Musika

Nora Arbelbide

2014.12.10

Nora Arbelbide

Instrumentuak jaun eta jabe

Ez dute kantaririk. Ez baitute nahi. Gitarra, baxua eta perkusioaz gain, makinek osatzen dute Polygorn talde lapurtarraren soinua. Zenbait hilabetez beren musika plazaz plaza ondu ostean, beren lehen diskoarekin agertzekoak dira orain eszenatokira. Polygorn izen berekoa, Moï Moï labelarekin kaleratua. Neguan grabatu zuten. Geroztik nahasketa lan sakona egin dute, Sabri Bouchfaren laguntzarekin. Estreinatu berri dute diskoa, eta orain kontzertuz kontzertu aurkeztekoa dute. Heldu dena, Baionako Le Magneto aretokoa izanen da, abenduaren 19an.

Polygorn215824

Polygorn taldeko kideak.

Makina kontu beraz. Sintetizadore eta baterien soinuak dituen ordenagailua dute makina. Teklatuak instrumentu, zuzenean erabiliak: «Egiten duguna biziki kargatua da. Zinez anitz gauza dago eta, zinez, ez litzateke lekurik kantuarentzat», erdi ironikoki, baina, aldi berean, aitortza moduan ditu ematen esplikazio hauek makina horien jole den Txomin Ugartemendiak. Bestalde bakarka ari da Ugartemendia, Panda Valium izenarekin hain zuzen.

Ez dira hor kantari baten «laguntzeko», beti erdi irriz baina serios, Cesar Frost Pollux gitarra joleak (Skunk, Willis Drummond, The Sparteens, Bagarre Generale). Bakoitzak bere leku osoa dauka: «Kanturik ez denez, berez funtzionatzen duen musika bat egitera behartua zara. Bakoitza behartua da interesgarria den zerbait jotzera». Kantu eta hitzik gabe, musikari bakoitza bere instrumentua oraindik urrunago eramatera bultzatu dezakeen testuingurua dela zehazten du Frostek. «Askeago» ikusten du beren burua: «Anitz gauza egin ditzakezu, ez baitzara hain mugatua».

Egitura nagusia makinen esku da, «eta guk gainetik, Igor baxuan, Pollux gitarran eta ni perkusioetan, makinen soinua betetzen dugu», dio Peio Erramuspek, Elorn gisa makina jolea denak. Eta «ez alderantzizkoa», azpimarratzen du Ugartemendiak. Perkusioetan ez daukate dunbalik, adibidez. Dunbalaren funtzioa makinek dute betetzen.

Halere, makinak ez direla beti dantzaren eramaile nagusi nabarmendu nahi du, bere aldetik, Igor Diez Elefunk Man baxu joleak: «Makinak saiatzen dira instrumentuen lekua hartzen, eta alderantziz. Batzuetan ez dakigu zein den makina, zein instrumentu. Hori da egin nahi duguna. Horretara saiatzen gara».

Polygorn covermail215912

Polygornen lehen diskoaren azala.

Hungariako Masfel taldea bezala. Erreferentzia nagusitzat daukaten taldea, hain zuzen. Duela hogei bat urte, Ziburuko Bittor ostatuaren aitzinean eman kontzertua oraindik iltzatua dute memorian. Elektronikarik gabe musika elektronikoa egiten duen talde bezala deskribatzen dute Polygornekoek. Ahotsik ez zuen garaiko Masfel, hori bai. Ahotsa sartzen hasi zirelarik, justuki,  hortik laster taldea gelditu zela oharrarazi du Ugartemendiak, hor ere irriz. Orchestre Poly-Rythmo ere badute beste erreferentzietako bat, baita Border Community eta James Holden ere.

Inspirazioak inspirazio, behin musika jotzen hasi eta, «zati batetik bestera, musika zati bakoitza bereizten saiatzen gara. Zati bakoitzak ideia berezi bat izatea, gai berezi bat», Ugartemendiak. Eta horrela, munduz mundu, unibertso bat agertzen da, ez dena baitezpada aztertu beharrik, kontseilatzen duenez musikariak. Ikus daiteke diskoko azaleko giro hori, adibidez, Thomas Carreterok marraztu tenplu batean murgildu giro berezi bat. Edo, bestela, PIAA musika zatiaren bideoklipa. Hau ere, Carreterok zuzendu die. Mendi ahodun, astronauta, balea eta planeta kontu.

Baina, gero, haiek berak ez direla horrelako delirioetan sartzen diote: «Ez du balio urrunegi joateak. Zintzoki, gure musikak ez du baitezpada istoriorik kontatzen. Harrabotsak dira bakarrik», dio Frostek. «Erraitea musika hizkuntza unibertsala dela zozokeria  da. Testu bat edo izenburu bat badelarik, horien baitan hasten zara zentzu bila. Baina azken finean musika baizik ez da. Tenpo bat badago. Nota apalak, meheak, tristeak edo alaiak, horretan bai, badira elementu anitz. Gauzak iradoki ditzake baina zentzua argitu ez», deritzo Frostek. Kantu izenburuak ezin atzemanez aritu direla, gertatu da, adibidez, beren inguruari begira jarri eta irakurri lehen hitz bat aukeratu izana, edo gisa bereko kasualitateetan oinarritzea. Hots, hor ere, txantxa ez dago behin ere urrun. Dena dute jolas, baina beti serioski hartu jolasa.

ETIKETAK:Polygorn