Musika

Mikel Lizarralde

2021.04.11

Mikel Lizarralde

“Ideia batek hunkitzen banau, saiatuko naiz kantu bihurtzen”

Don Inorrez bihurtu zen, eta esku hutsik dator oraingoan. Ezer ez izateari eta edukitzeari buruzko txantxa bat izan zitekeen, baina musika munduak bizi izan duen urtea kontuan izanda, Imanol Ubedak (Tolosa, Gipuzkoa, 1973) bere buruari nahiz jarraitzaileei egin dien keinua ere izan daiteke Don Inorrez proiektuaren bigarren diskoari Esku hutsik izenburua jarri izana. «Lehen Don Inorrez, eta orain, gainera, esku hutsik! Izenburura eraman dugu, adierazten duelako nola bizi ditugun garai hauek».

Imanol Ubeda / Don Inorrez

Imanol Ubeda kantari eta musikaria. (Jagoba Manterola / Foku)

Plurala darabil Ubedak, Karlos Aranzegi bateria jotzailea izan duelako lagun eta bidaide Don Inorrezen hasiera-hasieratik. Bide Ertzean taldean ere elkarrekin aritu ziren hemezortzi urtez, eta, proiektu hura etetea erabaki zutenean ere, elkarren eskutik jarraitu zuten. Iragana ahaztu gabe, baina «azalberrituta» aurkeztuko zituen proposamen berri batekin. «Bide Ertzean-en motxila astuna zen, eta, hedabideen nahiz zaleen aurrean, gu, Karlos eta biok, Bide Ertzean-ekoak ginen». Horri ihes egin nahi zioten, beren izaerari uko egin gabe. «Batez ere soinu aldetik aldendu nahi genuen Bide Ertzean-etik, jakinda, halere, garai hauetan, asmatu, ez dugula ezer asmatuko»

Mugiro bila izan zen proiektu berriaren aurreneko emaitza: Paco Loco ekoizle espainiarrarekin grabatu zuten, eta Ubedaren sen melodikoari eutsita ere, Bide Ertzeanenak baino gitarra zorrotzagoak azaleratzen zituena. Abeslari eta gitarristak argi du Don Inorrez abian jarri zutenean power-poperako bira egin nahi zutela, eta horretan ezinbestekoa izan zela Paco Locoren ekarpena: «Hark eman zion taldeari gorpuzkera bat, sonoritate bat. Ohartu ginen posible zela, Bide Ertzean atzean utzita ere, gu geu izaten jarraitzea».

Hiru urte geroago iritsi da Esku hutsik (Lizarbakar, 2021), Don Inorrez-en aldeko apustua «sendotzera» datorren bigarren lan luzea. Horregatik jo dute berriro «aurreko iturrira», Paco Locorengana alegia, kantu berriekin bada ere, lehen disko harekin hasitako bidean arakatu nahi zutelako. Hausturarik gabe. «Beti saiatzen gara beste zerbait eskaintzen, baina aurreko diskoko pertsona eta musikari berberak gara. Esku artean dugun kanta horren bila goaz egunerokoan; ez hainbeste aurrekotik aldentzera».

Mugiro bila-ren jarraipena izanda ere, Esku hutsik ez da hori bakarrik. Batetik, diskoak berak molde ezberdinetako kantuak biltzen dituelako —pop indartsua, tempo ertainak, giro psikodelikoagoak—, eta, bestetik, orain arte hain agerikoak ez ziren rock-and-rollaren zantzuak ere antzeman daitezkeelako pare bat piezatan (“Izan liteke” eta “Chuck eta Little”). «Ez naiz ni egokiena diskoa epaitzeko, baina badira aldaketa objektibo batzuk. Bi kantu horiek rock-and-rollera hurbiltzen dira, baina, jakina, gure pop estilotik. Jo genezakeen rock-and-roll klasiko horretara, baina berehala konturatu ginen hori ez dela gure eremu naturala, eta galtzeko gehiago genuela irabazteko baino». Bi kantuok badute «antigoaleko oihartzun bat», baina «gaurko zelofanezko paper batek» bilduak ageri dira diskoan.

