Musika

Andoni Imaz

2022.06.23

Andoni Imaz

Joseba Tapia, kantutik pozerako bidea

«Trikitilari handiak ezagutu ditut, miretsi ditudanak. Adibidez, Iñaki Garmendia Laja, Faustino Azpiazu Sakabi eta Jazinto Rivas —ez nuen ezagutu, ni jaio nintzen urtean hil omen zen, baina osaben bidez jakin nuen nolako trikitilari bikaina zen—. Baina, azkenean… saria niri eman didate. Eskritore eta letragile oso onak eduki ditut aldamenean: Jon Sarasua, Jakoba Errekondo, Koldo Izagirre, Joxe Mari Lopetegi… Baina, azkenean, saria niretzat. Instrumentu onekin jotzeko aukera eduki dut: Zero Sette, Castagnari, Hohner, Larrinaga Guerrini… Baina, hala ere, saria niretzat. Ez al da marka ikaragarria?». Joseba Tapia musikariak umorez jaso zuen Adarra saria, atzo, Eneko Goia Donostiako alkatearen eskutik, eta Viktoria Eugenia antzokia bete zuten entzuleek gogotik eskertu zioten, barre eta txalo artean. «Ordainetan, kantu batzuk kantatuko dizkizuet, munduko talde hoberenarekin».

JOSEBA TAPIA - ADARRA SARIA

Joseba Tapia, soinu handiarekin; atzean, Olaia Inziarte, Nerea Erbiti eta Kristina Aranzabe abeslariak eta Iker Uriarte bateria jotzailea, ezker-eskuin. (Gorka Rubio / Foku)

Alkandora zuria urdin eta berde koloreko estanpatu batekin aldatu, eta hasi zen festa: Tapiak eta bere orkestra zabalak ordu eta erdiko kontzertua eman zuten, kanpoko zirimiriaren eta giro tristearen babesean, eta 450 bat lagunen berotan. Entzuleen txaloek markatu zuten “Gerrako gure ibilerak” kantaren erritmoa, agertokia bete musikariren aurrean: Tapia, trikitia eta soinu handia aldean zituela; Ibon Irixoa, saxofoi tenorrarekin; Ion Celestino, tronpetarekin; Amets Aznarez, tronboiarekin; Txus Aranburu, teklatuan; Iñigo Telletxea, baxuan; eta Iker Uriarte, baterian. Hurrengo abestirako sartu ziren hiru koristak, “Madrilgo lagunak” kantatzeko: Olaia Inziarte, Nerea Erbiti eta Kristina Aranzabe. Haien dantzek bizitu zuten ingurua.

Tapiari Egon edo ez egon diskoa aurkezteko sasoian iritsi zaio saria, eta lan horretako lehendabiziko lau abestiak jo zituen elkarren segidan: “AHT”, “Nerbioiko zirgariak”, “Gudazkenez” eta “Gure esku dago”. Diskoaren grabazioan parte hartu zuen Mixel Ducauk, eta kontzertura ere gonbidatu zuten: «14 urte izango nituen Errobi taldea ikusi nuenean lehenengo aldiz, eta txundituta utzi ninduen; ez nuen horrelako rockik entzun ordura arte». Tapiak handik urte batzuetara ezagutu zuen Ducau, eta «liluratu» egin zuen.

Ducau saxofoi altuarekin aritu zen; haizezko lau musika tresnek dotore jantzi zituzten kantak, amaierak luzatu, eta beren trebezia erakutsiz. Eta, halaxe, reggaetik tangora, musikari baionarra dantzan aritu zen jo bitartean, eta antzokia txaloka jarri zuen “Gure esku dago”-ren errepikan.

Kontzertuan, saridunak gogoan izan zuen Eleuterio Tapia osaba. Batetik, hark zer goxo hartzen zuen etxean, trikitia jotzen ikastera joaten zenean: «Asteasu [Gipuzkoa] eta osaba Eleuterio ziren Heidi aitonaren etxera joatea bezalako zeozer. Hango dena zen ederra, baita pareta okerrak ere». “Xalo-xalo”-ren aurkezpenean esan zuenez, berak sega hartu eta «sator-zuloak, harriak eta denak pasatzen» omen zituen, osabaren desesperaziorako. «Pasatu dira urteak, eta oraindik horrela segitzen dut segan».

JOSEBA TAPIA - ADARRA SARIA

Mixel Ducau, Ibon Irixoa eta Ion Celestino haizeak, Txus Aranburu atzean dutela. (Gorka Rubio / Foku)

Hunkigarriagoa izan zen “Inork nahi ez dun etxea” kantaren aurreko hizketa: «Osabak ez zekien asko politikaz; errespetua zien sasian ibiltzen zirenei, baina esaten zuen: ‘Kartzelan baldin badaude, zeozer egingo ziten’». 60 bat urte zituela, guardia zibilak tiroka sartu ziren haren baserrira. «Ez zuten bertan hil, milagroz». Madrilera eraman zuten, eta han, torturatu. «Txikituta etorri zen handik, hezurretan terrorea zeukala. Bi urtera, hil egin zen». Haren omenez kantatu zuen El Duesoko espetxeari buruzko abestia.

Dantzarako giroa

Soinu handiaren ordez trikitia hartu, eta kontzertua beste kolore batez jantzi zuten hortik aurrera, beste gonbidatu batekin: Xabier Berasaluze Leturia, «munduko pandero jotzailerik onena». Haren poz kutsakorrarekin jo zituzten “Biba Berango” eta “Astotxo bat baneuko”, patioetan eseritako entzule batzuk dantzara altxarazteraino. “Irla han da” kantarekin eserita zeudenak ere mugiaraziz agurtu zen taldea.

Txalo zaparradari amaitzeko astirik eman gabe, agertokitik joan eta minutu batera, hara non, Tapia trikitiarekin eta hiru abeslariek lagunduta agertu zen antzokiko eskaileren goialdean, “Maitatzen zaitudalako” kantatzen, antzoki osoa kantuan jarriz agertokirainoko bidea egiteko.

Talde osoarekin jo zituzten azken bi kantak, Ducau, Leturia eta beste musikari guztiak bilduta: entzuleek atseginez hartutako “Aritmetika arazoak”, eta haizezko instrumentuek gidatutako “Compostelako erromesa”-ren moldaketa desberdin eta berezia, zortzi minutuz luzatu zutena, saxofoi, tronpeta, tronboi eta piano soloekin.

Entzuleak zutik, giroa bero, txaloak eta irrintziak, eta, «orain etxera joan behar al dugu?», galdera orokorra, antzokitik ateratzen ari zen jendearen ahotan. Azkenean, ez diote alferrik eman Adarra saria Joseba Tapiari.

ETIKETAK:Adarra SariaJoseba Tapia