2019.06.25
Bartzelonako Barnasants jaialdiaren enkargu bati jarraituz, disko berria grabatzen aritu da Jabier Muguruza azken asteetan. Disko-liburu formatuan argitaratuko da lan berezi hori udazkenean, eta Bernardo Atxagaren testuak eta 80ko eta 90eko hamarkadetako Euskal Herriko talde eta bakarlari batzuen 15 kanturen bertsioak bilduko ditu. Diskoa grabatzeko, lau musikari izan ditu alboan Muguruzak: Mikel Artieda (baxua), Jean Marie Ekai (gitarra), Mikel Azpiroz (teklatuak) eta David Gomez (bateria).
Luzea da Barnasants jaialdiaren eta Jabier Muguruzaren arteko harremana. 1998. urtean jo zuen irundarrak lehen aldiz bertan, eta geroztik beste bederatzi aldiz egin du: 2003an, 2008an, 2010ean, 2012an, 2014an, 2015ean, 2016an, 2017an eta 2018an. Kontzertu horietako bat, 2015ekoa, zuzeneko disko batean jaso zuten.
1994an bakarkako bidea hasi zuenetik Muguruzak grabatu duen hemeretzigarren lana da hau. Aurrekoan, Leiho bat zabalik(Mara Mara 2017), soinu ehundura berriak landu zituen, gitarra elektrikoan eta elektronikaren erabileran oinarrituta, baina disko berrirako ohiko talde formatura itzuli da. Mikel Azpiroz eta David Gomezekin hainbat diskotan egin du lan Muguruzak, baina lehen aldia du Mikel Artieda eta Jean Marie Ekai Itoiz taldeko gitarrista ohiarekin.