2015.10.05
Lurra taldeak bart gauean Facebooken bidez iragarri duenez, Iñigo Muguruza taldekidearen gaixotasuna dela medio kontzertuak emateari utziko dio denboraldi batez. Izan ere, udaberrian esklerosi anizkoitza diagnostikatu zioten Muguruzari, eta horren ondorioz bost hilabete eman ditu Lurrak kontzerturik jo gabe, gaixotasunaren bilakaera ikusteko. Datorren igandean, hilak 11, Soraluzeko Gaztelupe tabernan joko zuela iragarri zuen taldeak joan den astean, baina kontzertu hori bertan behera uztea eta Muguruzaren “egoera egonkortu arte” kontzerturik ez ematea erabaki du taldeak asteburu honetan.
Horrela dio Lurrak Facebooken zabaldu duen oharrak:
“Ia 4 urte eta gero, Lurrak gero arte esan behar dizue. Iñigori esklerosi anizkoitza diagnostikatu diote aurten, eta azken bost hilabete hauetan jo gabe egon gara gaixotasunak aurrera nola egiten zuen ikusi nahi genuelako. Asteburuan bildu gara, eta erabaki dugu Iñigoren egoera egonkortu arte gutxienez ez dugula kontzerturik emango. Eskerrik asko denbora honetan gure kantuak entzun eta abestu dituzuen guztioi, kontzertuetara etorri zaretenoi eta gure kantuekin gozatu duzuenei! Egindako lanarekin pozik gaude, eta seguru ikusiko dugula elkar. Animo asko Iñigori, eta ikusi arte Lurtarrok! Besarkada bat. Iñigo, Xabi, Karlos eta Ane”