Musika

Gotzon Barandiaran

2016.03.30

Gotzon Barandiaran

Intimitatearen aberriari

Koldo Izagirrek apailatutako XX. Mendeko poesia kaierak bilduman Amaia Lasa, Arantza Urretabizkaia, Tere Irastortza eta Itxaro Bordaren poemak irakur ditzakegu. Bibliografiaz gain, diskografia ere bildu zuen Izagirrek. Bizi izan genuen aurreko mendean Itxaro Bordaren 60 bat poema erabili zituzten ahairetu eta kanta bilakatzeko, Amaia Lasarenak bi, Arantza Urretabizkaia eta Tere Irastortzarenetatik bakarra ere ez. Zer dela-eta? Lasaren, Urretabizkaiaren, Irastortzaren eta obra nabarmenik ez dutelako XX. Mendeko poesia kaierak bilduman ageri ez diren emakumeek idatzitako testuek ez zuten kanta bilatzeko balio? Itxaro Bordarenetan oinarrituetakoez gain, idazle eta musikarien arteko elkarreraginetik sortutako gure kantagintzan, zergatik ez dago elkarlanik XXI. mendea arte? Emakume idazleok poesiarako zerabiltzaten gaiengatik? Emakume poeton testuek ez zutelako balio jende saldoen odolak irakinarazi edo begiak malkoz lanbrotzeko? Metrika zailegia ote zerabilten orduko gizon musikarien gaitasun mugatuarekiko?

Antton Valverde

Antton Valverde, 1992an, Lauaxetaren irudiaren ondoan.

Musikariak bagina ahalegindu ginateke. Ausartuko ote da inor emakumeek XX. mendean idatzitako testuekin ondutako kanta bilduma osatzen? Gogora datozkigu monografikoak, Oskorriren Gabriel Arestiren oroimenez, Antton Valverdek Lauaxeta, Orixe eta Lizardiren poemekin osatutako trilogia, 11 musikarik Rafa Ruedaren gidaritzapean aurkeztu ziguten Ehungarrenean hamaika, Ruperren Hautsi da anphora eta Memoriaren mapan edo Bide Ertzeanek Jose Luis Otamendirenekin jositako Zure minari, zein idazlea eta musikaria aurrez aurre, prozesu osoan elkarrekin lan eginda sortutakoak, hala nola, Errobi eta Daniel Landarten Errobi, Pantxoa eta Peio eta Manex Pagolarenak, Joseba Tapia eta Koldo Izagirreren arteko elkarlanetik jaiotako Apoaren edertasuna, Kirmen Uribe eta Mikel Urdangarinek abiarazitako Bar Puerto eta ostekoak, Harkaitz Canok Iker Laurobarekin kaleratutako Zeru tolesgarria edota Sorkunek eta Eider Rodriguezek lau eskutara idatzitako Ziklomorphosia.

Euskaldunon imaginarioan sekulako eragina izan duen literaturaren eta musikaren arteko elkarreraginetik sortutako kantagitza gizonezkoon hitzez eta ahairez osatuta dago ia bere osotasunean. Zorra kitatuko duten aleak behar ditugu, emakumeek idatzitako testuetan oinarritutako kantak behar ditugu, intimitatearen aberri isilarazi bat izan genuela gogoratzeko, datozenen imaginarioan beste ahots batzuk atxekitzeko. Ez gara Historia aldatzeaz ari, isildutakoen Historia kantatzeaz baino.

6238770

Amaia Lasa idazlea. (Jon Urbe / Argazki Press)

JAUNGOIKO GUZTIAK UKATZEN DITUEN EMAKUME BAT NAIZ
Amaia Lasa, 1971
 
Jaungoiko guztiak ukatzen dituen
emakume bat naiz
Atzo,
zeruko jaungoikoa ukatzen nuen.
gero
infernukoa, eta
gaur,
lurreko jaungoikoa ukatzen dut.

Dotrina guztien aurka altxatzen naiz.

Atzo,
zeruko pekatari nintzen,
gero
infernukoa, eta
gaur,
lurreko pekataria naiz.

Hutsunean igeri dabilen emakume bat izaten naiz.

AMAMAREN BIGARREN AHOLKUA: AHAZTU HORI MUTILE
        Miren Zabala, 1999

Izatearen zoko ahul asko
ikutzen dizkidazu.
Banderak,
koloreak,
izenak,
ez ditugu berdin ulertzen.
Zergaitik ez dituzu sentitu nahi
Andre Madalenen olioa,
Pello Joxeperen taberna,
eta Aitorren hizkuntza zaharra?
Betile atzean «ni bezalakoen»
kultura honen jakinmina duzu,
baina aurreiritziek itsutzen zaituzte.
Hori gorroto dut zugan eta,
batzutan, —nolako kabroia!— diote kuadrilan.
Baina zoratzen nauzu,
eta gatibu naukazu.

