2021.09.16
Joxan Artze poeta eta txalapartariaren obran inspiratutako diskoa argitaratu zuten Ibon RG eta Enrike Hurtado musikariek uztailean, oMOrruMU baMAt (Repetidor). Lan hartako “Edipo berriari” lehen singlearen bideoklipa estreinatu genuen orduan, eta gaurkoan beste bideoklip bat aurkezten dizuegu. Lehenengo hura bezala, Loty Negartik sortu du “miran” izeneko piezaren bideoklipa, trenetik hartutako irudiak erabilita. Hain zuzen, treneko kristalaren bestaldean mugimenduan agertzen diren Bizkaiko ezkerraldeko eta meatzaldeko eraikinak erakusten dizkigu Loty Negartiren kamerak.
Ibon RG eta Enrike Hurtadok oMOrruMU baMAt aurkeztuko dute irailaren 23an Bilboko Euskararen Etxean, Hi(ZKI)bridoak. Literatura Mutanteak zikloaren barruan.