Musika

badok

2022.06.09

badok

‘Ikimilikiliklik’ ikuskizunaren zuzeneko grabazioa argitaratu dute

Mikel Laboak eta Joxan eta Jesus Artze anaiek 1975etik 1978ra bitartean hainbat lekutan taularatutako Ikimilikiliklik ikus-entzunezkoaren zuzeneko grabazioa argitaratu du Elkar diskoetxeak. Aipatutako grabazioa Joxan Artzeren etxean aurkitutako material artistikoaren artean zegoen, diskoetxeak azaldu duenez. “Hazbete laurdeneko bobina zaharrak, kaseteak, liburuak, orri solteetan idatzitako poemak… Altxor txiki bat zen. Etxean zeukan, senaren arabera antolatutako kartoizko kaxetan. 2018. urte bukaeran handik jaso eta urtebete egin genuen hura antolatzen eta digitalizatzen. Estudiora eraman genituen bobinetako bat bereziki deigarria iruditu zitzaigun. Kaxan, “Ikimilikiliklik” hitza boligrafoz idatzita ageri zen. Entzun genuen lehena izan zen, behin eta berriz entzun ere. Eta gure interesa zeharo justifikatuta zegoen. Oso kalitate oneko grabazioa zen”.

1975. eta 1976. urteen artean egindako grabazioa da Elkarrek orain CD bikoitzeko formatuan argitaratu duena —LP bikoitza udazkenean helduko da—. Izan ere, Laboak abesten duen “Izarren hautsa” abestiaren bertsioa biribildu gabe dago eta bukaerako zati instrumentalik gabe, Laboak 75-76an kantatzen zuen bezalaxe. Xabier Montoiak idatzi dio hitzaurrea Elkarren argitalpenari.

Ikimilikiliklik 1975eko apirilean Algortan estreinatu eta 1978an oholtzaratu zen azkenengo aldiz, Parisen, amnistiaren aldeko jaialdi batean. 1976an Veneziako Biurtekoan Euskadi ordezkatu zuten ikuskizunetako bat izan zen. Euskal Herriko hainbat herritan taularatu zen, baita Madrilen, Valladoliden eta beste zenbait lekutan ere. Ikuskizun abangoardista eta berritzailea izan zen, garai hartako erresistentzia kultural eta politikoaren isla.

Ikuskizunren muntaia Joxan Artzeren lana izan zen. Mikel Laboak kantu tradizionalak abestu zituen, baina autore garaikideen testuak ere musikatu zituen; zehatz-mehatz, Artzeren beraren zazpi poema, Xabier Leteren bi eta Bertolt Brecht-en bat. Bi pieza esperimental eta instrumental bat ere gehitu zituen. Halaber, ikuskizun hartan Artze anaien txalaparta-soinuak entzuten ziren, baita Joxan Artzeren beste poema batzuk ere, berak zuzenean errezitatuak edo ikus-entzunezkoetan proiektatuak, grabazioan ageri bezala. Ikimilikiliklik grabazio honen soinu-teknikari eta egilea Jose Luis Zabala izan zen; argi-teknikaria, berriz, Bixente Karda. Jose Luis Zumetak margotu zituen programetan edo proiekzioetan ikusten ziren txoriak, esaterako, “Gernika”-n.

ETIKETAK:Artze anaiakElkarJexux ArtzeJoxea ArtzeMikel LaboaXabier Montoia