Gorputzartekotasuna ere badugu”. Kalean egiten da Kantujira, eta kaleko egungo panoramaren isla ere bada, neurri handi batean, “balio du soziologikoki hainbat azterketa egiteko, alegia”. Kasurako, Estebanen ustez ez da ausazkoa Kantujira 2003an sortu eta gerora indartzen joatea, eta adibidez, 90etan kalean kantatzearen ohitura apalduxea egotea. “Badut hipotesi bat. Badakigu aspalditik kantatzen dugula, adibidez, Frankismoari aurre egiteko, protesta egiteko eta nortasuna sendotzeko. Tarte batean, gatazka politikoan, taldeka ez genuen hainbeste kantatzen, ordea. Hipotesia: Euskal gatazka beste fase batera pasatzeak balio izan zuen berriro elkarrekin eta kalean kantatzeko. Orokorrean jarrera konfrontatibotik egin izan dugu, baina une batean protesta modu leunagoak hasi ziren, plazerari lotuagoak, hori feminismoan nahiko argi geratzen da”.
Eta kantatu dute gai askoren inguruan: “Euskarari, naturari, egunerokotasunari kantatzen diogu”. Eta egun bor-bor dauden gaiek ere badute isla Kantujiran; bereziki generoaren auziak. Gidaria emakumea izateak ezaugarritzen du, besteren artean, Kantujira. Izan ere eragiten du bai jardueraren nolakotasunean bai kontu “teknikoagoetan” ere. “Ondarea gordetzeko eta zaintzeko unea da Kantujira. Ondarea dinamikoa da. Aldatzen doa, materiala eta ez materiala. Kantutegia ere bada ondarea, eta norbaitek zaindu behar du. Kantujiran guztiok zaintzen dugu, baina batzuek gehiago. Zaintzailerik gabe ez dago ondarerik edo musikarik. Femisnismoak dio hori. Gauza publikoaz gehiago arduratzen dira gizonezkoak historikoki. Gure kasuan oso inportantea da emakume feminista bat egotea, eta bera ez dagoenean emakume bat egon dadin saiatzen da gainera”.
Kantatzeko unetik beretik sortu daitezke tentsio eta disonantziak, eta sortu izan dira. Eta kantatzera bezala kontatzera ere etorri denez, kontatu du Estebanek. “Guk kantatzen dugu Trapu Zaharrak, adibidez. Leloa gurean normalean gizon batek egiten zuen. Egun batean emakume batek ere kantatu zuen, solapatu egin ziren ahotsak eta tentsioa sortu zen. Bazkaltzean sortu zen ezatabaia. Emakumeek ere badute eskubidea kantatzeko, tonua edozein delarik ere. Tentsioak sortzen dira. Ez da anekdota. Gizonek altuago kantatzen dute eta akaparatzen dute, eta dinamika hori eso interesgarria da debaterako”.
Baiki izan interesgarria. Hitzaldia amaitutzat eman bezain pronto sortu baita debatea hitzaldira bertaraturikoen artean ere. Itziar Zamora Kantujirako gidariak berak hartu du hitza: “Hori izaten da gure buruhauste etengabekoa, kantaerarako tonua zein den. Burua ez dut jartzen emakume edo gizon baten tesituran. Erdira joaten naiz, bakoitzak aurkituko du bere lekua, bigarren ahotsa non-nondik egin. Ez naiz joaten ahots inpostatu baterantz. Kalean abestean batzuk erosotasunez inpostatzen dute, bolumen altuan adibidez, eta ez gara iristen elkar entzutera”. Estebanek gehitu: “Guk gidari bat daukagu horretaz konsziente dena, eta lanketa bat egiten da, bestela gizonezkoak gidatuko luke. Ez badago lanketa edo gogoeta propiorik, modu naturalean uzten bada, zer gertatzen den badakigu. Ematen du gizonezko eta emakumezkoek daukagula ahots natural bat. Berez sortzen dela pentsatzen dugu, eta ez da egia”. Publiko artetik, Leire Lopez Susa argitaletxeko editorearen ekarpena segidan. “Akaso ez genuke pentsatu beharko emakumeen eta gizonezkoen ahotsetan, baizik eta ahots grabe eta agudoetan, adibidez”.
