Musika

Infernurainoko sustraiak ditu

Infernuko hauspoa dela esanez debekatu zuen Elizak trikitia XIX. mende amaieran. Jasotako erantzuna, baina, ez zen esperotakoa izan: denbora laburrean leku garrantzitsua hartu zuen, eta berehala errotu zen euskal gizartean. Orduz geroztik, bide oparoa egin du, eta, garaiak aldatuz joan diren modu berean, trikitiak berak ere bilakaera nabarmena izan du. Izan ere, Juan Mari Beltran musikariak zioen moduan, «ez bada aldatzen, ez da mantentzen, eta ez bada mantentzen, hil egiten da». Egun, musika estilo gehienetara zabalduta dago, eta musika eskoletan ere ikasle gehienek dituzten musika tresnetako bat da.

Raul Bogajo / Foku

Neomak taldearen kontzertu bat, Durangon (Bizkaia). (Raul Bogajo / Foku)

Zehazki, 2016. urtean egin zuen azken kontaketa Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak. Bi ondorio nagusi atera zituzten orduan, Andoitz Antzizar elkarteko idazkariak kontatu duenez: «Batetik, guk uste baino ikasle gehiago zeuden trikitia ikasten; eta, bestetik, emakumezkoak nabarmen gehiago ziren: bi heren inguru». 2015-2016ko ikasturteko trikiti eta pandero ikasleak gehituta, 3.845 izan ziren guztira Euskal Herrian; trikitia ikasi zutenak, ordea, pandero ikasleak halako bi baino gehiago izan ziren: 2.608. Ordutik, egoera ez da askorik aldatu, elkarteko kidearen arabera: «Gitarrarekin eta pianoarekin batera, ikasle gehien duen musika tresnetako bat da». Horrez gainera, ikasleen artean «goranzko joera bat» ere antzeman daitekeela iruditzen zaio: «Ez da oso nabarmena, baina, leku askotan, irakasle falta dago».

Ikasle kopuruak erakusten du «presentzia» duela oraindik ere trikitiak euskal gizartean. «Ba al dago plazarik trikitirik gabe, ala?», bota du Antzizarrek: «Bazter guztietan gaude, kalea gurea da, eta horixe da gure indargunea: herriaren mailan gaudela». Kontua da erabilera «oso konkretua» egiten dela, haren arabera: «Kalerako bai, baina oholtzarako ez dute trikitia aintzat hartzen; badirudi taula gainera igotzeko beste prestigio bat behar dela. Hortxe dago hanka sartzea». Izan ere, Antzizarren iritziz, instrumentu soil bat baino gehiago da: «Trikitia entzun eta soinua ikusten dugu, baina haren atzean hori baino askoz ere gehiago dago: dantza, kantua, euskara…».

Etengabeko berrikuntza

Musikalki, 1990eko hamarkada izan zen trikitiaren olatuaren garaia. Tapiak eta Leturiak trikitiaren berrikuntza bultzatu zuten, eta haien arrastoan sortu ziren musika tresna hori boladan jarri zuten taldeak. Tartean, Gozategi, Alaitz eta Maider, Etzakit eta Maixa eta Ixiar. Azken horretako kide zen Maixa Lizarribar trikitilaria, eta ilusioz oroitzen du sasoi hori: «Oso oroitzapen onak ditut, etortzen zen guztiari esaten genion baietz; gazteak ginen, gogo handia genuen, eta dena egin nahi genuen». Guztira, 11 urtez aritu ziren plazarik plaza, eta 1.150 emanaldi egin zituzten.

Goraldi horri esker, trikitia ireki eta zabaldu egin zela uste du Lizarribarrek: «Ordura arte baserri giroan, herri txikietan… bakarrik entzuten zen trikitia, baina, olatu hari esker, hirietara egin genuen salto, irratietan ere hasi zen entzuten…». Era berean, pozten da, Ixiarrekin batera, emakumeei plazarako bide hori «apur bat» irekitzeagatik: «Gizonezkoen musika tresnatzat hartzen zen trikitia, ez zen neskarik ikusten plazetan, eta, ondorioz, ez zegoen erreferenterik».

Triki-pop formularen arrastoari jarraituz lortu zuen 2016an arrakasta Huntza taldeak ere. Esparru digitaletik abiatuta eta sare sozialek hauspotuta heldu zen Aldapan gora kantua. Egun batetik bestera, milaka ikus-entzule bildu zituen taldeak Youtube plataforman, eta bisita kopuru horrek erakarrita eta irrati formulek sustatuta lortu zuen hedapena talde hasiberriak.

