Musika

Kepa Matxain

2014.10.02

Kepa Matxain

“Ikasi, egiten ikasten da”

Urtero, 2010az geroztik, euskarazko kantu bana egiten dute Lehen Hezkuntzako 5. mailako 50 bat haur italiarrek, Euskanta proiektuari eskerrak. Associazione Culturale Euskara elkarteak (ACE) bultzaturik eta Alex Mendizabalek (Donostia, 1961) gidaturik, euskara ikastaro moduan hasi zuten egitasmoa. Asmoa, argia: haurrak euskal musikari bihurtzea, ez prozesu baten ondoren, proiektuaren abiapuntutik bertatik baizik.

Euskanta

Aski kontu erraza da Euskanta zer den azaltzea. Lehenik, haurrek poema bana idazten dute italieraz, eta Mendizabalek euskaratu egiten ditu. Segidan, musika tresna bana hautatu, eta hura joaz, zati instrumentalak grabatzen dituzte umeek. Amaitzeko, ahots doinuak inprobisatzen dituzte zati instrumentalaren gainean, euskaratutako poemetako hitzak baliatuz. Mendizabalen ustez, erraztasun horretan datza proiektuaren gakoa. “Kantuak eta poesia ederrak dira egiteko errazak direlako. Hain dira errazak, ezen jende gutxik egiten baititu, eta jende horri deitzen baitzaio kantari, poeta, artista, eta gisako izenez”. Sortzaile hitza, aldiz, arrotz samarra egiten zaio. “Sorkuntzan baino gehiago, transformazioan sinesten dut. Sorkuntzan fededunek sinesten dute, eta ni fededun izan naiteke, baina ez dut big bang horretan sinesten”.

Mendizabalen irudiko, musika oso metodo eraginkorra izan daiteke hizkuntzak ikasterakoan, besteak beste, ezaugarri nemoniko oso bereziak dauzkalako. Hizkuntza arrotz bateko hitz edo esaldi bat gogoratzea puskaz errazago gertatzen da doinu bat erantsiz gero, “zer esanik ez hitz eta musika horiek norberak idatzi, konposatu, jo eta grabatu baditu”. Aitortzen du, hori bai, kantua dela garrantzitsuena Euskantan, eta euskara bigarren plano batean gelditzen dela. Itzalera igarotzeak baditu bere abantailak, ordea. “Gauzak ikasteko modu asko dauden arren, ikasi nahi dena fokuaren erdigunean ez jartzeak asko laguntzen du”. Film komertzialetan musikak betetzen duen funtzioa gogoratu du adibide gisara. “Jendeak normalean ez dio kasurik egiten, eta hain justu ere horregatik du musikak gure sentimenduak kontrolatzeko halako ahalmena”.

Alex Mendizabal: “Kantuak eta poesia ederrak dira egiteko errazak direlako. Hain dira errazak, ezen jende gutxik egiten baititu”

Ikastetxeetan musika irakasteko dagoen ereduaz galdetuta, Mendizabalek uste du heziketa erraz bilakatu daitekeela hesiketa. “Ikasi, egiten ikasten da”, dio. Musika lengoaiaz harago, partitura eta instrumentuetatik landa, musikan murgiltzeko moduak askotarikoak izan daitezkeela uste du. “Soinu paisaia kontuetan, esaterako, amaitezinak dira gozatzeko, ikasteko, probatzeko eta entzuteko erak”. Nolanahi ere, Euskantak ez du eskoletako heziketa ereduaren osagarri izateko bokaziorik. “Euskantak ez du deus bete nahi”.

Harreman gazi-gozoak
Mendizabalek bakarrik ekin zion Euskantari orain lau urte, nahiz eta laster Marcello Liberato batu zitzaion. Geroztik, urtean lau hilabetez aritzen dira biak buru-belarri lanean, Erromako hainbat ikastetxetako haurrekin. Urteotan “egoera bitxiak” sortu direla iruditzen zaio Mendizabali, eta euskararekin oso interes berezia piztu zaiela haurrei, senitartekoei eta baita irakasleei ere. Iaz aurreneko aldiz egin zuten helduekin aproba: lehendabizi irakasleekin eta ondoren UPTER Unibertsitateko Euskal Kultura ikastaroko partaideekin. Eta gerora gustatuko litzaioke are jende gehiagorengana iristea. Esaterako, Euskal Herrira ailegatu berri diren etorkinekin egiteko ariketa oso polita iruditzen zaio.

Proiektuak jarrai dezan, ordea, beharrezkoa du erakundeen laguntza, eta kontu horietan esperientzia gazi-gozoak izan ditu Mendizabalek. Esker oneko da HABEren Euskara Munduan proiektuarekin, beti “lagun eta hurbil” izan dituelako. Aldiz, Etxepare Institutuarentzat ez du hitz onik. Hura da, bere aburuz, aurten UPTER Euskal Sailak diru laguntzarik jaso ez izanaren errudun, Italian euskararen alde lan eskerga egin arren. Haserre mintzo da Mendizabal: “Etxepareren kultur politika zentralizatzaile burokratikoa salagarria da. Noizko institutuari buruzko eztabaida zabal bat? Denbora eta baliabide ikaragarriak galtzen ari gara”.

ETIKETAK:Euskanta