Zure laztan batek
zoriontsu egiten nau.
Ez dakit zein den
Ni letretakoa naiz eta
solido
likido
gas
bereizketaren ondoren galdu nintzen
Baina beste bereizketa batzu
egiten dakit,
a) zurekin
b) zu gabe
eta lehenarekin gelditzen naiz,
all night long.

Elkarrekin igaro ditugu ordu gutxi batzu,
egun jakin batzuetan.
Ez dute ezer esan nahi
baina zu zara nire bularren
taktua sentitu duen bakarra.
Horrek zerbait esan nahi du.
Zuretzat ez,
eta hori gorroto dut zugan.
Batzutan, -nolako kabroia!- diote koadrilan.
Baina zoratzen nauzu,
eta gatibu naukazu.

Egia esan gorroto dudanaren
portzentaia harrigarria duzu.
Aspaldi, erlijio irakasle batek
zera esan zigun:
«Gorrotoa maitasunaren
txanponaren bestaldea da».
Alperrik esan zuen, izan ere
denok baikenekien jadanik.
Amamak esango lukeenez,
hobe dut zu ahaztea.
Amamak beti du arrazoi.
Hori da beragan gorroto dudana.

Eztitasun
Gurariaren
Oinaze
(Akrostikoak, poeta ezjakinen aterpe)

EGUN URDINAK
        Maite Urkia, 1996

Ilunabar gazte haietan
uste izaten zuen
surf ohol batean
zeharkatuko zituela
bizitz…o lautadak,
zorabioaren haize leunak eraginda.
Loa bere hegoak
hedatzen hasten zenean
armairu apailatuen ondoan,
leihoaren dardarak
astintzen zuen ohean,
PaPerezko urrearen bila
Joaten ziren barkuen deia
igarotzen baitzen gauero,
gainezka zegoen esne katilutik.

Orduek
ez zuten geldirik egon nahi izaten
harrobi zaharreko
mendi mutuen artean,
eta sahatsak loratzen ziren urtero
neguko suaren gainean,
egun urdinak igarrita.
Maleta batean sartuta
izpirituaren kiliak asetzera
irtetzean,
samin antza bebatu zion
iraganaren muzinari,
larunbat arratsetako
poema euritsuak
eramatea ahaztu gabe.
Merkatuan bi kilo adore
eta botila berde bat erosirik
erreka bazterrari eman zizkion
handik gutxira,
ostarteak zabal zitzaten
hurrengo geltokira eramango zuten
autobusaren sapaian.

IKAZKIN LILURATUA
Tene Mujika, 1923

Neure txondorra utzita iturrira nintzan
suila betetzen zegon neskatxa bat bertan.
Hark eman zidan ura, ai zer gozoa zan!
Geroztik hain gozorik ez dut berriz edan.

Ikazkina naizenez ta ikazkintzan beti
hain ume ederrik inoiz ez nuan ikusi.
Horrela bere itxurak eder, zoragarri
gentza lapurtu zion nere bihotzari.

Lagundu nion suila burura jasotzen
baina ezin ausartu etxera laguntzen.
Nahiagatik lagundu ez dakit zer nuen
inola asmatu ezin baimenik eskatzen.
 

 IGANDE EURITSUA
        Maria Jose Kerejeta, 1988
 
Lerro bat soilik jakiteko
bakardadezko kafetegi galdu eta kezko
arratsalde ezinbesteko bat, izan zela noizbait.
Bi ahapaldi jarreraz aldatzeko,
bi, ahazten saiatu eta ahazteko
eta berriro munduan lehena izateko.
Bi, jarraitzea beharrezkoa zen eta iadanik
euriaren burni-agak aldendu gintuenekorako.
Hiru hitz besterik ez
beldurtzen gaituen asperraldiaren unerako,
hiru hitz oroitarazteko
aharrausi bat iragarpen bat dela, gutxi gora behera,
eta zuk, liluraturik begiratzen duzun horrek
jakinaren gainean egon beharko zenukela honezkero.

HUSTASUNA
        Mirari Garcia de Kortazar, 1994

Larrosa bat nahi nuen zuretzat
arantzarik gabekoa
baina ez zegoen lorategian
arantzagabeko larrosarik;

Txori bat nahi nuen
ondoren
zuretzat
baina ez zuen txoriak
zuretzako kanturik;

Poema bat orduan
pentsatu nuen
nahi nuela zuretzat
baina ez zegoen
nire baitan
zuretzako poemarik.

 IZKUTATZEN ZAREN HORRI
        Arantza Etxeburua, 1992

Zure ibileran
kate hotsak entzuten dira,
ihintzez umeldutako
ezkilen soinuari zukurutz ihes egiten dion
ageriko goizaldietako irudi ainubea.

Goizeko eguzkiaz zeharo itsuturik
elur loreen artean izkutatzen zara
eta ez zara inoiz biluzten.

Gauaren errezelapean babesturik beti
zure gelaskako bakartasunean
ez duzu, oraindino,
bizitza ardoaren zapore hordigarria dastatu,
ez inoiz zure buruagan sinestu.

