2021.06.08
Uztailaren 2an ikusiko du argia Ibon RG eta Enrike Hurtadok elkarrekin grabatu duten diskoak. oMOrruMU baMAt du izenburu lanak, eta Joxan Artze poeta eta txalapartaria (1939-2018) du abiapuntu. Izan ere, Artzeren omenez Izar & Star zikloaren barruan antolatutako emanaldi batean elkartu ziren bi musikariak, eta elkarlan horretatik sortu da disko hau. Lanari hasiera ematen dion “Edipo berriari” abestiaren bideoklipa estreinatu dugu gaur. Abesti honek Artzeren poesia esperimentala —jatorrizko olerkiko silaba bakoitzaren ondoren M-dun beste silaba bat txertatzen du— eta txalapartaren inprobisazioa eta kontzeptu seriala biltzen ditu.
Ibon RGk azaldu duenez, Artzeren omenaldian parte hartzeko gonbidapena jaso zuenean argi ikusi zuen Usurbilgo (Gipuzkoa) idazleak txalapartari egindako ekarpenari “erreferentzia egin” behar zitzaiola. Hortaz, Enrike Hurtado gonbidatu zuen emanaldian elkarrekin jotzera. “Musika berria sortu genuen: nik kantu itxurako konposizioak –Hil zara diskoaren ildokoak, ahotsa eta pianoarekin–, eta Enrikek txalapartarako berak diseinatutako softwareekin (eta besteekin) bestelako piezak, bi ildoak uztartuz zenbaitetan”. Kantu guztien hitzak Joxan Artzerenak dira.
Repetidor diskoetxeak argitaratuko du oMOrruMU baMAt, LP formatuan eta euskarri digitalean. Ibon RGren Hil zara diskoan bezala, Jon Martin arduratu da diseinuaz eta 24 orrialdeko liburuxka bat osatu du biniloarekin batera banatzeko. Martinen marrazkietako bat baliatu dute Ibon RGk eta Loty Negartik “Edipo berriari” abestiaren bideoklipa egiteko.