Musika

Andoni Imaz

2021.11.04

Andoni Imaz

Joseba Irazoki eta Lagunak: lagunartea, taldeago

Joseba Irazoki eta Lagunak taldeak esparatrapuzko tiren atzean ezkutatu ditu izenak hirugarren diskoaren azalean. JIEL akronimoarekin aurkeztu dute taldea, eta III izenburu soila jarri diote lanari. «Aspertuta nago nire izena karteletan ikusteaz», esan du Joseba Irazokik irriz. Orain taldeari eman nahi dio garrantzia. 2014an atera zuen Lagunak izeneko kolaboratzaileekin egindako lehenengo diskoa; 2018an proiektua sendotu zuten Zu al zara? lanarekin, eta «talde soinu bat» lortu; oraingoan, lotura trinkotu nahi izan dute.

Joseba Irazoki & Lagunak

Joseba Irazoki eta Lagunak taldea.

Irazoki gitarrista eta abeslariak, Ibai Gogortza gitarra jotzaileak, Jaime Nieto baxu jotzaileak eta Felix Buff bateria jotzaileak orain dela hilabete kaleratu zuten III diskoa, Bidehuts zigiluarekin. Urte batzuk eman dituztenez elkarrekin jotzen, Irazokik uste du entzuleek dagoeneko ezagutzen dutela taldearen soinua: «Azken bi diskoek islatzen dute zuzenean egiten duguna, lortu dugun batasun hori; nire ibilbideko proiekturik egonkorrena da, eta hori nabaritu egiten da musika egiterakoan».

Hiru eta bost minutu arteko bederatzi abestik osatzen dute diskoa. Aurrekoak baino soinu esperimentalagoa du, Irazokiren hitzetan. Ohi baino denbora luzeagoan landu dute, eta ñabardurekin jantzi. Bidaia bat hasten da “Galtzen ari da” kantuaren sarrera leun eta misteriotsuan, post-punk ukitu bat dute “Etorkizuneko nostalgia”-k eta “Gizaki dependentea”-k, eta biziagoak dira “Oro”, “Ikusezina” eta “Sikarioa afterrean”, amaiera aldean. «Baliteke bi alde egotea: lehenengoa ez dakit sofistikatuagoa den, baina entzungarriagoa bai, nolabait; eta bigarrena zuzenagoa, erritmikoagoa eta dantzagarriagoa da».

Iaz sortu zituen abesti guztiak, konfinamenduaren garaian. Irazoki «hutsetik» abiatu zen ia: «Bozetoak antolatu, eta bederatzi kantak maketatu nituen etxean, erritmo kutxekin, sampler-ak egiten, baxua jotzen…».

Normalean ez du izaten abestiak horrenbeste lantzeko denborarik, eta pozez oroitu du prozesu hura: «Ia-ia momenturik politena izaten da: zerbait baduzula nabaritu, eta hori kanta bihurtzen denean. Gainera, lagungarria izan zen iluntasunean».

Aukera izan zutenean, taldean elkartu ziren abestiak osatzeko. «Inoiz baino gehiago landu ditugu kantuak, eta denbora gehiago hartu dugu estudioan». Beran (Nafarroa) grabatu zituzten abestien oinarriak, iragan otsailean, eta hiru hilabeteren ondoren grabatu zuten ahotsa; tartean findu zituen gitarraren moldaketak eta sintetizadoreak, besteak beste.

Hortaz, disko «pandemiko» bat egin dute: «Gaur egungo disko bat». Giroarekin bat egiten dute musika moldatzean bilatutako iluntasunak eta Irazokiren zein kolaboratzaileen hitz kritikoek. «Gure datuak eta bizitza/ enpresei eman dizkiegu»; «oro zifra/ oro datu/ algoritmo/ zein olatu»; «banpirizatuta zonbi gisa gabiltza/ kalean, lanean, tabernan, etxean»; «debalde egiten dugu lan Googlerentzat/ debalde lan Twitter, Facebookentzat»; «nagusi bat behar dut bizi ahal izateko/ ez naiz kapaz bera gabe gauzak egiteko».

“Azken bi diskoek islatzen dute zuzenean egiten duguna, lortu dugun batasun hori; nire ibilbideko proiekturik egonkorrena da, eta hori nabaritu egiten da musika egiterakoan”

Gorka Erostarbek idatzi ditu kantu baten hitzak, Joxi Ubedak beste batenak, eta Xabier Gantzarainen testuetan oinarrituta egin ditu Irazokik beste bi.

Irazokik berak idatzi ditu kantu gehienen hitzak. «Gero eta gehiago ausartzen naiz, nahiz eta ez dudan askorik maite. Lan bikoitza eskatzen dit musikaren aldean, baina gero, zerbait lortzen dudanean, konturatzen naiz beste modu batera sartzen naizela kantuan», azaldu du.

Gustatzen zaio kolaborazioekin tartekatzea; «diskurtsoari arnasa ematen dio». Oraingoan, badaude lotura batzuk, «bizi ditugun garaiak eta arriskuak» kezka sortzen diotelako musikariari. «Bestalde, nire buruhausteak beti izaten dira pertsonen arteko harremanak: lagun artekoak, familiakoak… Eta hori ere ageri da».

Giro iluna
Diskoaren kredituetan, Irazokiren izenaren ondoan ez dira gitarra eta ahotsa soilik ageri: sintetizadoreak eta «zarata» ere bai. Musikariak askotariko tresnak erabili ditu diskoaren soinua janzteko: «Malgukiekin egindako instrumentu bat daukat, pastilla batekin, eta pedaletatik sartuta zarata karrankaria egiten du». Kaossilator sintetizadorearekin ere sortu ditu soinu batzuk, makina industrialen hotsa duten sampler-ak erabili ditu, eta gitarrarekin eta pedalekin ere giro hori elikatu du une oro.Diskoaren azala Ramon Zabalegirena da, aurrekoak bezala. Irazokik eskatu zion itxura «urbanoa» eduki zezala «folkie-a baino gehiago». Zabalegik esparatrapuak eta zinta amerikarra erabili ditu, gitarristek aldean eraman ohi dutelako material hori. Izena erdi ezkutuan mantentzea erabaki dute; entzuleak saiatu egin behar du ikusten: «Uste dut hori eskatzea ongi dagoela».

Azken asteetan zuzenean aurkeztu dute diskoa. Oñatin (Gipuzkoa) eman zuten lehen kontzertua, eta Tolosan (Gipuzkoa), Gasteizen eta Hondarribian (Gipuzkoa) izan dira ordutik, besteak beste. «Esan digute kantu berriek aurrekoekin ongi ematen dutela errepertorioan, eta hori da kritikarik onena guretzat». Gaur Bilboko Kafe Antzokian ariko dira, 21:30ean, Sonic Trash taldearekin batera. Azaroaren 12an Seguran (Gipuzkoa) eta 19an Miarritzeko Atabal aretoan joko dute (Lapurdi).

ETIKETAK:BidehutsFelix BuffGorka ErostarbeIbai GogortzaJaime NietoJoseba Irazoki eta lagunakJoxi UbedaXabier Gantzarain