2022.05.23
Egitasmo berri bat aurkeztu dute Oiartzungo Bizardia elkarteak, herriko Udalak eta Ahotseneak. Kanterri, euskaraz kantatzen duen herria izenburuko ikastaroa antolatu dute Oiartzunen (Gipuzkoa), uztailaren 11n eta 12an, “euskarazko kantagintza bere ertz guztietatik aztertu eta balioan jartzeko” asmoarekin. Berria eta BADOK ataria babesleak dira.
Sei hitzaldik osatuko dute ikastaroa, Udalbatza Aretoan eta Arizmendieneko lorategian. Fermin Etxegoien idazle eta kazetariak zabalduko du egitaraua, Belarrezko katedralak. XX. mendeko kantagintzaz hitzaldiarekin. Ondoren, Anari Alberdi kantariak Zer, zergatik eta zertarako kantatu? galderei erantzungo die, eta Itxaro Borda idazleak itxiko du lehen eguneko saioa, Nondik eta nola idatzi kantaletrak? Esan eta egin hitzaldiarekin.
Bigarren eguneko lehen hitzaldia Ihintza Orbegozo musika kritikariak eskainiko du. Haize zaharrak eta berriak. XXI. mendeko kantagintza. Lehen 20 urteak aztertuko ditu Orbegozok. Imanol Epelde irakasleak hartuko dio txanda, Kanta dezagun bizitza (ikasgeletan ere). Edo nola lortu curriculum-dekretu bat sormenarentzako gaiari helduz, eta azkenik, Jon Maia bertsolari eta kantariak Zergatik gara kantu bat? azalduko du.
Ikastaroan parte hartzeko izen-ematea zabalik dago ekainaren 24ra bitartean. Ikastaroa osorik egin nahi dutenek 40 euroko matrikula ordaindu beharko dute, egun bakarra egin nahi dutenek 25 euro eta Berrialagunek eta soldatagabekoek 35 eurotan izango dute ikastaro osoa egiteko aukera.