Musika

Julen Azpitarte

2015.03.09

Julen Azpitarte

‘Jaiki & Shake’ (Gora Gora Kids, 2015)

gorakids

‘Jaiki & Shake’ (Gora Gora Kids, Blue Car Records, 2015)

British Invasion 1960ko urteetako fenomenoaren itzalpean (Rolling Stones, Beatles, The Kinks…), AEBetako klase ertaineko makina bat nerabe gurasoen garajeetan sartu ziren, haien idoloak imitatzeko asmoz; kopeta-ilea ere luze utzi zuten mukitsu amateur horiek. Instrumentuak jotzeko gaitasunik eza bertute bihurtu, eta fuzz efektudun gitarra gordinekin eta oihu primitiboekin jantzitako ereserki ezezagunak grabatu zituzten, estropezuka, gerora etorriko zen punk-rockaren hazi bilakatuz.

Hala, 1972an, kantuok Patti Smithen musikari Lenny Kayek bildu eta Nuggets bilduma-saila ondu zuen, Elektra zigilu klasikoarentzat, garage-rock etiketa loratuz. Nuggets horiek eragindako olatua hartzen jakin zuen Greg Shaw (Bomp Records) kaliforniarrak, eta Pebbles bildumak kaleratu ere, 1979an. Shawk, gainera, 1980ko hamarkadan Kalifornian piztutako garage-rock revival-eko talde askoren diskoak ere argitaratu zituen. Halere, 1960ko urteetako proto-punker gazteen Grial Santua Crypt Records diskoetxe estatubatuarrak plazaratu zuen, 1983an: Back from the Grave bilduma-sorta (oraintsu 9. eta 10. aleak kaleratu ditu Crypt-ek, 8.a plazaratu eta 33 urtera). Horrela, teen-punker-en hotsak hainbat talderen lokaletara iritsi ziren, eta ondorioz, 1980ko urteetako garage-revival globala hedatu zen: The Chesterfield Kings, The Gruesomes, The Lyres… gaurdaino; tartean, gure hiriburuetako aretoak betetzen dituzten Wau y los Arrrghs!!! valentziarrak.

Bada, gure musikan garage-rocka ez da batere sustraitu, 1960ko urteetako Enarak taldearen EP bakarra (garagea baino, psikodelia da) eta Gora Gora Kids laukotea salbu; izan ere, kobazuloetako soinu horien euskal ordezkari garaikide bakarrak dira Gora Gora Kids. Gainera, «in exotic basque language» abesten dute. Bada, argitaratu berri duten Jaiki & Shake! EPan, berriro ere, lau doinu lotsagabe, hedonista eta handinahikeriarik gabekoak jaso dituzte, inongo birtuosismorik gabe, eta gutxieneko grabazio-teknikak baliatuz. Tira, sofistikazio puntu bat bai erantsi diotela taldeari eta diskoari: gitarretako bat galdu, eta Elisa batu zaie, teklatu eta marakekin.

Guitar-break aztoragarria gordetzen duen Neskamutilak”-ek irekitzen du A aldea, eta gero “Bederatzigarrena” dator. Bigarren horretan Elisaren eskua nabaritzen da, teklatu psikodelikoen laguntzaz. B aldea Ramonesen kutsu surfzalea urratzen duen “Etzait inporta” kantuarekin hasten da, maraka eta guzti, eta, azkenik, nire kuttuna altxatzen da bere hilobitik, diskoa ixten duen “Dracula Wedding”: The Music Machine-ren garage itzaltsua, Man-or-Astro-man? taldearen galaxia izartsua eta Munster Family telesailaren sintonia uztartzen dituen kantu onomatopeikoa, theremin hotsekin apaindua: «Ha, ha, ha, ha, ha, ha, ha…».

(Berria egunkarian, 2015eko martxoaren 8an argitaratutako kritika)

ETIKETAK:DiskoakGora Gora KidsJaiki & ShakeKritikak