Musika

badok

2020.10.07

badok

“Izurdeen lekua” du izenburu Mikel Urdangarinen lan berriak

Mikel Urdangarinen disko berriaren izenburua eta azala ezagutzera eman ditu *ZART kolektiboak. Izurdeen lekua deituko da Zornotzako (Bizkaia) abeslariaren kantu bilduma berria, eta Alain Urrutia artistak diseinaturiko azala erakutsiko du. Diskoa ez da azaroa baino lehen argitaratuko baina aurresalmenta martxan jarri du *ZARTek bere webgunean.

Mikel Urdangarin Izurdeen lekura

Alain Urrutiak egin du Urdangarinen disko berriaren azala.

Duela aste batzuk aurreratu genuen bezala, pianoarekin konposatu ditu Urdangarinek disko berriko abestiak, eta Koldo Uriarte teklatu jotzailearekin landu du diskoaren ekoizpena. *ZART kolektiboak azaldu duenez, lanaren izenburuak zerikusia du maiatzean euskal kostaldera “senak aginduta” gerturatutako izurdeen etorrerarekin. Une hartan disko berriarekin aurrera egin ala ez zalantzan zebilen Urdangarin. “Berak ere senari kasu egitea erabaki eta kantu sorta berriari heldu zion irmo”, dio argitaletxeak. Haren hitzetan, “ebokazioz beteriko lana” da Izurdeen lekua, “orain arte ibili gabeko paisaiek koloreztatua, gertuko galeren argia daramana bere baitan”.

Ohiko musikariekin grabatu du Urdangarinek disko berria, alegia, Koldo Uriartez gain, Jon Cañaveras (baxua), Rafa Rueda (gitarra), Ander Hurtado de Saratxo (bateria) eta Nika Bitxiasvili (biolina). Halaber, Margolaria diskoan bezala, Alison Keable abeslariak kolaboratu du.

Azaroaren 14an Orioko kiroldegian aurkeztuko du Urdangarinek disko berria. Abenduan Bilboko Kafe Antzokian eman behar zituen bi kontzertuak aldiz, bertan behera geratu dira, pandemiaren ondorioz aretoak itxita jarraitzen baitu.

ETIKETAK:Alain UrrutiaAlison KeableAnder Hurtado de SaratxoJon CañaverasKoldo UriarteMikel UrdangarinNika BitxiasviliRafa RuedaZART