Musika

Mikel Lizarralde

2019.12.26

Mikel Lizarralde

Iluntasunean, argiaren bila

Elektronika eta rocka. Pilula labur eta zuzenetan. Sega Sound Killers taldea sei kantuko disko labur batekin estreinatu da: Sega Sound Killers (Bonberenea Ekintzak). Elektronikaz mozorroturiko rock disko batekin. Edo, bestela esanda, rock espiritua duen elektronika disko batekin. Azaroan hasi ziren grabazioa zuzenean aurkezten, eta bihar bertan daukate urteko azkeneko emanaldia, Elorrioko (Bizkaia) Arriola kultur gunean.

Orain dela bi urte eta erdi hasi ziren Iñaki Altolagirre Matxet eta Ektz elkarrekin lanean, Sega Sound Killersen hazia izango zena mamitzen. Rock eta pop munduan aritua zen Matxet aurretik —Jousilouli, Naizroxa eta Anai Arrebak—, eta proiektu elektroniko batean ibilia zen Ektz, baina musika elektronikoarekiko zaletasunak batzen zituen biak. Hain zuzen ere, bi mundu horiek, rockarena eta elektronikarena, nolabait elkartzeko modua ere ikusten zuten. Matxet: «Nahiko argi geneukan. Elektronika asko gustatzen zaigu, baina nahi genuen mantendu rockaren alde organiko hori, pultsu hori». Hain zuzen ere, estudioan talde «%100ean elektronikoa» bada ere, zuzenean rock izpirituari eusten dio. Gero batu ziren taldera Eneko Larrañaga eta Eneko Lusar.

Sega Sound Killers

Aurretik hainbat proiektutan ibilitakoak dira Sega Sound Killers taldeko kideak. (Gorka Bravo)

Taldeak ez ditu ezkutatzen bere erreferentzia nagusiak. Prodigy da erreferentzia garbia, The Chemical Brothers ere bai, eta antzeman daitezke haren musikan Daft Punken oihartzunak ere. «Eta asko gustatzen zaigu The Bloody Beetroots ere». Ez da Matxetek musika elektronikoa egiten duen aurreneko aldia, Anai Arrebak taldeak ere bai baitzuen ukitu bat, nahiz eta proiektu hartan new wavearen eta poparen aztarnak nabarmenagoak ziren. «Nik beti esaten dut Sega Sound Killersek zerbait duela aurreko proiektuetatik, baina, era berean, ez duela aurrekoekin zerikusirik. Metala, disco musika eta elektronika biltzen ditu, eta aurretik ibili naizen taldeen ukituren bat izan dezake, baina guztiz ezberdina da era berean».

Diskoan, sintetizadoreez gain, gitarrak eta bateria elektronikoak sartu dituzte, eta zuzenekoetan ere formatu horrekin aritzen dira. Matxetek eta Ektzek sintetizadoreak erabiltzen dituzte, Eneko Larrañagak bateria akustikoa, eta Eneko Lusarrek sintetizadoreak eta gitarrak. Zuzenean «zerbait hibridoa» egiten dute, elektronikotik nahiz organikotik edaten duen proposamen «naturala», Matxeten arabera.

Taldeak orain dela urtebete eman zuen lehen kontzertua, Donostiako San Martin merkatuan, Marga Altolagirrek —Matxeten arrebak— egindako performance baten barruan, eta lehen saio hark taldearen irudia definitzeko ere balio izan zuen: «Blade Runner filmeko merkatua ematen zuen, eta hortik hartu genuen asko gure estetika lantzeko ere». Izan ere, musikariak ez du ezkutatzen taldearen zinema zaletasuna. «Beldurrezko eta fantasiazko pelikulak asko gustatzen zaizkigu, eta nabaritzen da».

“Eman lezake musika iluna dela, baina guk ilusioa aldarrikatu nahi dugu. Adierazi nahi dugu ilusioa eta bizitzeko gogoa inportanteak direla”

Musika nagusiki instrumentala da Sega Sound Killersena, baina hitz edo esaldi solteak ere jaurtitzen ditu Matxetek berak, askotan baten bat behin eta berriro errepikatuz. «Estilo bakoitzak bere ezaugarriak ditu, eta, musika elektronikoan, 90eko hamarkadan, garrantzi handia ematen zioten hitz bati edo esaldi bati, eta mantra bat bezala errepikatzen zuten, indarra emateko horri. Eta horrekin nahi nuen jolastu». Hitzek leku handirik ez duten arren, proiektuaren alde argia nabarmendu nahi du musikariak. «Eman lezake musika iluna dela, baina guk ilusioa aldarrikatu nahi dugu. Gauza ilun asko dago mundu honetan, eta adierazi nahi dugu ilusioa eta bizitzeko gogoa inportanteak direla».

Sega Sound Killersek sei abesti baino ez ditu. Estreinatzeko formatu egokia, Matxeten iritziz. «Atzera begiratu, eta ikusten dut proiektu guztiekin horrela egin dudala. Uste dut egokia dela. Hasieran, pentsatu genuen single batekin estreinatzea, baina, azkenean, EP bat atera da. Baina laburra da, eta adierazten du nondik gatozen eta non gabiltzan».

ETIKETAK:Anai ArrebakBonberenea EkintzakJousilouliNaizroxaSega Sound Killers