Musika

Iluntasunetik, baina gozatuz

Joseba Gereduz eta Gaizka Aretxagak osatzen dute G.A.Z LIMBO. Biek eskarmentua dute musika munduan, aurretik Pornox taldean elkarrekin aritu ziren, eta gaur egun beste proiektu batzuetan ere ari dira. Pasioz hitz egiten dute, eta pasio horren isla dira 2020an argitaratu dituzten lan guztiak. “Deathorkizuna martxorako prest genuen, baina konfinamenduaren kontuarekin beranduago argitaratzea erabaki genuen, irteera hobe bat eman ahalko geniokeen egoera baten zain”, dio Joseba Gereduzek. Hala, berrogeialdian zehar beste lau EP —Limboys (Dumb Boys taldearekin partekatua), 19/7, G.A.A.Z eta Hartu eta emon edo emon eta hartubez?— argitaratu dituzte plataforma digitaletan, guztiak hilabete berezi hauetan sortuak. Egoera egonkortzen hasi zenean, Deathorkizuna kaleratzeko prestatzen hasi ziren, eta azkenean iraila arte itxaron dute. Ez dute euskarri fisikorik erabili, kontzertuak emateko ezintasunaren aurrean zail ikusten baitute diskoak saltzea: “ez dugu 500 kopia eduki nahi entsegu lokalean”, azpimarratu du Gaizka Aretxagak.

GAZ Limbo 2020

G.A.Z Limbo trap bikotea, Lekeitiotik (Bizkaia).

Hala ere, pozik daude egin duten lanarekin. “Lehen diskoa [Buruaz beste, 2019] ordura arte sortuak genituen abestien bilduma antzeko bat zen; oraingo honetan kontzeptu bat aukeratu eta horren inguruan landu dugu, helburu batetik abiatu gara”, dio Josebak. Diskoa barnebiltzen duen ideia deabruarena da. Josebak oso gustuko du izaki mitologiko honen gaineko kontuak irakurtzea, “deabruari egozten zaizkion ezaugarriak pertsonengan islatzen saiatu naiz abestietan”. Horretarako lekitxarra erabiltzen du; aurretik izan beste taldeetan euskara batuaz abestu izan du, baina lekitxarrez emankorragoa zaiola uste du, “aukera gehiago ditut errimak eta hitz jolasak egiteko”. Ideiaren bat eduki eta idazten hasten da, hainbat hitzen zirriborroak biltzen ditu, eta ondoren Gaizkak ematen dizkion doinuetara egokitzen ditu. “Ez gara luzatzen, asko korapilatzen bada kantua alboratzen dugu eta kitto”, laburbildu du Josebak. Azken ideia honek taldearen filosofia nagusira garamatza: “gozatzeko sortzen dugu”.

“Gero eta hobeto dakigu musika egiten, eta aurrerago ere islatuko da gure soinuan. Izan ditzakegu sormen arazoak baina kalitatean hobera goaz”

Horrek ez du esan nahi arinkerian erortzen direnik. Biak Andoainen soinu teknikari ikasketak egiten ari dira, eta disko berrian hautematen dela uste dute. “Hasiera batean Youtubeko tutorialetan oinarritzen ginen musika egiteko; gaur egun askoz programa hobeak baliatzen ditugu eta ikasi dugu”, azaldu du Gaizkak, “gero eta hobeto dakigu musika egiten, eta aurrerago ere hobetzen joango gara eta islatuko da gure soinuan. Izan ditzakegu sormen arazoak, freskotasun falta, baina kalitatean hobera goaz”, gaineratu du Josebak. Estiloari dagokionez lehen diskoaren antzera jarraitzen dute, trap iluna, baina tartekatu dituzte beste xehetasun batzuk. Hala, “Dai Sha” abestiak musika beltzaren ukituak ditu eta “Sinister” edota “Pauzuz vs Lamasthu”-k dantza egitera bultza dezakete nonor. Dena den, argi dute ez direla publiko zabal batentzako taldea, eta eszenak betiko taldeak programatzen jarraitzen badu haiena bezalako proiektuei gutxi laguntzen zaiela uste dute. Hala ere, eta hemen taldearen beste ideia nagusi batera iristen gara, haiek nahi dutena egin egiten dute, gutxi pentsatuz besteei gustatuko ote zaien edo ez.

Etorkizunari buruz galdetuta Deathorkizuna da bikotearen erantzuna. Normaltasun berrian egiten ari diren kontzertuen formatuak ez ditu konbentzitu, eta denbora batean ez dute zuzeneko emankizunik aurreikusten. “Gure kontzertuetan bilatzen dugun hartu-emana ez dugu posible ikusten gaur egun”, dio Gaizkak. Horrez gain, itxialdiko sormen prozesuan etenaldi bat egin dute. “Zurrunbilo oso indartsuan sartuta ginen eta geldialditxo bat egingo dugu orain, ondoren zerbait desberdinari ekiteko”. Berritasun horren arrastoren bat emateko eskatuta, instrumentazioa aipatu du Gaizkak: “Gure inguruan musikari asko ditugu, eta hainbat kanta haiekin grabatzea pentsatzen ari gara”.

ETIKETAK:G.A.Z LimboGaizka AretxagaJoseba GereduzPornox