Musika

Ainhoa Larrabe

2018.10.17

Ainhoa Larrabe

Interakzioak harilkatutako doinuak

Bukatu gabeko proiektu bat da Harian, Eñaut Elorrieta abeslariaren hitzetan. «Itxi gabeko prozesua da. Kantuek eta egitasmoak eboluzionatzen jarraituko dute zuzeneko emanaldietan». Bere ohiko musika banda tarte batez alboratu, eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoko bost musikarik osatzen duten Kaabestri String Ensemble hari boskotearekin oholtzaratuko da datozen hilabeteetan Elorrieta. Estiloa ere aldatu du oraingoan, eta doinu klasikoagoetan murgilduko da Oscar Lopez, Igor Torre eta Arkaitz Martinez biolinistak, Jon Arraz txelo jotzailea eta Paloma Torrado kontrabaxu jotzailea lagun dituela. Hilaren 28an egingo dute estreinaldia, Bilboko Arriaga antzokian. Bertan egin zuten kontzertu biraren aurkezpena, atzo. 2019ko udaberrira bitarte, Euskal Herri osoko areto eta antzokietan aurkeztuko dute lana.

Eñaut Elorrieta abeslaria, atzo, Bilboko Arriaga antzokian. MONIKA DEL VALLE / FOKU

Eñaut Elorrieta abeslaria, atzo, Bilboko Arriaga antzokian. (Monika del Valle / Foku)

Lau abesti berri grabatu dituzte Elorrietak eta Kaabestri String Ensemble taldeak egitasmorako, baina ez dute euskarri fisikorik argitaratu. Elorrieta: «Horrela sentitu dut hasieratik. Uste dut zuzeneko proiektu bat dela, eta hala gauzatu dugu». Nolanahi ere, azaldu zuenez, sarean jarri dituzte sortu dituzten abestiak entzungai: Badok.eus atarian, kasurako. Kantu berriez gain, Elorrietaren errepertorioko hainbat abesti ere moldatu dituzte hari boskoteari egokitzeko. Fernando Velazquez eta Carlos Monfort konpositoreen laguntza izan dute horretarako, eta Juan Carlos Perez Itoiz taldeko kideak ere parte hartu du lan horretan. Izan ere, Itoizen “As Noites da Radio Lisboa” abestiaren bertsio klasikoa ondu dute.

Sortutako abestien hitzak euskal sortzaileek egindakoak dira. «Jose Luis Otamendiren eta Joseba Sarrionandiaren hitzak erabili ditut, eta Jorge Oteizaren poema bat euskaratu eta musikatu dut».

Sorkuntza prozesua etengabekoa izan dela azpimarratu du Elorrietak. «Partitura baten zenbat interpretazio egin daitezkeen ikustea aurkikuntza izan da niretzat». Jarraian zerrendatu ditu egin dituzten urratsak: «Kantuak hautatu edo sortu, moldatzaileei bidali, moldaketak jaso, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak Miramonen duen eraikinean entsegua egin, partiturak irakurri, aldaketak proposatu, moldatzaileei berriz bidali, eta probaldia berriz egin». Partiturak aldatu eta berrikusteko prozesua azpimarratu du. «Ederra izan da gure artean izan dugun interakzio hori».

Ikaskuntza prozesua
Erregistroa aldatu du Elorrietak, eta hainbat erronka izan ditu horregatik. Aitortu du ahotsa erabiltzeko era ere moldatu duela. «Hasieratik sumatu nuen eztarritik kantatu beharrean sabeletik kantatu behar nituela abestiak. Egia da eztarritik aritzean indartsuago abesten duzula, baina borobilago geratzen zen beste nonbaitetik aterata. Prozesu gisa bizi izan dut ahotsa hari boskotera egokitzearena, eta horrek eraman nau barneratuak nituen kantak berriz interpretatzera eta berrikastera».

“Hasieratik sumatu nuen eztarritik kantatu beharrean sabeletik kantatu behar nituela abestiak. Horrek eraman nau kantak berriz interpretatzera eta berrikastera”

Ahotsa ez eze, erritmoa ere izan du berbagai. Bere ohiko taldean, bateriak eta baxuak markatutako erritmoan mugitu da Elorrieta, baina halakorik ez du orain aldamenean. «Kezka eragiten zidan hasieran, eta oinarri horren gainean era askean dantzan aritzea beste erronka bat izan da. Hari batean orekak egiten aritzea bezalakoa izan da». Azaldu duenez, Harian izena ere hortik datorkio egitasmoari. «Abestien zati bakoitzean instrumentu batean bilatzen dut erritmoa». Taldekideak ikusteko, oholtza gainean agertzeko duen era ere aldatu du, horregatik. «Ikusi egin behar ditut».

Kaabestri String Ensemble taldekideen mintzaira ere ikasi duela azaldu du, umoretik. «Ni saiatu naiz nire hizkuntzarekin azaltzen abestian zer egin dezaketen, eta bestela adierazi dute hori eurek. Beste lengoaia bat dute». Adibidea ere jarri du abeslariak. «Nire hitzak entzun ondoren, interpretazioa egiten zuten eurek: ‘Eñautek nahi du zati hau pixka bat Pucciniago edo apur bat Stravinskiago’. Oso interesgarria izan da».

Hasiera eta bukaera duen egitasmo bat da Harian, Elorrietaren hitzetan: «Hasieratik izan dut argi. Areto itxietan edo antzokietan ikusteko emanaldia da, eta udazken eta negu sasoiak aproposak dira horretarako».

Bestela ere, egun sorkuntza prozesuan murgilduta dago Elorrieta, eta, aurreratu duenez, datorren urteko udazkenean disko bat kaleratzeko asmoa du.

EMANALDIAK

  • Urriak 28. Bilboko Arriaga antzokian.
  • Azaroak 18. Oñatiko (Gipuzkoa) Santa Ana udal antzokian.
  • Azaroak 23. Donostiako Viktoria Eugenia antzokian.
  • Abenduak 23. Hondarribiko (Gipuzkoa) Itsas Etxea auditoriumean.
  • Otsailak 1. Iruñeko Gaiarre antzokian.
  • Otsailak 2. Santurtziko (Bizkaia) Serantes kultur aretoan.
  • Otsailak 16. Mungiako (Bizkaia) Olalde aretoan.
ETIKETAK:Arkaitz MartinezCarlos MonfortElkarEñaut ElorrietaEuskadiko Orkestra SinfonikoaFernando VelazquezIgor TorreItoizJon ArrazJuan Carlos PerezKaabestri String EnsembleOscar LopezPaloma Torrado