Musika

badok

2018.11.21

badok

Izaki Gardenak-en abesti berria estreinatu dugu

Azaroaren 29an argitaratuko da Dena oskol, Izaki Gardenak taldearen laugarren diskoa. Hiru urte igaro dira Aiurri gara kaleratu zuenetik, eta gogoa dago Gasteizko boskotearen abesti berriak entzuteko. Hauxe da taldeak egungo formazioarekin grabatzen duen lehen diskoa: Jon Basaguren (ahotsak eta gitarra), Libe Garcia de Kortazar (teklatuak, ahotsa), Danilo Foronda (gitarra), Fede Egiluz (baxua) eta Dani Arrizabalaga (bateria). Gaur lan berritik ateratako bigarren aurrerapen abestia estreinatu dugu, “Ekaitzen arrazoien bila”.

Dena oskol Sevillako La Mina estudioan grabatu zuen Izaki Gardenak-ek udaberrian, Raul Perez soinu teknikariarekin (Pony Bravo, Maika Makovski…). Zortzi abesti biltzen ditu eta binilo zein CD formatuetan argitaratuko du Erraia Diskoak zigilu sortu berriak. Durangoko Azokan eskuratu ahal izango da euskarri fisikoan —ondoren iritsiko da dendetara eta zigiluaren web orrian ere erosi ahal izango da—, baina kantuok zuzenean entzuteko urtarrilera arte itxaron beharko da —Durangoko Azokako Ahotsenea gunean abenduaren 6an eskainiko duten saioaren salbuespenarekin—.

Dena den, kantu berriak akustikoan eta bakarka aurkezteko hainbat emanaldi eskaintzen ari da Jon Basaguren. Datorren igandean Bilboko Kafe Antzokian izango da, Gaztezulo aldizkariaren 200. zenbakia ospatzeko jaian; azaroaren 28an, Donostiako La Tabernan joko du, azaroaren 30ean Ondarroako Moby Dick aretoan, eta abenduaren 3an Gasteizko Parral tabernan.

Diskoari izenburua ematen dion abestia hemen entzun dezakezu.

ETIKETAK:Erraia DiskoakIzaki GardenakJon BasagurenRaul Perez