EMAKUMEAK DOAZ EROSTERA
        Arantza Aldalur, 1986

Begirada tristea,
poltsak eskuetan,
meza entzun ondoren
emakumeak doaz erostera.

Soineko ilunak,
kanpai hotsak atzean,
pauso labur makalak,
egunero gauza berbera.

Indarra ahuldutako
beso iharretan
daramate bereentzako
lan egiteko bidea.

Adinak ematen dien
aurpegi bareak
ezkutatzen ditu
sentimen eta penak.

Begirada tristea,
poltsak eskuetan,
meza entzun ondoren
emakumeak doaz erostera.

SORGINAK IZANEN BALIRA
Gema Lasarte, 1985

Sorginak izanen balira
oraintxe hartuko nuke eskobatxo bat
metraileta gisa eta Ajuria Enea guztietara
hegaz joanen nintzateke…

Plis, plas kaskahezurrean ederto jo ere.
…Eta, batzu besterik ez direnei esanen nieke ene erratz
gainetik, bertze planetetara joateko gezur gosez daudenak
mazkatzera. Hemen dagoeneko asetuta lehertzeko zorian gaudela
eta…

Hitzaren teknika bost urtez errax ikasten da, eta hain
zail gertatzen gero, esatea, dena gezurraren zapietatik
datorren lamada bat besterik ez dela.

Hori, egun sinisteraztea…
Gezurra; hitz politez jantzita dagoen
drogarik arriskutsuena bait da.
 
MAITASUNAREN MAGALEAN III
Arantza Urretabizkaia, 1982

Zer egin dezaket
udako arratsalde gorri batean
eguzkiak nere leihoari beldurra badio
eta zu ez bazaude?
udak ustekabean
neguaren erdian harrapatzen banau
derrepentean hostoak isiltzen badira
lau kanpai hots entzuten diren bitartean
hiru tanta lehor
eta epel bat
haize hilaren gainetik
nora jo dezaket
kalean topatuko ez bazaitut
gauzak nahiko gaizki ez doazen bitartean
tanta epel eskas bat
atsoen pauso azkarrak berotzeko
nola jakingo dut arbolak bizirik ote dauden
soinurik egiten ez badute
sirenen hotsa itzaltzeko.
gauza ez badira
nork esango dit zer gertatzen zaidan
lehenengo malkoa oraindik sortu ez denean
zeinen eskuak astinduko ditu
betazaletan
ezkutatu diren kanpaiak
non babestuko naiz
zure besoak urruti badaude
nondik sortuko da elektrizidadea
udak baimenik ematen ez badu
hiru kanpai ergel
eta laugarren bat
zeinen arnasak berpiztuko ditu adarrak
ni ere uda bihurtu naizenean
zer egin dezaket
udako usainak sortzen duen izerdi motelak bereganatzen banau
malko behar zuten urak
abuztuak itotzen baditu
nork aseguratuko dit
ez dudala sekula santan
trapuzko lorez egindako sonbrerorik eramango
lau kanpai asper
eta bigun bat
zer egingo dut
laino beroaren gainetik
dantzatzen ikasi ez badut
masailetako odolak begiek baino argi gehiago duenean
zertan ari zaren ez badakit
bero ala negua
zure azalaren inguruan
kaleak bihotza baino lehen lehertzen badira
nork aterako nau nire barrutik
zuk keinu bat egiten ez baduzu
paretarik besterik ez
teilatuen gainetik
zertarako isildu da eguna
zure ahotsa entzungo ez bada
sentitzen ditut
berriz
aurpegia zimurtzen didaten behatzak
sudurretik kokotsera
begietatik masailetara
bidea lantzen
kalean haize izpirik ere ez
ezta zure pauso baldarrak dakarren ifar apala
zertarako gogoratu gerriko itximur hori
zu ez bazaude
eguna ala gaua zure izenaren gainetik
nola tragatuko dut ifernuko kea
zure loaren arnas freskoa ahaztu bazait
udak betirako bereganatu banau
zigarroaren usainak ere
altxatzeko indarrik ez badu
nork beteko ditu nire haragi hutsak
bozinak ere isildu badira
nork egingo du dantza
nirekin
udak gaurkoz behintzat
suizidatu banau
zeinentzat asmatuko ditut gezurrak
zerua ere txuritu bada
eta udazkenaren zain egon behar badut
bost kanpai geldi
eta seigarrena irakiten
asfaltoa lehertzen den lekuetan
zer egingo dut
leihoko landareek ez badute
nire agindurik obeditzen
alde guztietatik beroak inguratzen banau
nire eskuak ere
udaren alde badaude
sei kanpai gor
eta zazpigarrena minez
izarrak berak
eguna bezain gogorrak badira
ilunabarrak berak
hostoak kariziatzeko ahalmenik ez badu
zer egingo dut
zazpi kanpai ustel
eta zortzigarren gorri bat
entzuten ditudan bitartean.