Musika

Gorka Erostarbe

2015.03.07

Gorka Erostarbe

Kale txaranga sofistikatu bat

Sartu soinu eta irudi koktelera batean elefante mitiko bat, Europa ekialdeko kale orkestra bat, zirku zahar bat, Tom Waitsen erritmo sinkopatu eta teatralizazioa, istorio fantastiko bat irudietan emana, kostaldeko haize zoroa, herriko musika banda baten txatalak, rock arima, irudimena eta… auskalo zer irtengo litzatekeen osagarriak neurri egokian eta behar bezala nahastuko ez balira, baina Zumaiako (Gipuzkoa) Big Boy seikoteak gustu onez, arriskurako beldurrik gabe eta nortasunez egiten du. Eta piroteknia artifiziosorik gabe, zarata propagandistikorik atera gabe, ahoz ahokoaren bidez, jendearen belarrietara iristen ari da euren proposamena, iazko uda hondarrean argitaraturiko diskoaren —taldearen izen berekoa— oihartzuna. Gaur Arrasateko gaztetxean ariko dira, 22:00etan, Kooltur Ostegunak egitasmoaren barruan, eta bihar Elgoibarko Kultur Etxeko Sotoan, 23:00etan.

Big Boy azala

Big Boy taldea.

Beste hainbeste istorioren gisa berean hasi zen Big Boyrena ere. Musika zaletasunari irtenbide bat emateko, eta proiektu jakin bat buruan izan gabe hasi ziren jolasean Jon Garcia eta Iñigo Garcia anaiak. «Kantuak sortzen hasi ginen nire estudioan, baina ez talde bat egiteko asmoz. Berak tronboia jotzen du, eta nik, gitarra… Bi instrumentu horiekin soilik sortu genituen kantuak. Hamar bat kantu genituenean taldea sortzeko ideia bururatu zitzaigun, eta inguruko lagunei deitu genien». Haizezko musika tresnen pisua sendotzeko Zumaiako Musika Bandako lagunengana jo zuen Iñigok eta handik fitxatu-takoak dira Jose Luis Barredo (klarinetea, tronpeta eta baxu elektrikoa) eta Iker Hazas (bonbardinoa). Uhin Loiola adiskidearengana jo zuen Jonek bateria jo zezan, eta hainbat gitarra jotzailerekin proba egin ondoren, Harkaitz Bastarrika (gitarra eta baxua) izan da taldea osatu duena azkenean.  

Irudiak lagungarri
Hamabi kantuk osatzen dute Big Boyren estreinako diskoa, eta aurrez Euskal Herrian gutxitan, sekula ez esatearren, entzundako soinuak darabiltzate, esparru zabaleko erreferentziak jasoten baitituzte, nahiz eta konkretu bat azpimarratzea zaila izan. Haize instrumentuak gutxitan erabili diren moduan erabiltzen dituzte, ez jai giroko ska taldeen gisara. «Erreferentzia kontua ez da oso garbia: Harkaitzek salsa latinoa entzuten du, Uhinek jazza, nik heavya, Iñigok entzun dezake gure estiloko antzekoena… Tom Waits, Emir Kusturica, De Kift…. baina ezin esan talde bati jarraitzen diogunik …», zehaztu du Jonek. Big Boy Tango” entzun eta AEBetako hegoaldeko mugako ahaireak datozkio bati gogora, Calexico oihartzunetatik abiatuta; Andrea eta Txakurra” eder eta bizian Europako ekialdeko kaleko txaranga bat irudika liteke baina modu sofistikatuagoan eta rock lengoaia batez jantzita, eta zuri-beltzeko zinema eta zirku nostalgiko baten giroa iradoki dezake Errusia” tragikomikoak. Ez du denbora jakin bat euren musikak, inoizkoa eta betikoa da.

Taldeak dokumental bat prestatu zuen diskoa argitaratzearekin bat (http://bigboytaldea. blogspot.com.es/). Modu fantastikoan azaltzen dute taldearen sorrera. Diskoan esaten da Big Boy elefante berezi eta historiko bat izan zela, eta, istorioa gustatuta, taldeari izen hori jartzea erabaki zutela. Zuzeneko emanaldietan ere erabiltzen dituzte irudi horiek. Orain artean, bai dokumentalak eta bai diskoak ere «oso harrena ona» izan dute. Interneten, diskoaren 4.000 erreprodukzio egin dira jada, eta dokumentalaren nahiz diskoaren 400 bat ale saldu dira lehen sei hilabetetan… «Ezin gehiago eskatu!». 

(Berria egunkarian, 2015eko martxoaren 5ean argitaratutako artikulua)

ETIKETAK:Big Boy