Musika

Andoni Imaz

2022.04.07

Andoni Imaz

Joseba Tapiari emango diote aurten Adarra saria

Lau hamarkada dira Joseba Tapia lehen aldiz plazetan jotzen hasi zela. Xabier Berasaluze Leturia lagunarekin aritu izan da urte luzez, baina bakarkako ibilbideari ere aspaldi ekin zion, duela hogei urte baino gehiago. Urteotan guztiotan bakarkako bederatzi disko plazaratu ditu. Donostiako Udalak, haren ibilbide oparoa saritzeko asmoz, Adarra saria emango dio aurten.

JOSEBA TAPIA - ADARRA SARIA

Joseba Tapia, Vioktoria Eugenia antzokian. Bertan jasoko du saria ekainaren 21ean. (Iñigo Uriz / Foku)

Epaimahaiak aho batez erabaki du saria Tapiari ematea. Horretarako, haren ibilbide luzea ez ezik, beste hainbat arrazoi ere hartu ditu aintzat, besteak beste, haren «moldakortasuna —era askotako estiloetan eta musikari handi askorekin frogatu baitu bere musika bikaintasuna—, herri musikaren ondarea kontserbatu eta zabaldu izana, eta hainbat eta hainbat pieza berri konposatu izana, bai eta akordeoiak askotariko musika ingurune eta giroetan duen gaurkotasuna frogatu izana ere». Jose Joaquin Forcada Forki kazetariak, Auria Etxeandia EGOko komunikazio arduradunak eta Esther Fernandino Donostia Kulturako Musika ataleko teknikariak osatu dute aurtengo saria erabaki duen aholku batzordea.

Ekainaren 21ean jasoko du saria, eta, segidan, kontzertu bat emango du, Viktoria Eugenia antzokian.

Donostiako Udalak eta Donostia Kulturak 2014an sortu zuten Adarra saria, euskal musikaren arloan garrantzi edo eragin bereziko ibilbidea egin duen edo egiten ari den artista bat omentzeko, urtero. Orain arte, Mikel Laboak, Ruper Ordorikak, Benito Lertxundik, Fermin Muguruzak, Anarik, Berri Txarrak taldeak, Kepa Junkerak eta Amaia Zubiriak jaso dute Adarra saria.

Buenos Aires izeneko auzoan jaioa da Tapia (Lasarte-Oria, Gipuzkoa, 1964), eta musikarekin harreman oso estua zuen familia batekoa. Txikitatik landu zuen musika, soinu handia hasieran, eta txikia ondoren, Eleuterio Tapia osaba irakasle zuela.

Harekin hasi zen plaza eta erromerietan jotzen, eta 1981. urtean agertu zen plazan bakarrik lehenengo aldiz, Donostiako Igeldo auzoan. Handik hiru urtera, aurrerantzean bere pandero jotzaile izango zuenarekin jotzen hasi zen, Leturiarekin. Euskal Herriko bikoterik ezagunenetako bat izan da Tapia eta Leturia.

Bide oparoa egin zuten elkarrekin: Jo eta hautsi (1987), Juergasmoan (1990), Dultzemeneoa (1992), Tapia eta Leturia Band (1995), Ero (1997), 1998 (1998), Bizkaiko kopla zaharrak (1999) eta Hain zuzen (2002) diskoak argitaratu zituzten, eta ezin konta ahala plazatan aritu izan dira kantari. Trikiti doinuak rockaren eta poparen moldeetara eraman zituzten lan horietako batzuetan.

Tapiak 1998an hasi zuen bakarkako bidea, Koldo Izagirre idazlearekin elkarlanean ateratako Apoaren edertasuna diskoarekin eta ondorengo ikuskizunarekin. Bakarkako hurrengo proiektuan, Québec, hamalau kantu independentziarako diskoan (1999), herrialde horretako idazle eta poeten kantuak abestu zituen, Itxaro Bordak eta Izagirrek euskaratuak.

“Jende asko aritzen da lanean, eta lan komunitarioa da; beraz, sari hau haiekin partekatu nahiko nuke”

36ko gerran euskaldunek abesten zituzten kantu antifaxistak berreskuratu zituen Agur Intxorta maite. 1936-1937 guda kantuak lanean (2001), Izagirreren laguntzaz. Eta Bigarren Karlistaldiko bertsoak musikatu zituen, hala karlistenak nola liberalenak, 2010ean, Eta tira eta tunba-n. Tartean, estimatzen zituen testuei musika jarri zien Real politik diskoan (2006).

Tapiak, soinu txikia alde batera utzi, eta gitarra klasikoa hartu zuen Tximela kapitainaren izarrak (2013) diskoa grabatzeko, eta elektrikoa, berriz, Besamotzak-en (2017). «Jotzaileak egiten du instrumentua, eta ez alderantziz», esan zion BERRIAri 2014ko elkarrizketa batean, gitarrarekin sortzeari buruz.

Banda zabal baten laguntzarekin sortu ditu orain arte ateratako azken bi diskoak: Tranpaldo (2019) eta Egon edo ez egon (2021). Haize instrumentuek eta koruek lagundu diete trikitiari, gitarrari, baxuari eta bateriari. Zuzenean grabatu zuen bi horietan lehenengoa, eta estudioan bigarrena, bederatzi musikari eta hiru abeslarirekin. Izagirrerenak dira Egon edo ez egon-eko kanten hitzak.

Horrez gain, Zaldibobo eta Hiru Truku taldeetako kide ere izan da Tapia, eta Euskal Herriko zein atzerriko musikari askorekin kolaboratu izan du.

Bidelagunekin esker oneko

Hain zuzen, bere ibilbidean bidelagun izan dituen guztiekin esker oneko agertu da Tapia sariaren harira egindako agerraldian. «Lanak nire izenean aurkeztuagatik, lan komunitarioak izaten dira gureak». Alboan izan dituen musikariekin ez ezik, disko baten grabazioaren atzean izaten diren kide guztiekin ere gogoratu da. «Jende asko aritzen da lanean, eta lan komunitarioa da; beraz, sari hau haiekin partekatu nahiko nuke».

Herri musika zabaltzea eta pieza berriak egitea izan da Tapia saritzeko arrazoietako bat, eta, hain justu, bi arloak izan ditu hizpide. «Sinistuta gaude euskarak behar duela kantu berria, kantu zaharraz aparte. Ondare ederra dugu kantu zaharretan, baina iraungo badu eta osasunez aurrera egingo badu, uste dugu euskarak behar duela kantu berria. Horretan hartu genuen konpromisoa, eta horretan ari gara lanean». Musikari gazteengan jarri du arreta. «Kantu berria behar du euskarak, eta, batez ere, behar du gazteen kantu berria, ahotsa, lana, esperimentazioa. Gure aurrekoek hori eskaini ziguten guri, eta ondorengoak behar ditugu honek aurrera egingo badu». Euskaraz lanean ari diren musikarientzat ikusgaitasun handiagoa ere eskatu du.

Musikariak bere lanik berriena, Egon edo ez egon diskoa, aurkeztuko du ekainaren 21eko kontzertuan, Marijose Rekalde eskultoreak egindako sariaren garaikurra jaso ondotik. Apirilaren 28an leku berean ematekoa zen kontzertua ordezkatuko du ekainekoak —sarrerak salgai daude dagoeneko, eta apirilerako erositakoak ere baliagarriak izango dira—. Diskoan parte hartu duten bidelagun guztiak emanaldian biltzen saiatuko dela adierazi du Tapiak. «Jende andana da, eta haien aurrean eta haiei eskerrak emateko parada izango nuke».

ETIKETAK:Adarra SariaJoseba Tapia