«Gurea oso sinplea da», aitortu du Ubedak. «Gure kantuak sinpleak eta melodikoak dira, eta noise ukitu bat bilatzen diegu askotan, estetika gitarrazale bat. Badakigu ez gabiltzala ezer asmatzen». Sinplea izanik ere, poparen funtsezko elementu bati erreparatzen dio musikariak kantuak entzun nahiz sortzean: emozioari. «Ideia batek hunkitu egin behar nau. Eta ideia batek hunkitzen banau, saiatuko naiz lantzen, eta ideia hori kantu bihurtzen». Nolanahi ere, «gehienetan» ez duela asmatzen dio Ubedak. «Ideia bat duzu buruan, eta denborarekin konturatzen zara aurretik eginda zenuela edo ez zela hain ideia ona. Eta eskerrak! Ideia guztiak ez baitira onak». Beste artista batzuengan ere hori bilatzen du, «hunkitzea, barrua harrapatzea», eta kantu jakin bat «etengabe» entzuteko gogoa izatea. «Musikan, oso inportantea da osagai emozionala».

Ubedak onartu du kantu bat idaztea ez dela erraza. «Niretzat ez da inoiz erraza izan». Eta hala ere, gustuko jarduna du, poz txiki eta handiak ematen dizkiona. «Kantu bat amaitzean sentitzen duzun poztasuna… gauza gutxi egongo dira hain politak. Agian poztasun horrek gutxi iraungo du, baina kantu bat bukatzeak asko asebetetzen du».

Pandemiaren eraginpean

Iazko otsailean deitu zion Ubedak Paco Locori, bospasei kantu idatziak zituela esan eta diskoa grabatzeko udan edo udazkenean tarteren bat izango zuen galdetzeko. «Baina hilabetera pandemia iritsi eta dena gelditu zen. Gainera, itxialdi garaian, erabat blokeatuta gelditu nintzen, ezin ezer idatzirik». Maiatz-ekainetan beste bizpahiru kantu ondu zituen, eta uztailean jaso zuen ekoizlearen deia. Abuztuaren amaieran izango zituen egun batzuk libre. «Tarte oso laburrean borobildu genituen kantuak. Disko honek, horregatik, badu urgentziaren aire bat. Badira sortu ahala grabatu ditugun kantu batzuk».

«Mamuen antzera gabiltza kalean, maskaren atzean. Lehen bezalaxe bizi nahi nuke, estali gabe» (“Ezpainak ezpainekin”). Pandemiaren oihartzunak ageri dira diskoaren parte batzuetan, baina saiatu dira gaiari, neurri batean bada ere, izkin egiten. «Baditugu pandemia aipatzen duten beste kantu batzuk ere, baina iruditu zitzaigun ezin ginela horretara bakarrik lerratu». Eta, hala ere, Ubedak uste du azken urtean gertatutakoak berarengan eragin handia izan duela. «Gogorra egin zait ezin entseatzea, ezin kontzertuak ikusi eta ematea… konturatu naiz nire egunerokoan uste baino inportanteagoa dela musika».

Lanbidez kazetaria da Ubeda, baina inguruan musikatik bizi diren kide asko ditu, eta ikusi du aurrez ere hari mehe batek eutsita zegoen esparru bat babesik gabe gelditu dela koronabirusagatik. «Lehen ere oso modu prekarioan ari ziren musikariak, baita musikaren ingurukoak ere. Gure proiektua txikia da, baina horren atzean musikari batzuk daude, soinu teknikari bat, komunikazio bulego bat, kontzertuak bideratzen dituztenak… eta horietako asko lanik gabe gelditu dira denbora luzez». Egoerari aurre nola egingo zaion ere ez daki. «Kezkatzen nau ez jakiteak noiz eta nola aterako garen egoera honetatik».

