Musika

Iñigo Astiz

2016.04.18

Iñigo Astiz

Iturriak aldarrikatzen

“Rock-and-rollean dena dago asmatuta, edo guri gustatzen zaigun rock-and-rollean behintzat dena dago asmatuta. Beste talde batzuek ekar ditzakete gure musikak gogora, eta inoiz ez dugu ostendu hori, zeren gu musikazaleak baikara musikariak baino gehiago, eta gure kantek beste talde batzuen antza izatea, lotsatzeko motiboa baino gehiago, harro egoteko motibo da guretzat». Aldarrikapen kutsuz deskribatzen du Eskean Kristö taldearen erreferentzia sarea Pello Artabe abeslariak, eta zerrenda luze bat osatuz aurkezten du horregatik beren nortasun agiria: The Rolling Stones, The Cult, T-Rex, Black Crowes, Lynyrd Skynyrd, hasierako Guns n’ Roses… Eta osagai horiek guztiak nahasiz sortu dituzte estudioko beren bigarren diskoko sei kantak. Ezkurrik onenak deitu dute bilduma (Baga Biga).

eskean kristo (Arg: Borja Guerrero)

Eskean Kristö taldekoak, Igorreko frontoian. (Borja Guerrero)

Baina badago berritasunerako tarterik ere, Artaberen hitzetan. «Ezer berria egitea ezinezkoa da, baina, egitekotan, zer edo zer berri etorri ahal da musika eta hitzak uztartzeko moduaren aldetik. Euskaraz egiten baduzu, igual zure ezaugarri berezia da hizkuntza, eta hizkuntzaren bidez zure berezitasuna bihurtzen da, eta egin ahal dituzu hitz jokoak asko, adibidez. Ezkurrik onenak” kantan, adibidez, euskal esamolde bat hamaika bider errepikatuta sortzen dugu abestia». Eta, hain zuzen ere, esamolde horrek ematen dio diskoari izena: Txerririk txarrenak, ezkurrik onenak. «Ehun urte baino gehiago dituen euskal esamolde hori hartu, jarri T-Rex taldearen gisako erritmo bat, eta funtzionatzen du».

Jostalaria da taldearen jarrera zuzenean, eta jostari aritu dira estudioko lanean ere. «Ez zaizkigu gustatzen oso-oso leun dauden kantak. Hortik dator 70eko rockarekin dugun pasio hori, zeren, orduan, nota bat txarto emateko hainbeste kezka gabe grabatzen baitziren gauzak, eta hori da diskoaren xarmaren parte». Espiritu hori du musikak, eta espiritu hori dute hitzek ere. Eta horren bila jo dute grabazioan ere. Bost egunez grabatu zuten diskoa, otsailean, Tio Pete estudioan, eta taldeko lehen gitarra jotzaile izan zuten Igor Delgado aritu zen teknikari, nahasketa, masterizazio eta ekoizle lanetan. «Frenetiko xamarra izan da prozesu guztia», onartu du Artabek. Dioenez, «benetakotasuna» izan dute helburu, halere.

Dibertitzearen alde
1970eko hamarkadako rocka da Eskean Kristören oinarri nagusia, baina rockaren ezpal guztiak ukitzen ditu diskoak. Gitarra zorrotz eta lelo zuzeneko abestia da Radiobenta”. The Black Crowes taldearen oihartzuna du Otso basati” kantak. Blues kutsu eta egitura konplexuko kanta da Gure bazterrak blues”. The Rolling Stones taldearen gitarrak dakartza gogora Ardigaldua”-k. Lelo indartsu eta itsaskorrekoa da “Ezkurrik onenak”, eta western kutsuko leloa du garapen luzeko Aita saldu nauzu” kantak. Zuzenak dira diskoko kanta guztiak, baina horrek ez du esan nahi sinpleak direnik. «Gustatzen zaigu bizitza apur bat konplikatzea, eta entzulea harritzea», azaldu du Artabek.

“Ez zaizkigu gustatzen oso-oso leun dauden kantak. Hortik dator 70eko rockarekiko pasioa, nota bat txarto emateko hainbeste kezka gabe grabatzen baitziren gauzak”

Etengabeak dira diskoan euskal musikari egindako erreferentziak ere: Benito Lertxundi, Mikel Laboa, herri kantak… Eta bada bereziki gertuko sentitzen duten beste erreferentzia bat ere: Niko Etxartena, zehazki. Kolaborazio bat ere grabatu zuen Altzürüküko musikariak taldearen lehen diskoan, eta haren figura aldarrikatu du Artabek berriz. «Umorera jotzea asko gustatzen zaigu, eta Niko Etxart izan zen rock-and-rolla egiten lehenengoa, ados, baina baita rock-and-roll dibertigarria egiten ere. Beste batzuek zapalkuntzaz, hizkuntzaren ezinaz eta gauza beltz guztiez kantatzen zuten bitartean, berak zioen baietz, ados zegoela horrekin guztiarekin, baina ondo pasatu beharra ere aldarrikatzen zuen. Guk alde hori asko aldarrikatzen dugu, eta asko miresten dugu horregatik ere».

Etxarten ordez, Zaloa Urain Kokein taldeko abeslariaren eta Bart Farrellen kolaborazioak izan dituzte oraingoan. «Euskal rock-and-rolleko ahotsik onenetarikoa da Zaloa Urainena», dio Artabek. «Ahotsik onenetarikoa, eta ez emakumezko ahotsik onenetarikoa, ez, ez: ahotsik onenetarikoa».

Bizkaiko Foru Aldundiak antolatutako Banden Lehia lehiaketa irabazi zuen taldeak 2013an, eta sariarekin lortutako diruarekin grabatu zuten lehen diskoa Garate estudioetan. Azote kaldüz deitu zuten lehen lana. Harrera oso ona izan zuen diskoak, eta taldeak iaz eskainitako 50 kontzertutik gora eskaini izana da horren froga. Hilabete eman zuten estudioan, eta, nolabait ere, orduan egindakoaren kontrakoa egin nahi izan dute orain. «Orduan gauzak gutxiago prestatuta joan ginen estudiora, eta freskoagoa da lana. Hau bost egunetan grabatu dugu, eta denok elkarrekin, baina diskoa landuagoa da; kolore gehiago ditu, xehetasun gehiago».

ESKEAN KRISTÖ-REN HURRENGO KONTZERTUAK

  • Gasteiz. Apirilaren 23an, gaztetxean.
  • Galdakao. Maiatzaren 7an, Gazte Egunean.
  • Izarra. Maiatzaren 21ean, Urkarock jaialdian.

(Berria egunkarian, 2016ko apirilaren 16an argitaratutako artikulua)

ETIKETAK:Baga BigaBanden LehiaEskean KristöKokeinNiko EtxartZaloa Urain