“Ni ez nago aldaketa handien alde errepertorioan, bai erantsiaren alde. Lan pottolo bat egin genuen kantutegia osatzen. Abesti horiek gure herriko historia dira eta egon behar dute. Eztabaida polita da, edonola ere”
Itziar Zamora (Kantujirako gidaria)
Eta debate aberatsetan disnonatziak egon ohi direnez, haren ondotik, Susako kide Mikel Elortzaren itauna, kezkaz hornituta, eta plazara aldiro ateratzen den gaia ekarriz: “Zuen kantutegiko errepertorioa aldatzea, berritzea, pentsatu duzue? Niri gustatzen zait elkarrekin kantatzea, baina aspertu egiten naiz beti kantu berberak abesten”. Eta Zamorak bere iritzia, azalpena: “Ni ez nago aldaketa handien alde errepertorioan, bai erantsiaren alde. Lan pottolo bat egin genuen kantutegia osatzen. Abesti horiek gure herriko historia dira eta egon behar dute. Eztabaida polita da, edonola ere. Generoa kontuan izan behar da. Langile baten semea naiz ni ezin dut abestu Langile baten alaba naiz ni? Igual beste motibazio batekin abestuko dut. Langile baten semea naiz ni baztertu egin behar dugu? Niretzat ez. Abesti historikoak dira. Gizona da protagonista, beste abesti batzuk jarri, baina ez baztertu. Nola ez dute balioko, historia da”. Leire Lopezek berriro ñabarduraren galdera: “Akaso planteatu beharko genuke zer den historikoa? Zein unetan bihurtzen da abesti bat historiko. Nola sortu historiko berriak? Gure belaunaldiarentzat, adibidez, Anari historikoa izan daiteke…”.
Aldiro errepikatzen diren eztabaidak dira, eta Kantujiran ere gogoan hartzen dituztenak. “Urtero eusten diogu gai honi eta saiatzen gara aldaketak ere egiten. Pandemiaroa baliatu genuen beste abesti batzuk sartzeko, emkumeek egindakoak eta abar”. Eta errepertorioari loturik, ezinbestean transmisioaren meloia. Publikotik, hezkuntzan eta musikaren irakaskuntzan ari direnen kezka. “Identitatea aipatu da hitzaldian, baina iruditzen zaigu erabat galtzen ari dela euskal identitatea, euskal musikaren ezagutza. Transmisioan huts egiten dugu”. Jaun Mari Beltran musikariak arrapostutxoa aulkitik. “Nik gazteak ikusten ditut euren identitatea sortzen, euren errepertorioa kantatzen, baina guk ezagutzen al ditugukantu horiek, gazteek kantatzen dutena?”.
Kantujirarena eta kale-kantariena ote da transmisioaren ardura? Ainara Lasa BERRIA-ko marketin saileko koordinatzailearen gogoeta entzuleen artetik. “Gazteak beste hainbat gauza egiten ari dira. Begirada zabaldu egin beharko genuke. Transmisioaren gaia gaitza da, baina Kantujirari egotzi behar ote diogu ardura hori. Fenomeno oso interesgarria den aldetik, Kantujira esperimentaziorako espazio izan daiteke. Kantutegian beste kantu batzuk sartu daitezke, gazteei galdetuta, adibidez. Kantujirek ez gaituzte salbatuko trasnmisioren arazotik. Ikuspegi poliedrikoa behar genuke”.
Estebanek ere kezkagai du Kantujiran parte hartzen dutenen adina. “Hasi nintzenean kantatzen ikusi nuen batez ere adineko jendea zela; hor ariketa pertsonal eta kolektiboa egin beharra dago, baina ez dut uste Kantujira desagertuko denik, gozazteaz gain, ariketa politikoa, eta are erotikoa ere badelako, zentzu zabalean, bestea entzuten dugulako”.
Eman du kantuak berea, kontatzeko eta eztabaidatzeko. Kanpoan eguzkia da. Irten dira parte hartzaileak; orain bai, kantura.