2018.10.22
Ez da usu gertatzen kontua; ez da usu agertzen kantua. Esperantzara kondenatuak gaude nonbait; bada argi-printzarik, baita hirietan bizigarrien dena itzali behar bada ere, baita komunikazio ezinaren murrurik trinkoenak soinu-fedearen azken hatsez, azken balsez, deuseztatu behar badira ere. Aldian-aldian, tartean-martean, txitean-pitean, ezustean harrapatzen zaitu doinu batek, letra batek; gutxiagotan biek batera… eta ai! gertatzen denean: ez dago haren burbuila magnetikotik libra daitekeen belarridunik.
Eman diozu klik botoiari, garai bateko play-aren molde uniformizatu horri, ez zerbaiten peskizan, denboraren itolarriak keinu automatiko bihurtu baitu ekintza. Hasi zara pieza entzuten, belarrikera ez gogogabetu baina bai nagitu batez… eta hara, bihotz taupaden tempoko beat bat, atmosfera The XX-tarra ondoren, eta atzerabiderik gabe aurrera zaramatza kantuak, errekan jausitako hostoa nola, ahots xuxurlati gozo batek gidaturik. Harrapatu zaitu korronteak. Eta pixkanakako in-crescendo bat, asteon bertan agurra iragarri duen Deloreanen eran, esaterako. «Dantza dezagun bakarrak bagina, uneko desioen barkuko gidariak plazeraren irlarako ontzian ondora gaitzan».
Eta Berlin itzali dela iragartzen duen esaldiarekin, norbera piztea gomuta musikalek lagunduta, hasi Kurt Weill eta Marlene Dietritchetik, musika elektronikotik igaro, eta Lou Reed, David Bowie, Leonard Cohen… Eta «then we take Berlin…».
Eta Mice-k “Bizia arnas” oihu askatzaile indartsua eta Izaki Gardenak-ek “Dena oskol” pop-country malenkoniatsua plazaratu dituzten astean berean, halako bizigogo berritu bat sentiarazi dizute, kantuaren amaierako lehertze leunarekin. Estasi apal dotore batez hiltzen baita Montauk laukotearen “Itzali da Berlin” kantu kaleratu berria. Bateriaren erritmo bizitu nahiz dantzagarrituak bihotz taupadak azkartu dizkizu, eta duoan abesturiko azken hitzek pop onaren marka zizelkatu dizute gorputzeko oilo ipurdi agerikoan. Eta disko osoa entzuteko irrika piztu. «Itzali da Berlin, dantza dezazun nirekin». Itzali da Berlin; piztu naiz ni.
(Berria egunkarian, 2018ko urriaren 21ean argitaratutako iritzi artikulua)