Musika

Iraia Vieira Gil

2022.11.01

Iraia Vieira Gil

Jazza, meditazio teknika berria

Indian duela 2.500 urte baino gehiago berreskuratutako meditazio teknika da vipassana, eta gauzen iraunkortasunik eza du filosofia oinarri nagusia. Onaren eta txarraren arteko oreka lortzea da, zehazki, meditazio mota horren helburua, eta hori azaldu nahi izan du Ruben Salvador tronpeta jotzaileak Equanimity disko berrian. «Hamaika abestik osatzen dute diskoa, eta abesti bakoitzak meditazioaren atal bati egiten dio erreferentzia».

Raul Bogajo / Foku

Ruben Salvador musika sortzaile eta tronpeta jotzailea, ‘Equanimity’ diskoaren aurkezpen egunean. (Raul Bogajo / Foku)

Meditazio atal baten izena du kantu bakoitzak horregatik, edo, bestela, autorearengan eragina izan duen irakaskuntzarena. «Metta da meditazioaren azken pausoa eta diskoaren azken abestia», azaldu du. Second line erritmo alaiez konposatuta dago kantua, eta Salvadorrek meditazioa amaitu ondoren sentitzen den poztasuna transmitu nahi izan du. «Ikasleek beren buruak guztiz kontrolpean izateko teknikak ikasi dituzte ordurako, baina ez da batere erraza horraino iristea».

Salvadorrek berak duela urte batzuk egin zuen erretreta espirituala izan da diskoaren iturburu nagusia. «Denbora luzea eman nuen sormen krisi sakon batean murgilduta, eta, familia arazoak ere banituenez, erretreta bat egitea erabaki nuen». Eta lagungarria izan zitzaion. «Orduan etorri zitzaizkidan milaka melodia berri burura».

Erretreta egin behar zuen zentroan, baina, oinarrizko gauzak baino ezin zituen eraman, eta sortu berri zituen melodia horiek koaderno batean apuntatzeko modurik ez zuen; buruan gorde behar izan zituen guztiak. «Diskoaren parte dira erritmo horietako batzuk; beste asko, aldiz, ezin idazteagatik ahaztu zitzaizkidan».

Dena den, eta jazz erritmoei dagokienez, tronpeta jotzaileak aurreko diskoetako estilo «klasikoa» mantendu nahi izan du, «elektrikoagoak» diren abesti pare bat kenduta. «Zerbait organikoa egin nahi nuen, zerbait estandarra». Eta, beraz, gaiaren lanketa da laneko sorpresa nagusia. «Askok zoratuta nengoela esan zidaten erretreta batean inspiratutako diskoa konposatu behar nuela esan nienean», gogoratu du. Badaezpada ere garbi utzi nahi izan du erretrata horiek ez direla batere «sektarioak», eta meditazioa, erlijioa baino gehiago, norbere burua ezagutzeko bizi filosofia bat dela.

Inpartzialtasuna

Grabaketa lanetan aritutako taldea ere «betikoa» da: Salvadorren aurreko zenbait proiektutan parte hartu duten musikariek osatzen dute. Hilario Rodeirok, Satxa Soriazuk, Aritz Luzuriagak eta Julen Izarrak, esaterako. Askok 2007. urtetik daramate tronpeta jotzailearekin kolaboratzen, garai hartan hasi baitzuen bere ibilbide musikala.

Egun, hamabost urteren ondoren, euskal jazz musikari «ospetsua» bihurtu da, askoren iritziz. Haren azken lanak, Equanimity-k, behintzat, oso kritika positiboak jaso ditu jazzaren industrian. «Uztailean kaleratu genuen diskoa, eta ordutik harrera oso ona izan da», berretsi du berak ere. Are gehiago, sorkuntzak hasieratik zuen helburua betetzen ari dela adierazi du, eta ikus-entzuleei behar bezalako sentsazioak transmititzen ari dela. «Lasaitzeko ariketa da, entzuleari baretasun sentsazioa eman nahi diona».

Izenburuak berak iragartzen duenez, inpartzialtasuna sentiarazi nahi du diskoak. Salvadorrek hala azaldu du: «Inpartzialtasuna oreka da. Gauzak joan eta etorri egiten dira, eta guk hori onartu beharko genuke». Ondorioz, sentimendu kontzienteei ematen zaien baino garrantzia handiagoa eman behar zaiela azpimarratu du. «Ez ditugu momentu guztiak behar baino gehiago sentitu behar. Ona den zerbaiti gehiegizko poza ematen badiogu, behar baino okerrago sentituko gara gero», azaldu du.

Laguntza falta

Musikaren industria nagusitik kanpo kokatu du bere proiektua sortzaileak, eta halako proiektu alternatiboak garatzeko laguntza handiagoak behar liratekeela salatu du. Kultura sailei eskatu die, bereziki, laguntza; dioenez, ikus-entzuleekin ezin baita kexatu. «Jendea badator gure kontzertuetara, eta leku huts askorik ez da geratzen, baina egin behar den lana handia da artistentzako. Eta nekeza da».

Festibaletan jotzeko aukera dute gehienbat, haren hitzez azalduta, «industria nagusitik kanpo» dauden musikari horiek. Salvadorrek, esaterako, diskoa atera eta berehala zabaldu ditu bere jazz erritmoak leku anitzetako jaialdietan. «Adibide batzuk aipatzearren, Donostiako, Gasteizko eta Salamancako (Espainia) festibaletan jo dugu diskoa atera genuenetik». Eta emanaldi gehiago nahi dituzte orain.

Horretarako, kontzertu gehiago hitzartzeko lanetan dabiltza tronpeta jotzailea eta haren talde osoa, eta uda heldu baino lehen oholtzara igotzeko aukera izango dutela dirudi. «Martxoan Miranda Ebroko (Burgos, Espainia) jazz jaialdian eta Gasteizko Dazz tabernan joko dugu». Hala eta guztiz ere, aurreratu duenez, ez dira horiek izango emango dituzten kontzertu bakarrak, oraindik saio asko konfirmatzeke daudelako.

ETIKETAK:RS FaktorRuben Salvador