Musika

badok

2016.02.24

badok

‘Iragana aurretik’ dokumentala sarean da ikusgai

Berri Txarrak taldearen 20 urteko ibilbidea eta Denbora da poligrafo bakarra disko hirukoitzaren sortze prozesua jasotzen dituen Iragana aurretik dokumentala ikusgai dago gaurtik aurrera BADOK atariaren Youtubeko kanalean. BADOK atariak, Berria egunkariak, Dijitalidadea eta Debolex Films ekoiztetxeek eta Berri Txarrak taldeak elkarlanean ondutako ikus-entzunezkoa ETBn estreinatu zen joan den abenduan, eta ondoren DVD formatuan argitaratu zen, Berria egunkariarekin batera. Orain sarean ikus daiteke ia ordubeteko dokumentala. Hala ere, DVDa eskuratu nahi duenak oraindik egin dezake Berri Txarraken web orriko dendan.

BADOK euskal musikaren atariak 2014ko azaroan izenburu berarekin estreinaturiko bi bideo-erreportajeak dira Iragana aurretik dokumentalaren ernamuina. 2014a esangura bereziko urtea izan zen Berri Txarrak-entzat; alde batetik, 20 urte egin zituelako, eta, bestetik, urtemuga hura ospatzeko egitasmo berezi bati ekin ziolako: 20 kantu berri grabatzea hiru ekoizlerekin (Ross Robinson, Ricky Falkner eta Bill Stevenson), hiru grabazio estudiotan eta taldearen hiru estilo joera nagusiak jasoz ?metala, popa eta punk-hardcorea?. Bi alderdi horiek jorratu zituzten BADOK atarian zabaldutako ordu erdi inguruko bideoek. Horietako lehenengoan, artxiboko argazki eta bideoz lagunduta, taldearen ibilbidearen errepaso zehatza egin zuen Gorka Urbizu abeslari, gitarrista eta taldeburuak, Berri Txarraken sorlekuan bertan, Lekunberrin (Nafarroa). Bigarren atalak Denbora da poligrafo bakarra diskoaren sorrera eta grabazio prozesua zuen ardatza; kasu honetan, taldeko hiru musikariek —Urbizuz gain, David Gonzalez baxu jotzailea eta Galder Izagirre bateria jotzaileA— entsegu lokalean egindako adierazpenez eta grabazio estudioetan hartutako irudi ugariez hornituta zegoen ikus-entzunezkoa.

Lehengai horretatik abiatuta, dokumentala osatu eta biribildu egin du Debolex Films ekoiztetxeak: besteak beste, Donostiako Intxaurrondo kultur etxean, Madrilgo Joy Slava aretoan eta Bartzelonako Apolo aretoan emandako kontzertuetan filmatutako pasarteak gehitu dizkio —Berri Txarrakek zuzenekoetan transmititzen duen pasioaren eta ikus-entzuleengan eragiten duen zirrararen lekukotza ederra eskaintzen diote irudiok ikusleari— eta muntatze lan berria egin du Gotzon Barandiaran idazleak denborari eta sortzeari buruz idatzitako testuaz eta Galder Izagirre taldekidearen off-eko ahotsaz baliatuz.

ETIKETAK:Berri TxarrakBerriaDavid GonzalezDebolexDijitalidadeaGalder IzagirreGorka UrbizuGotzon Barandiaran