2015.03.01
Lan berri bat kaleratuko du Estricallak martxoan, zazpi hazbeteko binilo formatuan. Bost kantuz osaturik dago Hutsartea, eta kantu horietako bat gaur bertan aurkezten dizu Badok atariak.
2009. urtean sortutako hardcore-punk taldeak argitaratzen duen laugarren lana da Hutsartea —Gimnasia revolucionaria (2010), Fuegos olímpicos (2011) eta Triple asalto mortal (2013) publikatu ditu aurretik, baita beste zenbait talderekin (The Capaces, Humilitate…) partekaturiko pare bat EP ere—, baina lehen aldiz euskara lehenetsi du kantuak egiterakoan. Hortaz, hizkuntza horretan abestutakoak dira kanta guztiak, SNFU taldeko Mr Chi Pig-ek sortu eta abestu duena izan ezik. Hauek dira bost kantuen izenburuak:
Biniloaz gain, Ikor Kotx argazkilariak hartutako irudiekin egindako fanzine batek osatuko du Hutsartea. Diskoaren lehen zuzeneko aurkezpena datorren larunbatean, martxoak 6, Ondarroako Beikozini aretoan egingo du Estricallak, Porco Bravo taldearekin batera eskainiko duen kontzertuan.
Fer Apoak (El Corazon del Sapo, Kuraia) eta Kantabriako Kloakao taldeko hiru kidek sortu zuten Estricalla. Aurreko diskoan baina, Hodei Esteban gitarrista (Erantzun, Humilitate…) eta Erik Berganza baxu jotzailea (Hartzak Blues Band) batu ziren taldera. Triple asalto mortal diskoan, Jello Biafraren (Dead Kennedys) kolaborazioa izan zuen Estricallak.