2020.05.08
Behi Bideko Andere Xuriak (BBAX) taldeak Isturitzeko harpeetan grabatu du bere hirugarren diskoa, t’mAmAztAng”t izenburua duena. Mirentxu Agerre, Marie Hirigoien Bidart, Pantxix Bidart eta Paxkal Indo taldekideek Allande Oihenart zuberotarraren olerkiak (“Zutzaz bertzerik”, “Aspaldian nabila”…) zein euskal kantutegiko aleak (“Galerianoaren kantua”, “Argizagiak”, “Toberak”…) bildu dituzte a capella grabaturiko lan berri honetan. Belarri diskoetxeak azaldu duenez, Euskal Herriko, Okzitaniako zein Korsikako polifonien eraginez osatuak dira abestiak, “harmonia eta disonantzia helburu, mundu eder bezain ero honen ispilu”. Aurrerapen gisa, “Mendiak bethe belarrez” abestiaren bideoklipa zabaldu dute.
Diskoa 2020ko udazkenean argitaratuko du Belarrik euskarri fisikoan eta orduan hasiko da taldea zuzenean aurkezten, baina aurresalmenta dagoeneko martxan dago diskoetxearen Bandcamp orrian. Halaber, kontzertuak antolatu ezin diren honetan, taldeak jendearen etxeetara joateko proposamena zabaldu du. Hortaz, BBAXen kantuak zuzenean entzun nahi dituenak emanaldia antolatzeko aukera izango du.
Elaudi taldean aritutako Mirentxu Agerre, Mari Hirigoien Bidart eta Pantxix Bidartek sortu zuten BBAX 2014an. Euskal kantutegiko abestiez osaturiko Gure etxen badira lehen diskoa plazaratu ondoren, Paxkal Indo (Txakun, Kalakan…) batu zitzaien abeslari eta perkusio jotzaile gisa eta proiektu berezi bati ekin zion taldeak. Baionako Zizpa gaztetxeak proposaturik, Iparraldeko rock eszenako hainbat musikari (Jurgi Ekiza, Allande Etxeberri, Paxkal Irigoien…) bildu zituzten euskal kantagintzaren inguruko errepertorio elektriko bat lantzeko. Distortsioen munduan diskoan (2018) jaso zuten emaitza eta hainbat kontzertu arrakastatsu eman zituzten. Ondoren, laukote formatura itzuli eta lan polifoniko bat egitera abiatu da taldea. Allande Oihenart zuberotarraren XVII. mendeko poemak hartu ditu lan polifoniko horren oinarritzat, eta helburua hogeita bi olerkiren musikatzea litzateke, disko-liburu batean aurkezteko asmoz.