Dagoeneko aste batzuk igaro dira taldeak etenaldi mugagabea iragarri zuela, baina musikari lotuta jarraitzeko asmoa dutela aurreratu zuten taldekideek. Josune Arakistain taldeko abeslari eta trikitilariak, kasurako, Sune proiektua abiatu du: «Asko gustatzen zait elektronika, eta hori trikitiarekin probatzeko gogoa nuen. Bide berriak miatzeko asmoz abiatu nuen proiektua». Trikitia «asko» zabaldu dela uste du musikariak, eta hori aberasgarria dela iruditzen zaio: «Trikitia mugak gainditzen ari da, eta, aurrerantzean ere, gehiago zabalduko da. Horixe espero dut behintzat: zabaldu behar da, aniztasuna eman behar zaio. Tradizioan geratzen baldin bagara, trikitiaren heriotza izango da».

Lizarribar ere bat dator Arakistainekin: «Ohiturak aldatu egin dira, eta dagoenera egokitu behar dugu; ezin gara atzera begira geratu». Era berean, bilakaera «naturala» izan dela uste du: «Garaiak aldatu dira, belaunaldiak ere bai, baita musika kontsumitzeko erak ere». Baina, batez ere, trikitiaren trataeran jarri du arreta: «Normaltasun bat hartzen ari da trikitia, edozein musika tresnak duen trataera bera emanez. Hau da, ikusi da posible dela trikitia beste musika tresna zein estilo batzuekin nahastea, eta hori oso aberasgarria da».

Transmisioaz kezkatuta

«Trikitia osasunez beti egon izan da ondo», gaineratu du Lizarribarrek: «Jende pila bat dago ikasten, kaleetan ere oso presente dago… pisu handia izaten jarraitzen du». Era berean, euskal nortasunean ere «leku garrantzitsua» duela gaineratu du Arakistainek: «Euskal folklorearen parte da».

Egun, trikiti irakasleak dira biak ala biak, eta, Lizarribarren arabera, afizioa sortzea izaten da zailena: «Haurrak 7-8 urte ingururekin hasten dira trikitia jotzen ikasten, baina, musikaz gainera, beste hainbat eskolaz kanpoko ekintzetan parte hartzen dute. 16 urte inguru betetzen dituztenean egoten dira baja gehien: trikitia gustuko duen jendeaz inguratzen badira, jarraitzen dute; adin horretan, inguruak asko eragiten du».

Trikitiaren etorkizuna «bermatuta» dagoela uste du Antzizarrek. Hala ere, beste askoren antzean, globalizazioaren eragina bizi du musika tresna honek ere: «Mundu osoko musikarekin ari gara lehian gaur egun, klik batera dugu dena». Elkarlana da konponbidea, haren ustez: «Denok batera egin behar diogu aurre egoerari: irakasleek, komunikabideek, musika eskolek, senideek, administrazioek… bestela, alferrik galduko da».

Alde horretatik, euskal gizarteak «herren» egiten duela iruditzen zaio Antzizarri: «Guztiok gara herrentasun horren errudun. Hasteko, komunikabideak: trikitiaren presentzia eskasa da, oro har. Trikitia duten talde pila bat daude Euskal Herrian, baina kontua da ez zaiela publizitaterik egiten: badirudi irratian entzuten ez bada ez dela existitzen, eta hori ez da horrela. Oihartzun handiagoa eman behar zaie, eta, trikitiaren alde tradizionalaz gainera, haren abaniko osoa erakutsi behar da. Bestalde, irakasleak, elkartea bera… ere badira zubi lan hori egin behar dutenak».

Lan hori egitea, baina, «zaila» dela aitortu du Lizarribarrek: «Ikasle bakoitzak bere interesak ditu; guk geuk ere momentuan zegoenari soilik begiratzen genion ikasle garaian. Geroago piztu zitzaigun interesa, kontzienteago ginenean, eta ez ikasten ari ginen unean. Transmisio lan hori egitea ez da erraza». Aurrera begira, beraz, «transmisioa eta hedapena» dira, besteak beste, Euskal Herriko Trikitixa Elkartearen erronka nagusiak: «Garrantzitsua da nondik gatozen jakitea; beraz, ondarea biltzea gakoa da: ondo biltzea, ondo katalogatzea, eta, gerora, gizarteari ematea».

ETIKETAK:Josune ArakistainMaixa LizarribarTrikitia