2019.12.18
Konstelazio bateko elementuen pare joan zen atzo Bilboko Kafe Antzokiko eszenatokian agertzen Iñigo Muguruzak bere bizialdian sortutako musika talde eta proiektu guztiak. Desband. Kortatu. Negu Gorriak. Delirium Tremens. Joxe Ripiau. Sagarroi. Lurra. Hiru Leike. Eta Ezekiel antzezlana. 55 urte beteko zituen atzoko egunez, irailaren 5ean hil izan ez balitz, eta omenaldia antolatu zioten lagunek, erdiz festa eta erdiz agur ekitaldi giroan. Muguruzaren sormen unibertso osoa bistaratu zuten denen artean, haren erdigunea osatzen zuen pertsona gogoratzeko. Sortzailearen argazki handi batek gobernatu zuen aretoa agertoki atzealdeko pantailatik, eta 30 sortzaile baino gehiago batu ziren hiru orduko emanaldia eskaintzeko. Saioaren gidari lanetan aritu zen Miren Gaztañaga aktore eta abeslariak laburbildu zuen atzoko bilkuraren muina: “Hau da Iñi-k bildu zuen maitasuna eta miresmena”.
Iñigo Muguruza oraindik bizirik zegoela, duela hiru urte, Irunen (Gipuzkoa) bere urtebetetzea ospatzeko antzeko bilkura bat antolatu zuela gogoratu zuen atzo Jabier Muguruza Joxe Ripiauko taldekide eta anaiak. Harekin ibilitako taldekide guztiak gonbidatu zituen. “Kalkulatzen dut izango ginela 70 edo 80 gonbidatu, eta zitatu gintuen guztiok Pizza Willin, Irungo lokal ñimiño batean, estu-estu jarrita ere lekua izango duena lau katu flakorentzako. Baina ordukoan ere alde izan zuen zortea, eta abendua izan arren, ez zigun euririk egin, eta han ibili ginen biribilketa alaian, guztiok eskuan pizza puskekin”. Malkoen eta irribarrearen artean balantzaka joan ziren Jabier Muguruzaren azalpenak. Barre publikoak tarteka. Txaloak ere bai, unerik hunkigarrienetan, eta dantzan aretoa emanaldiko amaierako abestietan.
Delirium Tremens berriro oholtzan
Martxel Mariskal idazleak ekitaldirako idatzitako testuaren irakurketak abiatu zuen emanaldia. “Zurekin batera ordea, dasta ahal izan dut sormenaren bidezidorra, edertasunaren gozoa, animaleko laguntasuna (…). Gorputz kaltetuen iraultza iristear da, gida gaitzala zure adoreak”. Xabier Lopez, Karlos Osinaga eta S. Noain musikariek jarri zioten musika haren hitzei, eta bata bestearen ostean agertuz joan ziren oholtzara gero gainerako talde guztiak. Hiru Leike izan zen Muguruzak hil aurretik sortu zuen azken taldea, eta hango kideak izan ziren oholtzara igotzen lehenak.
Lau abesti eskaini zituzten Sagarroi taldeko kideek, hiru Lurra taldekoek. Eta arreta berezia piztu zuen emanaldirako propio berriz elkartutako Delirium Tremens taldearen saioak. Lau abesti jo zituzten hirukote formatuan, eta Iñigoren familiari aipamen berezia egin zioten abesti eta abesti arteko tarteetako batean. Joxe Ripiauko kideak abesti bakarra jotzeko igo ziren oholtzara, baina Iñigoren ahotsa ez estaltzea erabaki zuten. Horretarako, “Cumbia Sol Minor’en” abestiaren letrak zituzten orriak banatu zizkioten jendeari, eta ikusleak izan ziren ahotsa jarri zutenak.
