2016.01.17
Zifren jolas bat osa liteke Kudairen lan berriaren harira. Laukotea da, bere ibilbideko bosgarren diskoa kaleratu dute, eta VII jarri diote izenburutzat. Eta arrazoirik badute izenbururako. Bederatzi kantu ditu lanak, eta purgatoriotik infernurako bidaia proposatzen dute, zazpi bekatu eta deabruren bitartez. Lehen kantuak “Ab Purgatorio…” du izenburutzat, eta “…ad Inferna” bederatzigarrenak. Tartean gerra bat eta zazpi deabruak: “Lucifer”, “Mammon”, “Belphegor”, “Asmodeus”, “Leviathan”, “Beelzebub” eta “Aamon”. Kantu bakoitzean, deabru eta istorio bat, eta egungo gizartearen dekadentziaren isla. «Gizarteak bide okerra hartu duelakoan gaude zentzu askotan, eta guda horren bitartez irudikatu dugu egun dugun sentsazioa… ia konturatu gabe, baina gizarte gisa behera goaz, infernura iritsi arte», azaldu du Borja Fernandez Bortx taldeko gitarra jotzaile eta sintetizadoreen arduradunak.
Bortxekin batera, David Heras (Ahotsa), Unai Andueza (bateria) eta Urtzi Olaziregi (baxua) aritu ziren diskoaren grabaketan. Kontzertuekin hasi aurretik, ordea, Olaziregik taldea utzi zuen, eta haren ordez Igor Del Rio sartu da berriki. «Une zailak igaro ditugu azken asteetan, Unai bateria jotzailea gaixo egon baita, baina azkenean osatu da, eta baxu jotzaile berria ere badugu». Eta zuzenean jotzeko irrikaz daude gainera, besteak beste, orain arteko «diskorik onena» egin dutela argi dutelako: «Zuzenekoetan jendearengana iristea oso garrantzitsua da eta, hori dela eta, ahalegin handia egin dugu gure zuzenekoetan alde bisuala gehiago jorratzeko. Kontzertuetarako prestatu ditugun argiak, keak eta proiekzioekin ilusioz beteta gaude berriz ere». Gaur izango du zuzeneko ikusgarri horietako bat erakusteko aukera, Barakaldoko Edaska aretoan (21:00etan).
Metal industriala sendotuz
Grabazio, nahasketa eta masterizazio lanak 2015eko urtarrilean egin zituzten Espartza-Galarko (Nafarroa) Sonido XXI estudioetan, aurreko lan guztiak bezala, Javi San Martinek gidatuta. Hamabi urte igaro dira Hutsa (2004) lehen diskoa grabatu zutenetik. Orduko hura eta ondorengoak —Arima eroslea (2006), Shat Mat (2009) eta Harezko dorreak (2013)— autoekoitziak izan dira, eta baita azken hau ere. Eurek egiten dutena metalaren esparru zabalean sartzen dute, baina kantu batzuk gehiago lerratzen dira metal industrialera eta beste batzuk thrash metalera, esaterako. Inaxio Esnaola Aranzadi musika kritikoak oraintsu idatzi duenez, laukoteak «dimentsio propioa» eman dio metal industrialari, eta «melodiak indartu eta abesti zuzenagoak» egin dituzte. «Taldean eragin desberdinak ditugu, eta gehienak metal mundukoak dira: gaur egun Devin Townsend, Lamb of God edo Trivium; eta lehenago Fear Factory, Iron Maiden edo Ekon. Baina taldean denetik entzuten dugu: rock, pop, klasikoa… Bakoitza mundu bat gara», zehaztu du Bortxek. Estiloaz harago, oso argi dutena da, letra zuzenak baino nahiago dituztela iradokitzaileak: «Beti dotoreagoa iruditu zaigu gure ideiak edo deskribatu nahi duguna metaforen bidez kontatzea, entzuleak bere interpretazioa propioa egin dezan. Gauzak esplizituki esatea ez dator bat gurekin».
(Berria egunkarian, 2016ko urtarrilaren 16an argitaratutako artikulua)