Musika

Igor Susaeta

2015.02.10

Igor Susaeta

Kantu, kontu eta giro eternoak

Musikariak: Ruper Ordorika (gitarra eta ahotsa), Arkaitz Miner (gitarra, mandolina eta biolina), Hasier Oleaga (bateria eta perkusio instrumentuak), eta Lutxo Neira (baxua).
Lekua: Donostiako Viktoria Eugenia antzokia.
Eguna: Otsailak 8.

RUPER ORDORIKA._MUSIKA._KULTURA.

Ruper Ordorika, alboan Arkaitz Miner duela, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian eskainitako kontzertuan.

Badu meritua hainbat belaunaldiren gogoan betirako iltzatuta geratuko diren abestiak ontzeak. Deigarria bada, behintzat, eta Ruper Ordorika hori egiteko gauza izan da azken 35 urteotan. Doinu horiek hor jarraituko dute betiko kontuez, heriotzaz, maitasunaz, gorrotoaz, bizitzaz, gaixotasunaz, poztasunaz eta beste mintzo direlako, agian. Ahaztezin bihurtzeko klabe musikalak barneratzen dituztelako, igual; edo, beharbada, giro jakin bat iradokitzen dutelako. 

Arrazoia edozein dela ere, kontu unibertsalak ditu ahotan Ordorikak, kantu eternoak, betierekoak egiten ditu, eta halakoxe giroa sortzen du, osagai horiei esker, bere zuzeneko emanaldietan. Batzuetan malenkoniatsua, argitsuagoa besteetan, baina estilosoa, sosegatua eta dotorea beti. Ezaugarri horiei erantzun zien herenegun Donostian egindako emanaldiak.

Lurrean etzanda (2014, Elkar) azken diskoko doinuek hezurmamitu zuten, neurri handi batean, eta lan horretako pieza batekin, Zerutik gertu ez da ondo egoten”-ekin, hasi zen saioa. Kantu horrek ere badauka eterno bihurtzeko gaia, Rupertorio-ko hunkigarrienetako bat izaki. Baina hotz antzean ekin zioten Ordorikak eta lagun musikariek, edo hori zirudien, bederen —giro horren kerietako bat, beharbada, edo abesti berriek oraindik haien bidea egiteko daukatela, akaso—. Aletu zituzten, Giltz-gordea”, Ordu txiki horietan” eta Nirekin geratu” (Hodeien azpian, 2011), eta jarraian kantu ahaztezin bat: Joseba Sarrionandia Ordorikaren lagunak poema bihurtutako argazkia, Martin Larralde” (Dabilen harria, 1998). Hit horren ohiko aurkezpena egin aurretik gitarrarekin jotako lehen akordeak identifikatzearekin bat hasi zen antzokia ia goraino bete zuen jendea txaloka; eta hasi zen, bide batez, giro identifikagarri hori egosten. 

Hogeita hamar urtean pilatutako perlen altxortegitik errekuperatu zuen “Esan gabeko arrazoia” gihartsu eta rockeroa (Kantuok jartzen ditut, 2003), eta berriro azken lanera, Atako bandan” itxaropentsura.

Sarrionandiaren hitzei beste hiru aldiz heldu zien ondoren, eta nabarmendu zuen hori Ordorikak, bai. Enbaxadore hodeiertzean”-ean (Memoriaren mapan, 2006), esaterako, «erbesteaz mintzo den testu esanguratsua»; eta “Kantuaren gauza galdua”-n ere (Kantuok jartzen ditut), «berez poesiaren gauza galdua zena jatorrian».

“Haizea garizumakoa” (2009) jada klasiko bihurtutakoak —molde ezin iradokitzaileagoan interpretatzen dute zuzenean, ronari eta kresalari, «lagun zaharrei», aipamena eginez—, eta Euria atergabe” eta Bizitza eder denean” azken diskoko bi pieza gitarreroenek intentsitatea erantsi zioten goranzko bidean zihoan emanaldiari. «Arin pasatu zait. Hau da azkena», adierazi zuen Ordorikak. Eta jendea, geroz eta gusturago zegoenez, kexuka: «Bai zera!». Egia da” lagunekin bizkarretik helduta entzuteko eta abesteko moduko doinuak itxi zuen kontzertua, bisen aurretik.

Emanaldiak bukatzen jakin behar dela iruditzen zaio Ordorikari, eta, beraz, beste lau abesti jo zituzten. Liluraren ondotik” doinu berria izan zen aurrenekoa, eta Ene begiek” mitikoa —Sarrionandiaren hitzak dituena—, kontzertuak klimaxera eraman ohi dituena, gero. Eskatu zizkion jendeak abesti bat edo bestea, baina denak ezin direla jo erantzun zien Ordorikak, jator. «Zer egingo diogu, bada…».

Eta bukatzeko, jantzigelatik bigarrenez bueltan, “Zaindu maite duzun hori” (2003) ereserkia, eta kantu bihurtutako Bernardo Atxagaren testu bat, Ordorikaren zaharrenetarikoa eta enblematikoenetakoa: Herdoilarena”.

Mugalariak baino gehiago
Nabarmendu beharrekoa da, gainera, musikariek kontu eta kantu eterno horiei egiten dieten ekarpena. Zazpi urte daramatzate jada batera, eta Ordorikak badaki soinu propio bat garatu dutela elkarrekin, ez direla soilik oholtzan bere kantuak defendatzen laguntzen dioten Mugalariak. Arkaitz Minerrek atmosfera ederrak sortzen ditu, birtuositate horretan, inondik ere, gogaikarria izan gabe. Hasier Oleagaren makila kolpeak edo eskuila laztanak zehatzak eta freskoak dira; eta rock-folkaren ehun klasikoekin josi baina usain jazzistiko nabarmena duen jantziteria sofistikatu horri eustea dagokio Lutxo Neirari.

KANTU ZERRENDA

  • Zerutik gertu ez da ondo egoten
  • Giltz gordea
  • Ordu txiki hoietan
  • Nirekin geratu
  • Martin Larralde
  • Esan gabeko arrazoia
  • Atako bandan
  • Enbaxadore hodeiertzean
  • Kantuaren gauza galdua
  • Haizea Garizumakoa
  • Euria atergabe
  • Bizitza eder denean
  • Egia da
  • Liluraren ondotik
  • Ene begiek
  • Zaindu maite duzun hori
  • Herdoilarena

(Berria egunkarian, 2015eko otsailaren 10ean argitaratutako kritika)

ETIKETAK:Arkaitz MinerRuper OrdorikaZuzenekoak