Antzokia dantzan
Negu Gorriak taldearekin lehertu zen festa. “Radio Rahim” abestiaren gitarra riffa nahikoa izan zen publikoa berotzeko. Eta gero etorri ziren “B.S.O.” eta “Ez dut ezer esan nahi”. Fermin Muguruza taldekide eta anaiak ere, hunkiturik, esker ona azaldu zion Iñigo Muguruzari egindako guztiagatik. “Bere hutsunea handia ez, itzela da, baina bihotzean daramagu, eta, horregatik, Iñigo jada hilezkorra da”. Eta orduan jo zuten Iñigo Muguruzak konposatutako “Itxoiten” abestia. Hark grabatutako gitarraren sanplerra baliatu zuten, gainera, jadanik haien artean ez dagoen taldekidea haien artean sentitzeko. Eta “Gora Herria” jo zuten, azkenik, haien tartea ixteko. “Gora herria, gora Iñigo!”.
Alaia eta festa girokoa izan zen omenaldia orohar, baina une introspektiboago batzuekin, eta Jabier Muguruzak mikrofonoan kontatutako pasadizoak laburbildu dezake argien bi atmosfera horien arteko tentsioa. “Sarreran egokitu naiz aspaldiko ezagun batekin, eta bota dit tupustean: ‘Zer, Jabier, gaur fieston’. Eta hala erantzun diot: ‘zuk ez dakit, ni dolua egiten ari naiz’”. Eta txalo publikoak Iñigo Muguruzaren gertukoei babesa adierazteko. Behin baino gehiagotan nabarmendu zuten lagunek eta taldekideek haren sentsibilitate berezia, eta horren froga modura aipatu zuten Karmele Jaio idazleak, bere azken nobelan, Aitaren etxea liburuan, hari egindako eskaintza ere. “Iñigo Muguruzari. Gizon berri guztiei”.
Beste esparruetan ere dantzan
Iñigo Muguruzaren sormena ez zen musikara mugatu, ordea. Antzezlana ere osatu zuen, esaterako, Martxel Mariskalen Me llamo Ezequiel y así será simpre izeneko eleberria oinarri hartuta, eta Antzerkiola Imaginarioko kide ziren Ander Lipus eta Miren Gaztañagarekin. Eta Muguruzaren alde hori ere erakutsi zuten agertokian atzo, antzezlan haren pasarte batzuk irakurri baitzituzten Lipusek eta Gaztañagak, Asier Ituartea musikariaren laguntzaz. Lipusek egin zuen deskribapena, testuarekin hasi aurretik: “Iñigo musikari izateaz aparte, beste sentsibilitate berezi bat ere bazeukan, eta beste esparru batzuetan ere mugitzen zen ta dantzatzen zen”.
Iñigo Muguruzaren familia ere izan zen ekitaldian, bikotea eta bi alabak, gurasoak, haren gertuko jendea, eta baita hamaika euskal musikari eta sortzaile ere. Bideo bat ere proiektatu zuten Iñigoren irudiekin, eta txalo zaparradaz hartu zuen publikoak. Estudioan. Kontzertuetan. Gazte. Lagunekin. Gaixotu ostean. Gitarrarekin. Berriz estudioan. Bromaren bat egiten. Testu labur bat amaieran: “Mila esker, Iñigo”. Eta txalo berriz jendeak.
Agur ederra, tanta tristeekin
Iñigo Muguruzak 1984ean Mattin Sorzabalberekin eta Fermin Muguruza anaiarekin sortutako Kortatu taldearen abestiekin amaitu zen omenaldia. Arrasateko Deskontrol taldeak lagunduta igo zen oholtzara Fermin Muguruza, eta zazpi abestiko kontzertu laburra jo zuten elkarrekin. Hildako musikari lagunen zerrenda luzea izan zuen gogoan abeslariak, tartean, eta Sarri-Sarri abestiarekin amaitu zuen dantzan Kafe Antzoki osoak. Txalo zaparrada. Besarkadak. Eta silaba bakoitza markatuz esker on oihuak publikoak: “I-ñi-go, I-ñi-go”.
Despedida bat, beraz, ederra, tanta triste batzuekin.
1 IRUZKIN