Musika

badok

2019.09.17

badok

Iker Martinezen kanta eta bideoklip berria aurkeztu dugu

Iker Martinez musikari oñatiarrak irailaren 26an argitaratuko du bere bigarren diskoa. Lurralde berriak du izenburu eta bertatik ateratako lehen singlearen bideoklipa aurkeztu dugu gaur. “Eguzki bat tatuatu” abestiak “garena lasai izan eta erakustearen inguruan hitz egiten du”, azaldu du Martinezek. Bideoklipa osatzeko Martinezen haurtzaroko familia-irudiak erabili dituzte, “segur aski haurtzaroa baita hori lasaien egiten dugun garaia”, eta hainbat margorekin jolas egin dute, “geure buruei ezartzen dizkiegun geruzen metafora gisa”.

Latzen taldean ezagutu genuen Iker Martinez, 90eko hamarkadan. Geroago hainbat taldetan aritu da —Potemkin, Amonal eta azkena Lenao—, baina 2017an bakarka plazarartu zen Itzalen mundua diskoarekin. Americana delako estilora lerraturiko sei abesti intimista eta akustiko biltzen zituen estreinako lan hark. Bigarren disko honetan, berriz, soinu biltegian arakatu du egileak eta izenburuko lurralde berrietan murgildu da.

Oñatiko hainbat musikarik sortutako Almehuna zigiluak argitaratuko du Iker Martinezen diskoa.

ETIKETAK:AlmehunaAmonalIker MartinezLatzenLenaoOñatiPotemkin