“Gogorra egin zait ezin entseatzea, ezin kontzertuak ikusi eta ematea… konturatu naiz nire egunerokoan uste baino inportanteagoa dela musika”

«Arruntegia top zerrendetan sartzeko, zaharregia gaztetxeetan jotzeko, ikusezin diskoetxe eta managerrentzat, inorrez bat festibalen antolatzaileentzat» (“Barre ala negar”). Mugiro bila-n ageri zen ironia eta auto-parodiarako joera ere azaltzen da Esku hutsik-en. «Autoparodia gauzak hain serio ez hartzeko modu bat da, zeren eta batzuetan horrela begiratu behar baitozu egoerari. Guk disko honetan egin dugun inbertsioa eta bueltan jasoko duguna ikusita… horren aurrean negarti jar zaitezke edo baten bati errua bota, normalean errudunak beste batzuen artean bilatzeko joera dugulako. Baina saiatu gara kiroltasunez hartzen».

Deabruak Teilatuetan, Bide Ertzean, Peiremans, Don Inorrez… Ubedak 1991tik darama musika munduan, eta badaki bolada ezberdinak igaro ditzakeela musikari batek oihartzunari dagokionez. «Ezin gara beti goian egon, edo disko bat atera eta 40 saio egin. Jakin behar da hori onartzen. Gainera, batzuetan ez dugu asmatzen, edo, asmatuta ere, publikoari ez zaio gustatzen egindakoa». Musikariak edozein lan berrirekin zalea konkistatu behar duela deritzo: «Futbolean, talde baten zaleak betirako dira zaleak, baina liburu edo disko batekin beti hasten zara hutsetik».

Rock-and-rollaren aldarria

«Izan liteke ezkerrekoa edo eskuinekoa, edo izan liteke erdikoa. Edo hiruretakoa» (“Izan liteke”). Eugenio Montaleren poema bati tiraka osatutako letrak gizartean zabaldua den kontsentsu nahiaz hitz egiten du, ironia lagun. «Nahi dugu ezkerrekoen eta eskuinekoen onespena izatea, eta, azkenean, ez gaude ez han, ez hemen». Maila politiko edo ideologikotik kanpo ere gertatzen da hori Ubedaren iritziz, esparru estetikoan kasu: «Badirudi beldurra dagoela ‘ni horrelakoa naiz’ esateko, baina, agian, ezin zara hippya eta rockerra izan aldi berean. Denengana iritsi nahi horretan, denon gustukoak izan nahi horretan, ez gara ezer».

Esku hutsik-en bada rockaren aldarri bat baino gehiago: “Barre ala negar”-en rockaren pozoiak kutsatu duela dio Ubedak, eta “Chuck eta Little”-n, Chuck Berry eta Little Richard gogora ekartzeaz gain, gitarra zorrotzen zirrara aipatzen du. «Harritzen nau entzuteak gitarra elektrikoekin konposatzeak ez duela zentzurik gaur egun. Edo rock-and-rolla hilda dagoela esateak… Uste dut Little Richardek egiten zuena eta gaur egiten dena enbor beraren ezpalak direla. Askotan oso modu merkean kritikatzen ditugu garai bateko planteamendu estetikoak, kontuan izan gabe handik gatozela gu ere».

Orain diskoa zuzenean aurkezteko gogoz dago Ubeda, egoera zaila dela jakinda ere, eta begia etorkizunean du jarria. «Ez dut iraganean pentsatzen… burua herenegun izandako ideia horretan dut. Agian zerbait aterako da, agian ez, baina burua hor daukat: hurrengo ideian, hurrengo kantuan, hurrengo proiektuan».

ETIKETAK:Bide ErtzeanDeabruak TeilatuetanDon InorrezImanol UbedaKarlos AranzegiPaco LocoPeiremans+