2023.03.23
Maurizia Aldeiturriaga 1904. urtean jaio zen, Zeberion (Bizkaia). Gaztetan hasi zen musika jotzen, baina ezkutuan, emakumea zelako. Laster hartu zituen, ordea, Euskal Herriko plazak, eta, 1988an hil bazen ere, haren panderoaren hotsak eta hark abestutako koplak emakume askoren eredu dira oraindik. «Maurizia sinbolo bat da, izateko modu bat, eta guk plazandre irudi hori gureganatu nahi dugu», azaldu du Ines Osinaga musikariak. Lorea Argarate musikariarekin elkarlanean, Mauriziak ez du inor hil ikuskizuna sortu du, bi helbururekin: plazak birsortzea eta emakumeek elkarri ikusgaitasuna eman diezaioten sustatzea. Gaur egingo dute emanaldia, Bilboko Loraldia festibalean, 19:30ean hasita, Azkuna zentroan. BERRIA saioaren babesle da.
Euskal folklorea eta Mauriziak bere garaian abesten zituen koplak ditu oinarri ikuskizunak, baina formatu berriekin nahastuko dituzte artistek. «Mauriziaren ahotsari autotunea jarriko diogu, Lurdes Iriondok Kai Nakairekin abestuko du, arin arin bat perreatuko dugu, eta irrintzi bat autotunearekin bota». Dena da posible eta aldagarri, sortzaileek «kultur ekosistemaren» beste irudikapen bat dutelako eta, ondorioz, emanaldiko plazak ezohiko itxura hartzen duelako. «Plaza feminista, ez-prekario, antirrazista eta plural batean sinesten dugu. Jasangarria eta bizigarria den plaza batean». Eta hala irudikatzen dute.
Aldarrikapen horietatik abiatuta sortu zen, hain zuzen, proiektua. Emakumez osatutako talde batek zuzentzen du, eta kide bakoitzak diziplina bat jorratzen du. «Emakume musikariek urteak daramatzagu kupoa betetzen, eta sinergiak sortu nahi ditugu gure artean». Osinaga, esaterako, koplez, sintetizadoreez eta panderoez arduratzen da; Argarate, berriz, soinuez. Beste taldekide batzuk ere badituzte: Eneritz Duesok soinu espazioa zuzentzen du, Garazi Egigurenek dantza, Itziar Garaluzek efektu bisualak eta Elena Garciak argiztapena. «Sormen kolektibo ez-mistoa da gurea, elkarrekin sortzeko eta Maurizia gure artean saretzeko».
Maurizia da, zehazki, ikuskizunaren ardatz nagusia. Emanaldia sailkatu beharrak eta kontzertu edo antzerki izendatzeak, berez, ez du garrantzirik. «Obra ezin sailkatzea gustatzen zaigu, eta bazter horietan bizi nahi dugu aurrerantzean ere». Inertziei ere amaiera eman nahi diete. «Ez gara musika talde bat, nahiz eta musika egiten dugun; ez gara antzerki talde bat, nahiz eta fikzioak antzezten ditugun». Aldarriz beteriko artea besterik ez dute egin nahi, eta urteetan emakumeekin lotu dituzten narratibak berreskuratu. «Soinu organikoei, lurrari eta tradizioari lotutako doinu, irudi, ohitura eta gorputzei lekua eman nahi diegu, eta horiei omenaldia egin».
«Maite dugu Maurizia»
Urteetan aitortu ez zaien balioa ere eman nahi diete Euskal Herriko plazandreei. «Askotan entzun dugu ‘koplak egingo dizkizuet’ esaldia, eta horrek agerian jartzen du nork idazten zituen, nori idazten zizkion eta norena den aitortza». Euskal kulturaren hegemonia norena izan den eta oraindik ere norena den salatu nahi dute obrarekin, Mauriziak bere garaian egin zuen moduan. «Maite dugu lurrarekin zuen lotura, baita janzten zituen trajeak, buruan eramaten zituen zapiak eta haren koplak ere». Ez zien kasurik egiten kritikei, eta, txarto abesten zuela esaten zioten arren, hark ez zion utzi plazara ateratzeari. «Umeak etxean uzten zituen, eta galarik onenak jantzita joaten zen plazara».
Osinagak eta Argaratek erromeria bat antolatzeko asmoa dute arratsalderako, baina egungo ohituretara egokituko dute plaza. «XXI. mendeko erromeria izango da». Leire Palacios komunikatzaileak ikuskizuneko manifestuan idatzi zuenak, hain zuzen, forma hartuko du. Hala gogorarazi nahi izan du Osinagak: «Festara gonbidatutakoen festa izango da: orgia bat, akelarre bat». Plazara aterako dira lehen aldian egin zuten moduan, eta azkena izango balitz bezala egingo dute dantza. Arrazoi bakar batekin: «Ni ez naiz Maurizia, baina ni ere banaiz Maurizia; eta zu ez zara Maurizia, baina zu ere bazara». Horrekin jolastuko dira.
Interpretatzen duten bakoitzean, ikuskizuna aldatu egiten da. «Lekuan lekuko artistekin egiten dugu lan, eta horiek dira #Maurizia anfitrioiak». Artista gonbidatuaren arabera moldatzen dute obra. Gaurkoan, modak eta estilismoek hartuko dute garrantzia. «Julene Gregorio izango da anfitrioia, eta arte zuzendaritzaz eta estilismoez arduratuko da». Moda munduan aritua da Gregorio, eta hark diseinatu ditu gaurko ikuskizuneko jantziak eta ikusleekin jolasean aritzeko elementuak. «Ez dugu inor parte hartzera behartzen, baina, obrarekin konprometitu nahi baldin baduzue, etorri beltzez jantzita». Pista gehiagorik ez du eman Osinagak, ikusleek «zer ikusiko duten ez jakitea» gustatzen zaiolako. «Gureganako konfiantza ariketa bat ere bada».