Musika

badok

2019.01.10

badok

Ibon RGren lehen diskoaren bideoklipa estreinatu dugu

Urtarrilaren 25ean argitaratuko da Hil zara, Ibon RG musikari bizkaitarraren bakarkako lehen diskoa. Hamasei abesti biltzen dituen lan bikoitza da —Hil zara I eta Hil zara II, a cappella grabatutakoa bata eta piano eta ahotsez emandakoa bestea—, eta 10 hazbeteko binilo formatuan argitaratuko du Repetidor zigiluak. A cappella abestutako diskoari hasiera ematen dion kantuaren bideoklipa estreinatu dugu gaur BADOK atarian. Ima Paralux da bideoaren egilea.

Ibon Rodriguezek (Sestao, 1978) bi hamarkada daramatza Euskal Herriko musika eszena independente eta esperimentaleko hainbat proiektutan parte hartzen. Gaur egun, besteak beste, Eten taldeko kidea izateaz gain, ahotsezko inprobisazioa eta elektronika uztartzen dituen Gargara bikotea osatzen du Miguel A. Garciarekin, eta ekoizpen lanak egin ditu Xabier Montoia, Mursego eta Manett taldearentzat.

Musikariak berak azaldu duenez, disko honetako hamasei abestiak a cappella emateko sortuak dira, “baina halako batean, pianora eseri nintzen melodia bat fintzeko, eta tresnak zirriborroetako batzuk zipriztindu zituen”. Hil zara I lau lekutan grabatu du: eremitorio bat, leize bat eta bi bunker; Hil zara II, berriz, Eibarko musika eskolan grabatua dago, piano bakar batekin eta mikrofonoak grabaketa osoan leku berean kokaturik zeudela. Txesus Garate Tzesne arduratu da diskoaren grabazioaz eta ekoizpenaz.

Repetidor kolektiboaren arabera, Ibon RGk “hitz ezin zorrotzagoen jabe, eta subjektibismoari lekua eginez, letra-bilduma gotorra, solemnea eta batez ere, zirraragarria” osatu du lan honetan. “Dimentsio sinboliko horretan, denbora arrazionalizatzen duen gezurra estalgabetu nahi duen kanta bailitzan, kantaria neurritzat darabilgun kalkulua deszifratzeko lanetan aritzen da. Hitzak apuntatu egiten du, seinalatu egiten du eta guk naturan igar dezakegu memoriaren isla, desitxuratua, gure aurrean”, dio zigiluak diskoa aurkezteko zabaldutako testuak. Diskoko hitz guztiak Ibon RGrenak dira, Koldo Izagirreren Baldintza subjektiboak olerkia izan ezik.

Urtarrilaren 25ean Bilboko Xake espazioan aurkeztuko du Ibon RGk disko berria.

ETIKETAK:EtenIbon RGIbon RodriguezMursegoTzesneXabier Montoia