2020.12.15
Gaur bezalako egun batean, duela 25 urte, ireki zituen ateak Bilboko Kafe Antzokiak. Martxoaz geroztik, pandemiaren ondorioz, itxita dauden ateak hain zuzen. “Egoera ahulean” heldu zaie urteurrena, Kafe Antzokiko kide Mikel Urbeltzek aitortu duenez. Urtemugaren harira, 25 urte hauetan Bilboko oholtza zapaldu duten hainbat musikarirekin egindako bideo-elkarrizketak zabaltzen hasi da Kafe Antzokia.
Bertan bizitako une gogoangarriak berriz oroimenera ekarri dituzte, musikariek ez ezik, Kafe Antzokiko hainbat kidek. Esaterako, Mikel Urdangarin, PI.L.T. eta Zea Mays-ek bertan emandako lehen kontzertuak edota Gari eta Josu Zabalak Hertzainak-en abestiekin 2019an eskainitakoa. Aitor Etxebarria eta Hannot Mintegia ere Kafe Antzokiarekin azken urteetan izandako harremanaz mintzatu dira. Jarraian dituzue bideo guztiak.