Musika

Jon Eskisabel

2015.02.18

Jon Eskisabel

Iker Laurobaren zeru puska

Bere abizena daraman taldeak hirugarren eta oraingoz azken diskoa —Iglu bat basamortuan (Oihuka, 2012)— kaleratu zuenetik igarotako denboraren zati handi bat bakarkako lehen diskoa konposatzen eta grabatzen eman du Iker Lauroba donostiarrak. 2013ko martxoan hasi zen Zeru tolesgarria grabatzen Beasaingo Pottoko estudioan, eta bi urte geroago diskoa amaitzear dagoela iragarri du. Udaberrian argitaratzeko asmoa du, eta seguruenik bere kasa egingo du. “Mimo handiarekin ari gara egiten dena, eta guztia nire esku egotea nahiko nuke”, adierazi du.

Iker Lauroba-2

Iker Lauroba abeslari donostiarra.

Guztira 20 musikaritik gora igaro dira Fredi Pelaez soinu teknikariaren estudiotik, eta diskoko zenbait kantu hari eta haize moldaketekin osatuz joan dira. Beste batzuk berriz, sortu ziren bezala gelditu dira, gitarra eta ahotsarekin bakarrik. Haatik, kantu gehienetan lau musikarik lagundu diote Laurobari: Juanma Urriza (bateria; Ze Esatek! taldekoa), Tana Santana (baxua eta kontrabaxua), Beñat Barandiaran (gitarra; Tenpora taldekoa) eta Fredi Pelaez bera (hammond organoa, pianoa eta moldaketak). Horrez gain, Pello Ramirezek biolontxeloarekin parte hartu du abesti batean, ahotsetan hiru kolaboratzaile izan ditu Laurobak —Leire Berasaluze (Lain taldekoa), Fariba Sheikhan (Leila TheNuit) eta Sara Azurza—, eta Donostiako Musika Eskolako hari orkestrak lau abestitan hartu du parte.

Oraingoz kantu bakarra ezagutzen dugu, bideoklipa eta guzti: diskoaren aurrerapen gisa zabaldutako “Gauza arinen alde”.

Harkaitz Canoren hitzak ditu kanta horrek, baita gainerakoek ere. Izan ere, idazlearen eta kantariaren arteko elkarlan estuaren emaitza dira 14 kantuak. Laurobak etxean grabatutako melodia bakoitzari letra “silabaz silaba” jarri dio Canok. Horren adibide dugu diskoari izenburua ematen dio kantua. Horrela dio letrak:

Na, na
na, na, na….
Patrikan
bi sosez gain
komeni
gauzen artean
gordeta
larrialdi-
zerutxo bat
tolestuta
lauzpabost doblatan edo,
zer gerta ere.

Na, na
na, na, na…
Zerua
tolesgarri,
urdin huts
grisaren kontra
dosi bat,
garbi, garden,
dosi doi bat…
barre egiteko.
Arbela zikinegia
dagoenean
berriz hasteko.

Zeru
pusketa bat,
zeruaren
argazki ez dena.
Soberan
hodei oro,
imitaziorik ez!
Ez onartu zeru apurtua baizik eta,
zeru portatila.
Na, na
na, na, na…
Fotokarnet itxurako
zeru txiki bat.

Horrez gain, Priscila Arandiga artistak ilustrazio bana egin du kanta bakoitzarentzat. Horietako bi dituzu azpian.

priscila lauroba 2

priscila lauroba

Iker Laurobak bakarkako bi emanaldi eskainiko ditu aste honetan: ostegunean Donostiako Alboka tabernan (20:30), eta ostiralean Eibarko Beleko tabernan (23:30). Bietan Oso Fan bakarlariarekin ariko da. Giorgio Bassmattiren euskarazko alter-egoa da Oso Fan, eta honek ere EP bat kaleratuko du laster.

Bitartean, Lauroba taldea kantu berriak prestatzen ari da, udazkenean laugarren diskoa kaleratze aldera.

ETIKETAK:Iker LaurobaLauroba